Elkarrizketa digitala Ainara Goenaga EH Bilduko alkategaiarekin

Elkarrizketa digitala Ainara Goenaga EH Bilduko alkategaiarekin

Ainara Goenaga EH Bilduko alkategaia Maxixatzeneko erabiltzaileen galderak erantzuten ari da Maxixatzenen bulegoan.

1. Herria txakurrez eta horien kakaz beteta dago. Neurri gogorragoak hartu beharko lirateke jabeekin, eta baita etxe barruetan sortzen diren desadostasunak zaunkak direla eta... Besterik gabe agur eta zorte on.
J.Joxe

Arratsaldeon;
Jakina da txakur kakekin herrian dagoen arazoa, zenbait lekutan jarrita daude horiek jasotzeko oharrak, baina badirudi ez duela gehiegi funtzionatzen. Buelta bat eman beharko zaio arazo horiek ekiditeko.

2. Hauteskundeak irabaziz gero, edo gobernatzeko aukera baduzu, norekin saiatuko zarete gobernua osoatzen?
Aitor

EH Bildutik garbi daukagu herritarren beharrei erantzun behar diegula, horretarako prest gaude beste alderdi politikoekin hitz egiteko, politika egiteko beste modu bat nahi dugu eta horretarako elkarlanerako prest gaude. Azkoita Baikoekin baditugu gai komunak eta posible dela ikusten dugu, herriarentzako positiboa izango balitz.

3. Irisgarritasuna hobetzeko ez da pausorik ikusi azken legegintzaldian, eta zegoen proiektu bakarretakoa (Floreagako igogailua) atzera bota zuen Udalak. Zer proposatzen duzue? Floreagako eta San Martingo auzoetarako zer nahi duzue? Elkartu zarete beraiekin?
Jaione

Arratsaldeon Jaione:
Floreagako auzotarrekin eta San Martingoekin elkartu gara. Garbi dago irisgarritasun arazoak dituztela bi auzoek. Gure asmoa da ahalik eta azkarren Floreagako 4. faseko igogailuaren obra martxan jartzea, eta ondoren, beste faseeen proiektuak gauzatzen joango gara. San Martingo kasuan ere arranpa mekanikoa, igogailua... zein den egokiena ikusi beharko dugu eta horiek ere martxan jarri.

4. Anaitasunako jokalari bezala, nahiko nuke jakin ea EH Bilduk zer proposamen duen bertako instalazioak berritzearen edo egokitzearen inguruan. Aurretik mila esker.
Nagore Orbea

Kaixo Nagore;

Anaitasunakoekin izan ditugu bilerak eta garbi adierazi digute haurrekin duten arazoa. Ez dago guztientzako entrenatzeko lekurik, eta hori benetan arazoa da, haurrak kanpoan geratzeko arriskua dagoelako. Zentzu horretan irtenbide bila ari gara. Momentuz proposamen posible bat azaldu dugu eta bidegarria dela deritzogu. Igerileku berria egiteko asmoa dagoen lekuan futbol zelaia dago, eta ondoan saskibaloiko beste bat. Igerilekua egiterakoan, futbol zelai hori saskibaloiko lekura pasatuko da. Baina bitartean posible da saskibaloiko pista horretan futbol zelaia egitea, horrela, momentuz bi zelai izango lituzkete eta igerilekua egin bitartean denbora izango genuke beste alternatiba bat bilatzeko. Eskerrik asko

5. Esan duzue Floreagako igogailuaren 4. fasea egingo duzuela. Baina zer gertatzen da edo zer asmo duzue 1. eta 2. faseekin, hau da, Correos paretik eta Floreagaberri arteko zati horretan? Eskerrik asko.
Neu

Arratsaldeon: 4. fasearen obra martxan jarriko dugu. Baina, 2019ko aurrekontuetan zati bat 1. eta 2. faseko proiektuak egiteko jarri dira, proiektu horiek egiteko pausoak jarraituko ditugu. Eskerrik asko

6. Zergatik EH Bildu eta zergatik ez EAJ? Zer esango zenioke EAJren aldekoa den bati bere botoa EH Bildura aldatzeko?
Axkottiar gazte bat

Arratsaldeon:
Esango nioken bakarra da, begiratzeko bakoitzak duen herri-programa, herri-programa hori egiteko erabili duen modua: bilerak, herritarren ekarpenak jaso... Hausnartzeko talde bakoitzak herriarekiko izan duen jarrera, jarrera hori ondorengo lau urteetan berdina izango delako.
Eta Azkoitia justu bat nahi badu, bizitza duinez osaturikoa, inor baztertuko ez duena, pentsiodunekin dagoena, kultura sustatzen duena, kirol taldeen beharrak kontutan hartzen dituena, merkatariekin dagoena.... aukera EB Bildu duela.

7. Galdera zuri, Ainara eta Azkoitiko EH Bilduri: Oraingo aukera pasa denez, hurrengoan, hemendik lau urtera, zergatik ez hautagaitza bakarra osatu EH Bilduren eta Azkoitia Bairen artean?
Romualdo

Arratsaldeon:
Zergatik ez? Aukera posiblea izango litzateke. Herriarentzako proiektu bera badugu, eta etorkizuneko Azkoitiaren ikuspegi berbera badugu, posible izango litzateke.

8. Kaixo, Ainara. Herri barruan ez al dago trafiko ugari? EH Bilduk hori arintzeko ba al du proposamenik? Eskerrik asko.
Xuxen

Kaixo:

Egia da erdiguneak, ordutegi zehatz batzuetan, gehiegizko trafikoa duela eta horrek bere arriskuak dakartzala, batik bat ikastetxeetako irteera orduetan. Aukera desberdinak ari gara begiratzen arazo horri erantzuna emateko, eta arrisku horiek ekiditeko.

9. EAJk boto alde handia du EH Bildurekiko azken hauteskundeetan ikusi denez. Zergatik bozkatu behar du azken udal hauteskundeetan EAJ bozkatu zuen batek orain EH Bildu? Eskerrik asko.
Xuxen

Kaixo:

Errepikakorra ez izatearren, aurreko galdera batean eman diot zure galderari erantzuna. Eskerrik asko.

10. Zaborren inguruan, berriz ere atez ateko sistemara itzuliko al zinatekete? Eskerrik asko.
Xuxen

Arratsaldeon:
Aurreko legealdian atez atekoa jarri genuela esan izan da, baina egia esan, ez da inoiz atez atekorik egon Azkoitian, sistema mixtoa jarri zen. Gure asmoa ez da berriro sistema horretara itzultzea, galdeketa bat egin zen eta emaitzak errespetatuko dira. Gure helburua ez da sistema bat edo beste jarri, gure helburua da bereizte tasa igotzea. Ia %80ra iritsi ginen, eta orain %62an gaude. Uste dugu gai honetan kontzientziazio lan ikaragarria egin beharrean gaudela, eta guztion artean bereizte tasa horiek igo.

11. Herrian joko aretoa sortu da, isil isilik. Azpeitian berriz asko mugitu dira horren aurka. Bi herri oso desberdin gara? Zertan mugitu behar du Azkoitiak Azpeitia bezalako herri bizia izateko? Eta joko aretoaren inguruan zer egingo du EH Bilduk? Milesker.
Begoña

Kaixo Begoña:
Azpeitian apostu etxea ireki denean herria mugitu egin da, aldiz Azkoitian konturatu baino lehen ireki digute. Legalki eskuak lotuta ditugu, ezin baita debekatu. Baina gure aldetik kontzientziazio lan handia egin behar dela deritzogu, arazoa larria da, ondorio larriak dituena, eta batik bat gazteak dira kaltetuenak. Beraz, gai hori eskuetan hartu behar da eta Prebentzio Mahaiak aztertu zer pauso eman behar ditugun herritarrak horren aurrean informatuta eta kontzientziatuta izateko.

12. Azpeitiko Azoka Plaza bezalako proiektu bat zergatik ez zuen programan? Eskerrik asko.
Xuxen

Kaixo;
Esan gure herri-programa, programa irekia dela, ez dago itxita. Oraindik bilerak izango ditugu eragileekin eta horien artean asmoa dugu Urkomekoekin biltzeko. Azkoitiko egoera aztertuko dugu eta Azpeitiko Azoka Plaza ere izango dugu kontutan. Eman diren pausoak jakiteko Azpeitikoekin elkartuko ginateke. Egia da Azpeitiko azoka proiektua oso interesgarria dela eta oso ondo ari dela funtzionatzen.

13. Zer aurreikuspen dituzue iganderako? Pronostiko bat egiten ausartuko al zinateke? Zorte on!
Joxean

Kaixo Joxean;

Ez da erraza pronostiko bat egitea, egia da EH Bildu goraka doala etenik gabe. Gure herri-programarekin sinesten dugu eta nola ez dugun taldearekin. Talde anitza dugu, lanerako gogoarekin eta herritarrentzako lanean hasteko gogoz.

Pronostiko bat jarri beharko banuke:

EH BILDU: 8
EAJ: 7
AZKOITIA BAI: 1
PSE-EE: 1

Ea betetzen dugun!

14. Kaixo Ainara. EAJk zuek egindako hainbat proiektu bota ditu atzera azken legealdian, eta beraienak egin dituzte. Batetik, zergatik konpontzen gara txakurra eta katua bezala? Bestetik, EH Bildu gobernuan sartzen baldin bada, EAJren proiektuak atzera botako al ditu? Eskerrik asko.
Jon

Kaixo , EH Bilduk ateratako proiektuak atzera botatzearena ez dugu ulertzen, batik bat partehartze prozesu baten bitartez ateratako proiektuak direlako. EH Bildu gobernuan jartzen bada, garbi dugu mahai gainean jartzen diren proposamen oro aztertuko direla eta ez dugula begiratuko zein alderditatik datorren. Herriarentzat egokiak badira eta herritarren beharrei erantzuten badie, kontutan izango ditugu.

15. Zapatuko gauetako kontzertuak asko mugatu dituzte azken legealdian. Zein da EH Bilduren proposamena? Gobernura iritsiz gero, nola bideratuko zenukete gai hori? Eta bestalde, zer iritzi duzue tabernarien jarritako fidantzaren inguruan?
Amaia

Azken lau urte hauetan asko mugatu dituzte zuk esanda bezala, herri honetan aisialdirako ez da ia ezer antolatzen, eta ditugun kontzertuak tabernarien elkarteari esker dira. Fidantza jartzeko erabakia, kalean egoten diren kalteak konpontzeko omen da, baina kalte horiek tabernarien gain jarri behar ditugu? Udalaren ardura ez da jendea kontzientziatzea eta horrelako arazoei erantzun egokiak ematea? Fidantza jartzearekin kaleko kalteak ekidituko dira? Ez dut uste. Jakinean gaude baita ere tabernariak saiatu direla Udalarekin bilerak egiten horrelako arazoei eta bestelakoei soluzioa emateko, baita hilean behin elkartu eta hitz egiteko ere, baina Udalaren aldetik ez dute erantzunik jaso, ez zaie interesatzen. Tabernariekin ere elkarlan bat egin beharko dugu gai guzti horiek bideratzeko.

16. Zer botatzen duzu faltan Azkoitian? Ondo izan.
Karmen

Kaixo;
Gauza asko botatzen ditugu faltan tamalez, denontzat egokitutako instalazioak, gazteentzat eta helduentzat aisialdirako eskaintzak, kultur eta kirol mahai bat… zerrenda luzea izango litzateke. Ea 2023ko hautskundeetarako galdera berdinari erantzutea duen EH Bilduk, zerrenda hau asko murriztu dela.

17. Azken aldian gure herrian kirolaren inguruan oso kezkatuta gaude. Instalazio egokiak falta dira futbolerako saskibaloirako, igeriketarako... Zer asmo duzue?
J.J. Olaizola

Kaixo:
Kirol talde desberdinekin egon gara eta oraindik askorekin egoteko asmoa dugu, herrian kirol instalazioak txikiak geratzen ari zaizkigu. Igerileku berria egiteko pausoak ematen hasi dira eta horretan jaraituko dugu. Fubol zelaiari dagokionez Anaitasunak behin behineko proposamen bat egin du eta baliozkoa iruditzen zaigu arazoari momentuzko erantzuna emateko, saskibaloian, atletismoan ere baditugu arazoak. Guzti horiek ere mahai gainean jarriko ditugu eta ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatuko gara.

18. Kanpoko igerilekuei ez al genieke beste erabilera bat eman beharko? Eskerrik asko.
Ramon

Kaixo;
Egia da kanpoko igerilekuek oso erabilera murritza dutela eta urtean zehar itxita daudela, eta tristea da horrelako instalazio bat ez aprobetxatzea. Ideia desberdinak proposatu dizkigute bide desberdinetatik, eta posible izango litzateke urtean zehar erabilera desberdina emateko, batik bat kontutan izanda kirol instalazio faltan gaudela.

19. Kaixo Ainara! Asko kezkatzen nau Azkoitian dugun birziklapen tasak. Egia da ez nuela gustoko atez ateko sistema bilketa, baina erraustegiak benetan kezkatzen nau. Ikusita herriak ez zuela atez atekoa gustuko, zein da EH Bilduren proposamena? Eskerrik asko eta zorte on igandean.
Maria

Kaixo;
Aurreko galdera batean erantzun dut, baina gure aldetik garbi dugu, gure helburua ez dela sistema bat edo bestea jartzea, jendeak erabaki zuen sistema mixtoa ez zuela nahi, beraz hori errespetatuko dugu. Gure helburua bereizte tasa igotzea da, %70era lehenik eta ondoren %80ra. Kontzentziazio lan handia dugu aurretik.

20. Duela lau urte sekulako iskanbila sortu zen herrian meskita bat dela eta. EAJko hainbat lagun ibili ziren auzotarrak mobilizatzen eta herrian beldurra zabaltzen. Gaur egun meskita horrekin ez da inor gogoratu ere egiten. Alkateak ere agindu zuen herritik kanpora dagoen guneren batera aterako zuela meskita ... ez da ezer egin horren inguruan. Etorkinen integrazioa lantzeko ze proiektu du EH Bilduk?
Esther

Arratsaldeon:
Meskitaren iskanbila nahikoa tristea izan zen, batik bat etekin politikoa ateratzeko erabili zelako. Hauteskundeak pasa ondoren dena bere lekura itzuli zen eta EAJk meskita irekitzeko baimena eman zuenean ez zen inolako iskanbilarik sortu, eta pozten naiz. Azkoitia herri anitz bat da eta guztiona, inor baztertuko ez duena, beraz integrazioan ere buru belarri jardungo dugu.

21. Aupa! Herrian aparkatzeko dagoen arazoari nola erantzungo diezue? Lurpeko aparkaleku txukun bat zer moduzko ideia ikusten duzue? Herriko eta kaleko merkatariengana gerturatzeko bide bezala ikusten dut nik eta ideia hori garatu beharko litzatekeela uste dut. Eskerrik asko.
Iñaki

Kaixo, herrian aparkaleku beharra dagoela badakigu, eta horrela adierazi digute baita herritarrekin eginiko bilera batzuetan ere. Eta ondo aztertu beharreko gai bat da, lurpeko aparkalekuaren ideia ez zaigu burutik pasa, baina agian izan daiteke aukera bat ere, aukera guztiak aztertu beharko dira.

22. Igandeko hauteskundeak irabazi ez arren, EAJ gobernutik kentzeko beste talderen batekin ituna egiteko prest al zaudete? Zeinekin? Zeintzuk lirateke zuen marra gorriak?
Aitor Sudupe

Kaixo, Ez errepikatzearren, aurreko galdera batean ikus dezakezu emandako erantzuna.

23. Azkoitian langabezia asko jaitsi dela ari zarete esaten guztiok, baina gazteen soldatak zenbatekoak diren ba al dakizue? Nola nahi duzue 1.200 euro irabazten dituen gazte batek 200.000 euroko etxea erostea? Alokatzea ere ia ezinezkoa da guretzat, alokairua 600 euro inguruan egonda. Zer proposatzen duzue?
Gazte bat

Kaixo:
EH Bilduk beti izan du garbi etxebizitza eskubide bat dela, zuk esan bezala ezinezkoa da 1.200 euroko soldata batekin 600 euroko alokairua ordaintzea. Horretarako, alokairurako laguntzekin jarraituko dugu, baina 35 urte arteko muga hori aldatuko dugu. Bestetik, alokairu sozialaren aldekoak gara eta horretan jarriko ditugu gure ahaleginak. Eta nola ez, gazteentzako lan baldintzak eta soldata duinen alde egingo dugu.

24. Apostu etxe bat zabaldu dute herrian. Garbi dago edozein lekutan eta oso erraz egin daitezkeela gaur egunean apostuak, baina, garbi dago horrelako gune bat oso-oso arriskutsua izan daitekeela. Menpekotasun oso garrantzitsuak sortzen dira eta gero eta gazte gehiago dago harrapatuta. Gogoetarik egin al duzue horren inguruan Udalean? Zer proposamen dituzu?
Nerea

Tamalez aurreko galdera batean esan dudan bezala, legalki ezin dugu apustu etxerik debekatu, baina kontzientziazio lan handia egin beharko dugu herritarrekin eta batik bat gazteekin, arrisku gehien duten lagina delako. Bestetik Prebentzio Mahaian, drogodependentzia eta alkoholismoaren gaiak jorratzen diren moduan, ludopatia ere jorratu beharko dugu.

25. Elkargunearen kuadeaketa publikoa izatea ari zarete proposatzen. Azalduko duzu proposamen hori pixka bat?
Iñaki

Arratsaldeon:
2019an bukatzen da enpresa pribatuarekin Udalak duen kontratua. Hori aprobetxatuz, kirol instalazio kudeaketa publiko baten alde lan egin nahi dugu, Udalak izango du instalazio horien gestioa. Horretarako patronatu bat izango dugu, bere gerentearekin eta patronatu horren bitartez gestionatuko dira, kirol teknikariarekin elkarlanean. Bestalde, horri gehitu nahi diogu kirol mahai bat, eta horrek bideratuko ditu kirol arloko ekintza edo ekimenak, proposamenak… proiektu oso interesgarria izango da eta herritarrentzat hobea.

26. Kaixo Ainara. Beste herrietan ikusi ditugu bizikletak garbitzeko guneak, edota txakurrek eta orokorrean animaliek euren egin beharrak egiteko guneak... Horrelakoren bat egiteko aurreikuspenik ba al duzue? Eta liburutegiko autobus geralekuan bezalako komun publiko gehiago ez al dira falta herrian? Milesker.
Joakin

Arratsaldeon:
Bizikletak garbitzeko gunearen zenbait proiektu ikusi ditugu eta baita bere kokaleku egokiena non izango litzatekeen, adibidez txalon erreka eta martitte bidean… baina hori egokiagoa izango da erabiltzaileekin hitz egitea eta lekurik hoberena aukeratzea. Txakurrei dagokionez, badakigu Trenbidearen Zumardian zelai gune handia dagoela, bertan ur parkea egiteko asmoa dugu, baina ez dugu nahi txakurak ibiltzeko lekurik gabe geratzea, beraz gune bat horretarako erabiliko dugu. Komun publikoei dagokionez, zazpi frontoietan eginak daude jadanik komunak eta oraindik erabilerarik ez zaie eman. Horiek aprobetxatu behar ditugu.

27. Aste honetan bertan, Azkoitia hainbat komunikabidetan azaldu da Pelotai Euneko Whatsapp taldean idatzi dituzten mezu matxista eta iraingarriak direla eta. Asko falta zaigu gizarte berdinzale eta feminista eraikitzeko. Zer egingo duzue zuek Udaletik?
Maite

Arratsaldeon:
Zuk esanda bezala asko dago egiteko, pausoak ematen ari gara, baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Ezinbestekoa dugu horretarako Udalean berdintasun teknikari bat izatea, aurreko legealdian genuena kendu egin zuten eta berdintasun arloa ongizatera bideratu zuten. Akats handia da hori, berdintasun plana dugu eta hori bideratzeko ez dago nahikoa baliabide gaur egun, horregatik berdintasun teknikariarekin plan hori martxan jarriko genuke eta pausoak ematen hasi.

28. Kaixo Ainara. Ez dakit berandu noan, baina hor doa... Zer iruditzen zaizu Xantuek azken bi hauteskundeetako mahai ingurura ez agertzen duen ohitura? Zergatik beste herrietan EAJren hautagaiek aurpegia eman dute, eta urtero 70.000 euro kostatzen zaigun gizon honek, ez?
Nietzsche

Kaixo:
Galdera polita, baina horri nik ezin erantzun. Berari galdetu behar, ez dakit zein arrazoi egon daitekeen herritarren aurrean aurpegia ez emateko, beraien proposamenak esateko, herritarrei entzuteko. Alkate baten betebeharra ere bada. Harrotasunez entzuten diegu beti, herritarrak gora herritarrak behera eta herritarrak erdigunean. Eta orain non dago herritar horiekiko errespetua? Bere proiektuarekin sinesten badu, zer beldur dago herritarran aurrean jartzeko?

29. Alkatetza lortuz gero, UEMAn sartzeko asmorik ba alduzue? Eta euskara bultzatzeko zer proposamen dituzue?
EH

Kaixo:
Azken datuen arabera, herrian euskararen erabilera goraka doa eta horri eutsi behar diogu. Euskararen erabilera gehitzeko helburu horretan UEMAn sartzea da pausoetako bat. AEKrekin ere elkarlanean jarraituko dugu beharrezko bultzada emanez eta bestetik Maxixatzen herri komunikabidea indartu behar dugu. Proiektu interesgarri bat dute eskutan, eta aurrera eraman ahal izateko gure laguntza izango dute.

30. Hauteskundeak irabaziz gero, martxan dagoen igerileku berriaren proiektua atzera botako al zenukete edo proiektua aurrera ateratzeko lanari ekingo zeniekete?
Mikel

Arratsalde on:
Igerilekua egiteko pausoak eman dira ta guk horrekin jarraituko dugu, herriak hitz egin du eta horri erantzun behar zaio. Foru Aldundiarekin ere elkarlanean jarriko gara, diru laguntzak lortzeko.

31. Arratsalde on Ainara, alkate aukeratzen bazaituzte egungo alkateak duen soldata kobratuko duzu?
Izaskun

Arratsaldeon: Inondik inora ere ez dut oraingo alkatearen soldatarik kobratuko.

32. Herri programan kultur azterketa egiteko asmoa adierazi duzue. Zer aztertuko luke zehazki? (Kultur taldeen beharrak, lan ildoak, kultur egoeraren analisia...)
Xabi

Kaixo:
Azterketa oso zabala izango da: kulturaren egungo egoera herrian, dauden sortzaile, eragile kopurua, bakoitzaren arloa, beharrak, baliabideak… hortik hasiko gara lanean kultura sustatzeko.

33. Kiroldegian bertan futbol zelai berria ezartzea aurreikusten duzue. Ondorioz, igerileku berria egitearen prozesua moteldu dezake? Hau da, futbol zelaiari behin betiko irtenbidea eman arte ezingo litzateke igerileku berria egin?
Xabi

Kaixo:
Igerileku berria egiterakoan, bertan dagoen futbol zelaia, saskibaloiko pistara pasatzea da asmoa. Hori horrela izanda, saskibaloi pistan posible da orain futbol zelaia egitea, proiektuaren zati bat aurreratzea izango litzateke azken finean. Inondik inora ez du horrek igerilekuaren proiektua motelduko. Igerilekuak bere bidea jarraituko du.

34. Egin ezazue porra (zinegotzi eta gobernu osaketa) buruarekin eta bihotzarekin. Horra nirea: - Burua: PNV 8, Bilduk 6, Azkoitia Baik 2, PS(O)E 1. Gobernua: PNV+PS(O)E - Bihotza: PNV 8, Bilduk 7, Azkoitia Baik 2. Gobernua: Bildu + Azkoitia Bai
Ander Azkargorta

Arratsalde on:

Hona hemen nirea:
Burua: EH BILDU 8, PNV 7, AZKOITIA BAI 1, PSOE 1. Gobernua: EHBILDU + Azkoitia Bai.
Bihotza: EH BILDU 9, PNV 7, AZKOITIA BAI 1. Gobernua: EH BILDU

35. Kaixo, zalantza dut Azkoitia Bai eta Bilduren artean. Zergatik bozkatu behar dut EH Bildu?
Anonimoa

Lehenik eta behin esan Ehbildu elkarlanerako prestutasun osoz dagoela
Ez dut atsegin konparaketak egitea, baina Ehildu kalean dago, herritarrekin bildu gara beraien beharrak entzuteko, aztertzeko eta horrela jarraituko dugu, herriprograma irekia dugu, datozen beharrei ere erantzungo diegulako. Talde anitza dugu, arlo desberdinetan eskarmentua duena, eta helburuak argi dituena.
Herrira begira lan egingo dugu, baina ikuspegi global bat ere izango dugu. Herritarren arazoak edo beharrak ez direlako soilk herrian hasten eta bukatzen, haratago ere joaten direlako
Herritarren interesen alde borrokatuko dugu bai azkoitian, gipuzkoan, madrilen eta bruselasen.

36. Proiektu erakargarri eta sinesgarri bat garatzeko orduan, ezinbestekoa da proiektu horri nolabaiteko zentzu bat ematea, berdin izanik, gainera, proiektu hori pertsonala, profesionala, esparru publikokoa edo pribatukoa den. Alor honetan, ikuspegi ezberdinak izan daitezkeen arren, badira hiru hausnarketa ezin bestean egin beharrekoak izaten direnak: zergatik edo zertarako, nola, eta zer. Hori horrela, hemen EH Bilduren eta Ainara Goenagaren proposamena ulertzen lagunduko luketen galderak: 1.- Zergatik nahi duzu alkate izan? Zertarako? 2.- Nola egingo diezu bilatuko dituzun erronkei aurre? (balioak, jokamoldeak, kudeaketa moduak, ...) 3.- Zer egingo duzu zehazki? (aktibitate zehatzak)
Eneko

Arratsaldeon,
Lehenik esan alkatetzarako aurkezten naizela, herritarren bizibaldintza duinak bermatu nahi ditudalako. Herritar oro dugu eskubidea duintasunez bizitzeko eta hori da gure helburua, eta udaletik hori lortu daiteke.
Aurkituko ditugun erronka guztiei arduraz erantzungo diegu, apaltasunez eta batik bat herritarrei entzunez, herritarrekin hartu emana izatea ezinbestekoa baita guretzat.
Dugun helburua lortzeko, asko dago egiteko eta horren isla da gure herri programa. Aktibitateak guztiak zehaztea ezinezkoa zait hemen, baterik asko direlako eta bestetik herriprograma irekia denez, aurrera goazen heinean berriak agertuko direlako. Baina zenbait pintzelada emateko 4 ardatz ditu gure herriprogramak: Herriko irisgarritasun arazoei aurre egitea, kirol eta aisialdirako instalakuntzak, herritarren baldintza duinak bermatzea eta etorkizunera begira bilakatu nahi dugun azkoitia.

37. Kanpainan zehar gehien mugitu zareten alderdia zarete, baina orain arte ez al zarete besteak bezala oso urruti egon? Eskerrik asko.
Xuxen

Arratsaldeon;
Agian arrazoi izan dezakegu eta gertuago egon beharko genukeen, baina hilabete asko daramazkigu herritarrekin hartu emanetan eta horrek bere fruituak eman ditu.Herritarren beharrak, kezkak eta nahiak identifikatu ditugu eta horiei erantzuna emango diegu.

38. Herrian, gaur egun, Maxixatzen herri komunikabidea da erreferente nagusia. Udalak Kontzejupetik ateratzen jarraitzen du, eta garbi dago, udal propagandarako erabiltzen duela, interes alderdikoiekin. Duela zortzi urte EH Bilduk ere eutsi egin zion Kontzejupetik argitaratzeari... legealdi berrirako, ze asmo du EH Bilduk gai honekin?
Maite J.

Garbi daukagu Maxixatzen indartu behar dugula eta horretarako beraiekin elkarlanean jarraituko dugula, herri komunikabide erreferentea izatea nahi dugu eta bide hori jorratuko dugu.
Aurreko legealdian ehbilduk ere herri komunikabidearekiko apustua garbia erakutsi zuen. Momentu horretan kontzejupe ateratzeko kontratu bat lotuta zegoen eta atzera botatzeak ezohiko gastua zekarkien udalarentzat, baina aldaketa garbia egin zuen, aldizkari propagandistikoa alde batera utzi eta udal gestioen transparentzirako erabili zuen.
Garbi dago, herri komunikabide bat ez dela udal gestioak argitaratzeko, bere funtzioa ez dela hori, horregatik gestio hoietarako beste bide bat ere jorratu beharko dugu udal web-etik haratago, baina beti ere garbi izanik Maxixatzenekiko apustu egiten dugula..

39. EH Bildutik Maxixatzen proiektua babesten duzuela adierazi izan duzue, Kontzejupetik-ek gaur egun betetzen duen funtzioa Maxixatzeneko kanalak erabilita bete daitekeela uste duzue? EH Bildu gobernatzen egon zenean zergatik jarraitu zen Kontzejupetik argitaratzen?
Uzun

Arratsaldeon; galdera honen erantzuna aurreko galdera batean aurki dezakezu.

40. Kiroldegiaren publifikazioa proposatzen duzue. Ikastaroak ematea azpikontratatzea aurreikusten duzue? Igeriketa ikastaroak eta igeri eskola Azkoitian bertako igeri elkartearen esku geldituko litzateke, edo hau ere lehiaketa publikora aterako litzateke? Zenbait herritan azpikontrata batek gestionatzen ditu, bertako taldeen aurka joango litzatekeelarik.
Kirolzale

Arratsaldeon;
Momentu honetan igeri elkartearen esku geratuko liratezke, ez dira lehiaketa publikora aterako. Bdakigu langile asko dagoela elkarguneari lotuta eta guztien lana bermatuko dugu. Moduak aztertu beharko dira, sindikatuekin eta langileekin elkarlanean, lanbaldintza eta soldata duinak bermatzeko. Zenbait herritan badakigu azpikontratazio batzuekin baldintza exkaxak dituztela, baina gauzak egin behar ez bezala egiten ari direlako.

41. Aupa Ainara, tori galdera: Duela zortzi urte udal gobernuak herritarren partehartzeko bide ezberdinak jorratu zituen, aurrekontu partehartzaileak kasu. Hurrengo gobernu taldeak kolpetik denak kendu zituen eta herritarren partehartzeko aukera berriro hutsaren hurrengoa bilakatu da azken urteotan. Zer duzue buruan gai honen inguruan?
Aitor

Arratsaldeon;
Aurreko legealdian pauso handiak eman ziren herritarren partehartzea sustatzeko, baina 4 urte hauetan atzera egin da guztiz, partehartzea alde batera utziz.
Udal gobernuan jarriko bagina, berriro ere bide horri helduko genioke gogotsu, herriari eman behar zaiolako hitza. Denon Herria berriro martxan jarriko dugu.

42. Beti elkarrek gaizki egindakoa esaten duzue. Udal gobernuak zer egin du ondo? Zer lan izan da aipagarria? Zer lan egin dute ondo gainerako oposizioko taldeek?
Ikuspegi kritikoa

Kaixo;
Udal gobernuak ondo eginiko gauzak ere izango ditu jakina, adibidez Hizkuntza eskolaren kasua. Proiektu interesgarria izan da herriarentzat, baina bere kokapenak beharrezkoa den beste proiektu bat atzera bota du, EGUNEKO ZENTROA. Zaharren egoitza herrira jeistearen beharra ikusita, pausoak ematen hasi ginen aurreko legealdian eta Egunerko zentroa jeistea zen lehena. Bertan behera utzi zuten hizkuntza eskola egiteko, eta guri iritziz hizkuntza eskola jartzekobeste toki batzuk bazeuden, bi proiektuekin aurrera eginez.

Oposiziak ze lan egin duen ondo?? Egia esan ez digute lan egiteko aukera haundirik eman, gehiengo osoarekin, ezin izan dugu gure proiekturik edo gure proposamenik aurrera eman izan. Hala ere lan oso txukuna egin dugula garbi daukagu.

43. Javier Zubizarretak ez du eztabaidarik nahi, zergatik dela uste duzu? Eta herritar guztiek hori jakin dezaten zerbait egiteko asmorik baduzue?
Mikel

Alkateak eztabaidari uko egitearen arrazoiak, ezin ditut nik eman, ez baitakizkigu. Hori bere ardura da herritarren aurrean esplikazioak ematea.

44. Pelotai Eune dela eta sortu den aferari, edo berdintasunaren bidean egiten diren erasoei nola erantzungo diezu? Azkotiko Udalak zer jarrera erakutsi beharko luke? Eta irudi hutsetik harago zer egiteko prest zaudete?
Iñaki

Kaixo;
Galdera honen erantzuna, goiko galdera batean aurki dezakezu.

45. Zaborren gaian atzerapauso handia eman da, birziklapen tasak behera egin du nabarmen. Zer egingo duzue birziklapena igotzeko?
Imanol

Kaixo
Galdera honen erantzuna, gorago aurki dezakezu.

46. Legegintzaldi honetan gazteen eta parranden inguruan egon den polemikaren inguruan zer iritzi duzu? Alkate bezala nola bideratuko zenuke gaia?
Andoni

Kaixo;
Galdera honen inguruan, erantzuna gorago irakur dezakezu.

47. Egoitza Kalera herri mugimenduaren aldarrikapenarekin bat egiten duzu? Posible ikusten duzu aurrerapausorik ematea norabide horretan? Bestalde, zer iritzi duzu zaharren egoitzetako langileen grebaren inguruan?
Maitane

Arratsaldon;
Ezinestekoa da zaharren egoitza kaleratzea, herritar orok dugu eskubidea duintasunez bizitzeko, eta dauden lekuan egonda, eskubide hoiek urratzen zaizkie.Ehbildutik,herrira jeistearen beharra ikusi zen aurreko legealdian, eta horretarako pausoak eman ziren, eguneko zentroa gaztañeneako eraikinean egiteko proiektua eginez. Bertan behera geratu zen legealdi aldaketarekin.
Hala ere pausoak ematen jarraituko dugu bide horretan.
Egoitzako langileen aldarrikapenen inguruan, langileek ez badituzte baldintza duinak lanerako, ezinezkoa dute behar bezalako zerbitzua eskeintzea eta hori bertako egoiliarren kalterako ere bada.Lan baldintza duinengatik borroka dezagun, guztiei eragingo die eta. Baldintza duinagoan, zerbitzu hobeagoa…

48. Nolako Azkoitia irudikatzen duzu? Zer lehenetsiko zenuke?
Ane

Arratsaldeon;
Azkoitia bizi bat,merkatari txikiekin, kultur eskaintza anitzarekin, guztientzat lekua duena, inor baztertuko ez duena, bizitza duinez osaturikoa, herri irisgarria. Berdintasuna eta inklusibitatea oinarri dituena, partehartzailea, kritikoa eta eraikitzailea.
Lehenetsiko zukeena: Bizitza duinez osaturikoa, horren barnean doazelako beste guztiak.

49. Sentipena dut urte hauetan Azpeitira begira ere egon garela azkoitiarrak enbidia puntu batekin. Han hainbat proiektu handi gauzatu dira: plaza, berdura plaza, igerilekua, Loiola bidea.... zergatik ez da posible hori Azkoitian?
Axun

Arratsaldeon;
Izendatu dituzun proiektu hoiek eta beste batzuk azkoitian ere egitea posible da eta izan da, lehentasun kontua da. Eta zergatik ez, onartzea gauza askotan gure aurretik doazela eta beraietatik ikasi dezakegula, badakit laguntzeko prestotasun guztia izango dutela.

50. Legegintzaldi osoan ezer gutxi egin dela dirudi, eta orain, hauteskundeen aurretik, proiektu batzuk amaitzeko korrika eta presaka dabiltza —parke estalia esaterako—, itxuraz boto bila. Kanpainaren erabilera ez etiko baten aurrean gaude? Legediak onartzen du hori egitea?
Axun

Arratsaldeon;
Legealdi hontako 3 urteetan ezer gutxi egin dute eta orain azken momentuan aurrerago egin ez dena egiten saiatu dira, parke estalia, xabier munibe kaleko bidea, altzibar eta jausoro arteko zubia… Legalki egin dezakete, moralki zuzena den?? Ezetz esango nuke, herritarren beharrei ahalin eta azkarren erantzun beharrean, azken unerarte itxaron dutelako, erabilera politikoa? Bakoitzak epai dezala.

51. Sareetan zabaldu duzun aurkezpen spotean Azkoitian 2011tik zinegotzia zarela adierazten dezu. Nolatan hanka sartze hori?
Ander Azkargorta

Arratsaldeon,
Arrazoi duzu, hanka sartze bat izan dugu, baina espero dugu hori kontutan ez hartzea.

52. Oñederrekin zer gertatu(ko) da? Inork ez duzue aipatu zuen programetan eta oso gai garrantzitsua deritzot.
Ander Azkargorta

Oñederren kasua esplikatu ahal izateko, denbora asko beharko genuke. Motzean esanda, EAJren gestio txar batengatik, udala urtean ia 100.000 euro ordaintzen ari da lixibiatuengatik eta jarraitu beharko du, eta soluzioa zaila du.

53. Zaborren kudeaketaren gaian pauso ausartak eta esanguratsuak eman ziren EH Bildu Udalean egon zenean. Aurrera begira zer asmo dituzue gai horretan? Azkenaldiko bilketa datuak ez ditut ezagutzen, baina pena ematen du zenbait edukiontziren inguruan eta barruan dagoena ikusteak.
Patxi

Kaixo;
Galdera honi erantzuna, aurrerago irakur dezakezu.

54. Asteburuetan, bereziki larunbatetan, parranda giroa egon ohi da herrian. Inguruan bizi garen herritarrok taberna kanpoaldean sortzen den zarata eta hurrengo goizeko zikintasuna gertu bizi ditugu. Herritarrok parranda egiteko eskubidea dugun bezala, atsedenerako eskubidea ere badugu. Nola uztartu daitezke bi kontuak? Gai honen inguruko proposamenik ba al duzue?
Karmen

Arratsaldeon;
Herritar guztiok dugu eskubidea aisialdiaz goxatzeko, baina baita atsedenerako ere, elkarbizitza bat aurkitu behar da eta elkarrekiko errespetua.
Proposamen desberdinak atera eta jorratzeko, interesgarria izan liteke bizikide eta tabernariekin elkarlanean jartzea, soluzioak emateko.
Garbitasunari dagokionez, alde batetik kontzientzio lan bat egin beharko da herrian, kaleak txukun izateko eta bestetik garbitasun arazo hoiek udalak bere gain ere hartu beharko ditu.

55. Kaixo Ainara. Inork ere aipatu dituen eta herriaren parte diren etxeko eta kaleko animaliei buruz zenbaterainoko enpatia du EH Bilduk? Kontuan hartuko al ditu norbaitek behar batzuk dituztela eta kasu askotan ez dela bere ongizatearekin pentsatzen? 'Kaka jaso', 'lotuta eraman', 'txipa jarri'... aginduak besterik ez ditut ikusten animaliei buruz pentsatzen denean. Ikuskizun edo dibertitzeko tratazen dira beste askotan. Errespetu hitza bere osotasunean aplikatuta ikusiko ote dugu animaliekin ere Azkoitian?
yute

Arratsaldeon;
Animaliekiko errespetu osoa dugu eta horregatik gure ideiekin modu koherentean jokatu izan dugu eta jokatuko dugu.

56. Azkoitiko herriko errepide zati asko egoera txarrean daude. Horiei konponbiderik emateko asmoruk baduzue edo beste lau urte zai egon beharko dugu mugimengu pixka bat ikusteko?
Gaztie

Arratsaldeon;

Errepide batzuen eskumena diputazioarena da eta kasu hoietan beraiekin lan egin beharko dugu, errepide hoien konponketa eta mantenurako. Eta udalaren esku daudenetan dudarik ez izan esku hartuko dugula, bai eriduneko errepideetan eta baita auzoetakoetan ere, behar haundia dago eta.

57. Azkoiti herri euskalduna dela esan ohi dugu, azken ahozko kale neurketetan ere erabilerak gora egin du, hala ere badago zer hobetua: merixuen ezagutza/erabilera, merkatal gune handietako hizkuntza paisaia… neurri handi batean udalaren esku dauden arloak. Udalak eragin lezakeen esparruetan eragiteko asmorik ba al duzue? Nola?
Maite

Arratsaldeon;
Euskaren erabilera goraka doa eta horri eutsi behar diogu. Udaletik, gure esku dagoen guztia egingo da igoera honi jarraipena emateko. Aek-rekin elkarlanean, Maxixatzeni indarra emanez, UEMAn sartuz. Arlo askotan dago zeregina eta pixkanak guztietara iritxiko gara.

58. Arratsalde on. Alkatetza lortuz gero, espainiar bandera eta Europar Batasunekoa kentzeko asmorik?
Mikel

Arratsaldeon:
Legalki nahiko lotuak gaude gai horretan, baina ahalik eta ezkutuen geratzeko saiakera egingo dugula zalantzarik ez izan.

59. Arratsalde on. Udalera iristen bazarete, zer udaltzain eredu proposatzen duzue? Ez da oso atsegina herriko Udaltzainak ertzain moduan jokatzea. Bestetik, aukera ikusten duzue, herrian dagoen ertzain etxea ixteko? Hala bada, borondate politikorik izango duzue hori gerta dadin?
Ane

Arratsaldeon;
Udaltzaingoei dagokionez, herrian eta herritarrekin kontaktuan egon behar dute, beraien beharrei erantzuteko. Ertzain etxeari buruz, momentuz oraindik funtzionamentuan dago, utzik geratuko balitz, agian bertan zer egin aztertu beharko litzateke.

60. Kaixo Ainara. Herritarren atseden abermatzeko orduan EH Bilduk zer proposamen egingo lituzke? Udako terrazak, kaleko zarata...
Kati

Kaixo;
Honen erantzuna aurreragoko galdera batean aurki dezakezu.

61. Kapitalismoak egunero hiltzen ditu langileak gurean. Azken egunetan bi. Ze neurri hartuko dituzue langileak babesteko?
TX

Arratsaldeon;
Gure esku dauden kontratazio publikoetako pliegoetan, langileen lanbaldintza duinak eta 1200 eurotako soldatak bermatuko ditugu. Langileen segurtasuna eta lanbldintza duinak gure lehentasunetanak dira

62. Ze proposamen dituzue LGTBekiko? Aurrera goaz, baina oraindik gazte asko LGTBfobiaren biktimak dira. Nola babestuko zenukete kolektiboa?
Ander

Kaixo;
Berdintasun saila sortzearekin batera, diagnostiko bat egingo dugu herriko LGTBI kolektiboaren egoera hobeto ezagutzeko eta hauen problematika konkretuei erantzun ahal izateko. Horretarako partida propioa jarriko da.

63. Kaixo. Ez dakit udaletxe batetik posible al den, baina aukera baldin badago, Plazan dagoen jauregia, Etxe Beltz, Musika Eskolako etxe txikia eta abar desjabetu edo negoziazio baten bidez herriarentzat izateko aukerarik ikusten al da? Nire ustez, eraikin historiko horiek herriaren mesederako egon behar dira, eta ez, ez dakit non bizi den jauntxo edo duke baten eskuetan. Iruditzen zait leku ederrak direla eraikin horietan eguneko zentroa, Kafe Antzokia, Gaztetxea, Liburu denda-kafetegi jartzeko. Eskerrik asko.
IzarGorri

Arratsaldeon;
Aipatu dituzun eraikuntza historiko hoiek esku pribatuetan daude momentuz, eta guztiz ados zurekin, interesgarria izango litzatekeela udalaren esku geratzea. Hausnarketa hori egin dugu, eta horrek herritarrei eskeintza ugari egiteko aukera emango liguke, adibidez, eguneko zentroa, kultur gunea, egoitza… Begiratu egin beharko da ze aukera ditugun.

64. Kaixo: Azkoitiko Plaza eraberritzeko asmorik bai? Azpeitian EH Bilduk egin duenari begiratzea ez zen gaizki egongo. Lurra hobetu, autoak kendu etab. Azkoitiarrok Plaza bizi bat nahi dugu, gazte zein helduen gozamenerako. Autorik gabea. Eskerrik asko.
Kaixo

Arratsaldeon;
Egia da azkoitiko plazak egokitzapen batzuk behar dituela, auto asko igarotzen da bertatik eta horrek lurra ere izorratzen du. Arriskua ere badago bertan aparkatuta dauden autoak kaletik pasatzen direlako eta zenbait ordutan, arriskua sortzen delako. Zerbait egin beharra dago arazo hauek denak ekiditzeko, eta horretan jarriko gara.

Agurra

Arratsalde on:

Eskerrik asko zuen galderengatik, guztiei erantzuteko denborarik gabe geratu naiz, auzotarrekin bilera bat dudalako. Hala ere erantzun gabeko galdera guztiei erantzungo diet datozen egunetan.
Beste galderaren bat izanez gero, zuzendu nigana eta gustura erantzugo dizuet.

Eskerrik asko benetan.


Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide