ISBko boluntario taldea, Luis Oyono eta Joseba Ibargutxi omenduko dituzte larunbatean

Intza Trula 2024ko ots. 15a, 12:13
Domusa Teknik ISBren partida bateko irudia. (Mikel Amenabar)

50. urteurreneko ospakizunen barruan hainbat pertsona eta talde omentzen ari da Iraurgi saskibaloi kluba. Mikel Labiano eta Stephane Thurman izango dira ISBko boluntario taldearen ordezkari modura joango direnak. Luis Oyonok klubeko lehen fitxaketa izateagatik jasoko du aitortza. Joseba Ibargutxi, aldiz, azpeitiarra edota azkoitiarra izan gabe kapitaina izatera iritsi zen lehena izanagatik omenduko dute.

50. urteurrenaren harira, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen dabil azken hilabeteotan Iraurgi saskibaloi kluba. Larunbat honetan klubeko bi talde nagusiek Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute, eta lehenengo partidaren aurretik omenduko dute ISBko boluntarioen taldea –Mikel Labiano eta Stephane Thurman izango dira ordezkari gisa joango direnak–. Bigarren partidaren aurretik, aldiz, Luis Oyonok –klubeko lehen fitxaketa izateagatik– eta Joseba Ibargutxik –azpeitiarra edota azkoitiarra izan gabe kapitaina izatera iristen lehena izateagatik– jasoko dute aitortza.

Iraurgi saskibaloi klubaren historian "berebiziko" garrantzia du boluntarioen lanak, "beraiek gabe ez litzateke posible izango hau guztia". Klubaren hitzetan, Mikel Labiano eta Stephane Thurman "hainbat eta hainbat urtetan itzalean lanean diharduten bi lagun, aurrena guraso eta zuzendaritzako kide" dira. "Musu truk klubaren alde lan aparta egin dute". 16:00etan Azpeitian jokatuko den Domusa Teknik ISB eta Unilever Viladecans Dischele 65 taldearen partidaren aurretik jasoko dute aitortza.

Halaber, denbora honetan hainbat jokalari izan dira kanpotik etorri eta klubean jokatzeko aukera izan dutenak. Hain zuzen, Iraurgi saskibaloi klubaren lehen fitxaketa izan zen Luis Oyono. "Klub handiagoen eskaintzak albo batera utzi eta ISBren proiektuaren alde egiteagatik" omenduko dute. "Gure artean ezin hobeto moldatu da, azpeitiar bat gehiago da". Bestetik azpeitiarra edo azkoitiarra izan gabe ISBko kapitaina izaten lehena izan zen Joseba Ibargutxi ere omenduko dute. "Jokalari aparta izateaz gain gizon eredugarria da. Iraurgi bihotzean du. Teknifikazio eskolako entrenatzailea ere bada ISBn". Juaristi ISBren eta Melilla Ciudad del Deporte taldearen partidaren aurretik jasoko dute aitortza. 19:00etan izango da, Azpeitiko kiroldegian.

Partida "oso garrantzitsuak" jokatuko dituzte larunbat honetan bi klueko bi talde nagusiek, eta Azpeitiko kiroldegia bete nahi dute antolatzaileek. Hori horrela, bazkide ez direnek partida bakoitzeko sarrera 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta sarrera horrekin bi lagunek sartu ahal izango dute kiroldegira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide