Anaitasunaren talde nagusientzat irteera zailak eta antzuak

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 26a, 10:18
Beasain-Anaitasuna partidaren une bat. (Anaitasuna FT)

Espainiako Hirugarren Mailan 3-1 galdu zuen Azkoitiko taldeak Beasainen, eta Euskal Ligako taldea 2-0 mendean hartu zuen Elorriok.

Futbol asteburua antzua izan da Anaitasunaren talde nagusientzat. Irteera zailak zituzten biek, beren ligetan goiko postuetan dabiltzan aurkariei aurre egin behar izan diete, eta ezustekorik ez dute eman ahal izan Azkoitiko taldeek: Espainiako Hirugarren Mailakoak 3-1 galdu du Beasainen, eta Euskal Ligakoak 2-0, Elorrion.

Aurreko asteburuan Txerloian Portugalete mendean hartu ondoren, multzoko oilarretako beste bati aurre egin behar izan zion zapatuan Anaitasunaren gizonen talde nagusiak, baina bestelakoa izan zen azken emaitza sailkapenaren bigarren postuan dagoen Beasainen etxean. Loinazen, neurketa ezin hobeto hasi zen Anaitasunarentzat, zazpigarren minutuan gola egin baitzuen Jonmak. Etxeko taldea berdinketaren bila gogor saiatu zen arren, Txema Añibarroren taldeak ondo eutsi zion abantailari, baina atsedenaldiaren atarian lortu zuen Beasainek, azkenean, bere gola. 1-1ekoarekin hasi zen bigarren zatia, eta lehen zatian berdinketaren bila nola, bigarrenean markagailua iraultzeko jo eta ke aritu zen Beasain, eta 65. minutuan lortu zuen helburua etxeko taldeak. Bost minutu geroago, Anaitasuna markagailua berriz berdintzeko zorian izan zen; baina kanpora joan zen Julen Aramendik area barrutik egindako jaurtiketa, eta hurrengo jokaldian hirugarren gola lortu zuen Beasainek. Amaiera bitartean gerturatze arriskutsuren bat izan zuen Anaitasunak, baina ezin izan zuen Beasain gehiago estutu. Gorrixek sailkapenaren azken laugarren tokian jarraitzen dute beren 21 puntuekin, jaitsiera zuzeneko postuen muga-mugan.

Euskal Ligan ere esku hutsik itzuli ziren etxera Anaitasunaren emakumeak. Aurreko asteburuan Alaves B liderraren kontra galdu zuen etxean Mikel Barqueroren taldeak, eta atzo sailkapenaren laugarren postuan dagoen Elorriori egin zion bisita. Asko borrokatu arren, ezin izan zuten punturik batu Anaitasunakoek. Zati bakoitzaren ordu erdia pasatuta gol bana eginda gainditu zituzten bizkaitarrek Azkoitikoak: 36. minutuan iritsi zen 1-0koa, eta 77.ean 2-0koa. Azken bi jardunaldietan hutsean gelditu ondoren, 22 punturekin jarraitzen du Anaitasunak, sailkapenaren hamahirugarren tokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide