2005ean EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omenduko du Iraurgi Saskibaloiak igandean Azpeitian

Iraia Oteiza 2024ko urt. 25a, 10:37
Igandean omenduko duten taldea. (ISB)

Juaristi ISBk Lobe Huesca La Magia taldea izango du aurkari igandean Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan, eta partidu hori baliatuko du klubak 2005ean EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omentzeko. Igandeko partidan beste berrikuntza bat ere izango da, Yeikson Montero taldearen fitxaje berriak bere lehen partida jokatuko baitu Iraurgirekin.

50. urteurreneko ospakizunen barruan, klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzen dihardu Iraurgi Saskibaloiak talde nagusien etxeko partidetan. Igande honetan, 2005ean EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omenduko du klubak Azpeitiko kiroldegian, Juaristi ISBk Lobe Huesca La Magia taldearen aurka 18:00etan jokatuko duen partidan. Omenaldia jasoko duten jokalari eta entrenatzaileek lortu zuten Iraurgi EBA Ligara igotzea eta harrezkero maila berean jokatzen jarraitzen du taldeak.

Xabier Osa, Eneko Etxeberria, Iker Lizarriturri, Alex Astigarraga, Kepa Ibarzabal, Gari Iparragirre, Jon Arozena, Iosu Arozena eta Iban Hita jokalariak, Jesus Mari Bastarrika Toota masajista, eta Jon Argoitia, Andoni Lazkano eta Lolo Encinas entrenatzaileak izango dira omenaldia jasoko dutenak. Goar Artetxe, Javi Hernando eta Jon Juaristi ere talde hartako jokalariak izan ziren arren, ezinezko zaie egun horretan omenaldira joatea.

Fitxaketa berria

EBA Ligara igotzea lortu zutenei egingo zaien omenaldia ez da igandeko berrikuntza bakarra izango, jokalari berri bat fitxatu baitu Iraurgik: Yeikson Montero. 27 urteko dominikarra da bera, eta 1,96 metroko altuera du. LEB Ligan dagoen Gran Canaria taldean jokatu du Monterok azken urte eta erdian. Igandean Iraurgiko gizonen lehen taldeak Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Lobe Huesca La Magiaren kontra, eta Monterok orduan jokatuko du bere lehen partida Iraurgirekin.

Yeikson Montero, Juaristi ISBko jokalari berria. (Iraurgi ISB)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide