Azkarateko hondakin gunea

Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko api. 19a, 10:47

Azkoitia Bai herri plataformak hilaren 17an udaleko bozeramaile batzordean hitz egindakoaren gainean idatzi du.

Lehendabizi esan behar asko pozten gaituela Udal Gobernutik iritsi zaigun erabakiak: denon oniritziarekin egingo dela aurrera edo bestela bertan behera utziko dutela instalazio honen eraikuntza.

Arau subsidiarioen aldaketa bat eskatzen duela eta aldaketa horietan Azkoitiko Udalak baduela zeresana, aurretik ezetz esan bazen ere. Dena den, arau hauetan aspaldidanik agertzen dela RCD plantak egiteko posibilitatea eta beste alderdiok jakinaren gainean egon behar genukeela gaineratu digute. Alkate jaunak, udaletxean dituen tekniko eta aholkulari denekin, gai hauetan, horrelako okerrak egiteko kapaz bada, pentsa gu bezalako herri plataforma.

Gure taldeak egin dituen ikerketen arabera, Gipuzkoan badira dagoeneko horrelako beste instalazio batzuk ere, Astigarragan, Errenterian, Zaldibian… eta udaletxe hauetan EH Bildu dagoenez agintzen, proposamen bat luzatu diegu: udal horietan EH Bilduk agintzen duenez, hemen ikusi dituzuen arazorik ez duzue ikusten herri horietan? Eta mesedez, herri horietako instalazioak bisitatzeko proposamena egiten dizuegu, ahal den informaziorik zabalena eskuratu dezagun.

Gure herrira amiantoa eta lur kutsatuak ekarriko direla ere aipatu du EH Bilduk, nahiz eta jakin badakiten, Larke 360 enpresak horretarako baimenik ez duela.

Herritarren beldurra eta zalantzak noski direla bidezkoak, baina ezin dugu interes politikoengatik horrelako informazio zabaldu.

Hau dena lehen aldiz prentsan azaldu zenean, guk, dudarik gabe, kontra geundela adierazi genuen. Eta oposizioko bi taldeok eskatuta eta prentsan ordura arte argitaratutakoaren arabera, batzorde horretara kontrako jarrerarekin joan ginen, Zaldibarko eta Oinartxoko akatsak mahaigaineratuz. Irakurri 2016ko Oinartxori buruzko gure artikulua.

Batzorde horretan hitz egindakoa kontutan hartuz eta herriaren kezka baretu nahian, ondoren komunikatu bateratu bat adostu genuen. Baina ez lehen eta ez orain, ez dugu ez aldeko botorik ez kontrakorik eman, eta beti bezala, ahal den heinean, erabakitzeko aukera herritarrengan utziko dugu, horrelako gai garrantzitsu denen aurrean egin izan ohi dugun bezala.

Beraz, interes politikoak alde batera utzi; hau da, gai honekin botoak lortzeari utzi, eta ea herria, denon artean, ondo informatzeko gauza garen eta azken erabakia herri bezala hartzen dugun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide