Mozioak ez zaizkigu axola

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2018ko eka. 29a, 09:22

Badirudi LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio guztiak Azkoitia Bai herri plataformari ez zaizkigula batere axola, 2018-06-27ko udal bilkuran beste alderdi denak mozioaren alde bozkatu zutelako eta gu aldiz abstenitu. Ez gara abstenitu herriko gai zehatz bat ez delako soilik, udal bilkuran arrazoi gehiago ere eman genituen (Azkoitia Bai). Horrelako mozioetan beti abstenitu izan gara, Gure Esku Dago, euskara, emakumeen aurkako diskriminazioa,… eta ez pentsa, gutxienez besteen adina axola zaizkigu gai hauek, baina gure taldea ez duzue aurkituko, urtea behin, beste ezer egin gabe, mozio bat irakurtzen.

 

Azken legealdi honek dagoeneko hiru urte bete ditu eta LGTBI+ hitza Ekainak 27,28 buelta horretan bakarrik entzuten dugu, beste urte osoan ez da aipamenik ere egiten.

Gure ustez alderdi bakoitzeko komunikazio departamentutik lantzen dira ia mozio denak eta alderdi bakoitzak berea irakurtzen du tramitea pasatzeko. Gure taldea ez dago horretarako prest eta nahiago dugu beste era batera jokatu.

Pare bat urtez emakumeen aurkako biolentzia matxista salatu dugu, udal bilkura denetan aipamen bat eginez eta beste alderdi denen elkarlana eskatuz. Denon artean zerbait egin behar genukeela adierazi diogu behin eta berriz  beste alderdiei, batzordeetan gaia jorratu, komunikatu bateratuak aurkeztu,…baina ez dugu erantzun bat bera ere jaso.

Honekin ez dut esan nahi guri gai hau besteei baino gehiago axola zaigunik, beste era batera landu nahi ditugula baizik, guretzat egokiago eta batik bat eraginkorrago litzatekeelako.

Ea mozioen aurrean dugun jarrera garbi azaltzeko gai izan garen eta besterik gabe mozio hauetan esan ohi dugun berdina esango dizuet berriro, edozer gai dela, beti lanerako prest gaudela eta beste alderdi/talde/erakundeekin elkarlanean bada askoz ere hobe.

Batzutan kontrako jarrera erabiltzea ere pentsatu izan dugu, mozioak japoniarrak greba egiten duten erara erabili, hau da, eguneru/astero mozio bat prestatu eta hilero udal bilkuran denak irakurri, emakumearen eguna, arraza diskriminazioarena, uraren eguna, prentsa askatasunaren aldekoa, errefuxiatuena, giza eskubideena, emakumeenganako tratu txarrak gaitzesteko nazioarteko eguna,…Horrela egingo bagenu Azkoitia Bai herri plataforma izango litzateke talde konprometituena?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide