Zer da TASA eta zer ZERGA?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2016ko ira. 29a, 14:20

Urrian hasiko gara Tasa/Zergak finkatzen, eta gure taldeak (Azkoitia Bai) egingo duen proposamena aurkeztera natorkizue, azken urteetan adostutako bi irizpide nagusietan oinarritua .Bi irizpide nagusi hauek duela 10 urte adostutakoak dira, PNV gobernuan zegoen garaian, gero Bildu egon denean ere mantendu izan zena.

TASA

Udalak ordainketa batzuk egin behar izaten ditu, Zabor bilketa eta bere tratamendua Mankomunitateari, etxera iristen zaigun ura Gipuzkoako Urak S.A.-ri… eta gastu hori denon artean ordaintzen dugu. Hori bai, udalak tasetatik ezin du etekinik atera, gastatzen dena baino gehiago ezin da kobratu.

ZERGA

Hemen udalak ez du gastu zuzenik, hau da, udalak ez du aurretik ezer ordaintzen, ez zuk auto bat izateagatik, ez eta zure etxebizitzarengatik… Diru bilketa hau gero herriaren onurarako erabili beharko litzateke, espaloiak konpondu, beharrean daudenei lagundu…

 

Tasetan, ordaindu beharreko gastu bat dago, Mankomunitateari edo Gipuzkoako Urak S.A.–ri, nahi eta nahi ez, ordaindu egin behar zaio, beraz herritarrari, kopuru hau  kobratu beharko genioke.

Baina batzuetan, politikaren onuran, herritarra engainatzera jotzen dela uste dugu. Adibide bat jarriko dizuet:

2017an zaborrarekin gastu bat aurreikusiko da eta gastu hori ordaintzeko zaborraren tasa igo beharko genuke. Baina tasa hau igotzea ez da politikoki ondo ikusten, eta behar bada, pasa den urtean bezala, zerbait igoko dute baina herritarra ez aztoratzeko adina. Pasa den urtean igo zenarekin 340.000 Euroko zuloa aurreikusten zen, %100etik urrun bai geunden.

Baina azken finean diru hori ordaindu beharra dago, eta hor dago gure ikuspuntutik iruzurra. Herritarrak zaborraren fakturari begiratzen dio zerbitzu horregatik ordaintzen duena jakiteko, baina hori ez da egia, aparte beste nonbaitetik ere atera beharko baita falta dena ordaintzeko dirua.

Azkoitia Bai-ren iritzia beraz garbi utzi nahi dugu: Tasa bakoitzean ordaindu beharrekoa ordaintzea , ahal den gehiena %100era arrimatuz, gainditu gabe, herritarrak uneoro dirua non gastatzen duen jakin dezan eta engainatzeko trikimailurik erabili gabe.

 

Orain Zergetara pasatuko gara. Diru hau ez da gastu konkretu batean gastatzeko, lehen esan bezala, herriaren onurarako gastatu beharrekoa baizik. Herriaren onura hitz potoloa da eta denok ez dugu onura gauza edo ekintza berberetan ikusten, baina hori aurrekontuetan erabakitzen da eta hurrengo kapitulua litzateke, nahiz eta zergetan biltzen denak zerikusi handia izan.

Zergetan beti berdina esan ohi dugu politikariok: Gehiena duenak gehiago ordaindu dezala. Teoria bezala ondo dago. Azkoitia Bai-k urtero iritzi berdina erakusten du, bai tasa eta bai zergetan ere. Tasetan %100eko estaldura eta zergetan ondoko beste 20 herrietako batezbestekoan (median) kokatzen ahalegindu beharko dugula, eta jakin badakigu urte askotan horrela izan dela.

Pasa den urtean, batipat Ondasun Higiezinen gaineko Zerga industrialean (IBI Industrialean) geunden batezbestekoa baino beherago eta guk, beste urteetan egin den bezala, batezbestekoan kokatzeko igo behar zena igotzea eskatu genuen, baina ez zen horrela gertatu eta bakarrik erdia igotzea erabaki zen, eta beraz, herriaren onuran gastatzeko diru gutxiago izan dugu.

Beste eztabaida bat ere izan genuen, Etxebizitza hutsen zerga. Diru honekin gazteek etxebizitzak alokatzeko laguntzak eman ziren 2015ean, eta arrakasta handia izan zuenez, Azkoitia Bai taldea  mantentzearen alde azaldu zen.

Udal gobernuak (gehiengo osoa duenak), denbora gutxi barru, Jaurlaritzatik kobratzekoak zirela agertu ziguten eta ez zutela bidezkoa ikusten,zerga bera, bi aldiz kobratzea. Beste taldeok harrituta gelditu ginen inork ez baitzuen ezer entzun, baina nola jaurlaritzako gobernuan ere talde berdina zegoen…

Ba jakin ezazue ez dela ezer kobratu eta gu aurten ere zerga hori ezartzearen aldeko azalduko garela eta ea denon artean adosten dugun.

Laburbiltzeko, eta argi gelditu dadin:

Tasak: %100eko estaldurara iritsi tasa bakoitzean (zaborra, ura, …)

Zergak: Ondoko beste 20 herriren batezbestekoan kokatu (etxea, autoa, …)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide