Izaskun Sasieta: "Oso ausartak dira gugana etortzen direnak"

Intza Trula 2024ko urt. 25a, 10:24
Izaskun Sasieta. (Intza Trula)

Heroinaren kontsumoak Gipuzkoan izandako hazkundeak eta droga haren kontsumitzaileak artatzeko baliabide ezak bultzatuta zabaldu zuten Izan fundazioa 1984. urtean Donostiako Ulia Enean. Egun, bi programatan banatuta dago fundazioa: Gizakia Helburu eta Norbera. Urtarrileko Maxixatzen aldizkarian egindako elkarrizketa da hau.

Izan fundazioko programen zuzendaria da Izaskun Sasieta (Azkoitia, 1964). 21 urte daramatza postu horretan azkoitiarrak, martxan dituzten programetan parte hartzen duten pertsonei eta beraien familiei laguntzen; 2022. urtean 817 pertsonak jaso zuten arreta –890 pertsonak programa hasi ez duten eta informazioa eskatu duten pertsonak kontuan hartzen badira–. Ibilbide bat edo beste proposatzen zaie erabiltzaileei, bakoitzak daraman "motxilaren" arabera.

1984. urtean jarri zenuten martxan Izan fundazioa. Zer beharrek bultzatuta?

Garai hartan, heroinaren eraginak bultzatuta hasi ziren gaiaz hausnartzen. Mendekotasun horri lotuta kezka handia zegoen gizartean, izan ere, heroina delinkuentziarekin, lapurretarekin eta antzerako gaiekin lotuta zegoen. Iñaki Aldabaldek eta Jose Maria Setienek kezka handia erakutsi zuten gaiarekiko, eta pixka bat ikertu ondoren, ikusi zuten Erroman bazegoela mendekotasunekin lotutako programa bat. Programa hori ezagutzera joan ziren, ea nola funtzionatzen zuen ikusteko, eta hemen ere baliagarria izan zitekeela ondorioztatu zuten. Hori horrela, 1984. urtean martxan jarri zuten programa, Donostiako Ulia Enean. Gaur egun, Izan fundazioak hainbat egoitzatan ditu banatuta bere programak, baina esan dezakegu Ulia Enea egoitza dela nagusia, han abiatu zen guztia.

Zer da zehazki egiten duzuena?

Izan fundazioan bi programa nagusi ditugu: Gizakia Helburu eta Norbera, nerabeei zuzendutakoa. Bi horietatik handiena Gizakia Helburu da, eta hainbat programa barnebiltzen ditu, profil ezberdinetako pertsonei zuzendutakoak. Zentro ezberdinak ditugu Hernanin (Gipuzkoa), Donostian eta Zestoan.

Norberan, berriz, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeak artatzen ditugu, eta horiek ez daukate zertan izan mendekotasunari lotutako arazorik. Batzuek harremanetan dituzte arazoak, eta beste batzuek, adibidiez, eskolan. Programa horretan parte hartzeko baldintza familiarekin etortzea da. Bi terapeuta talde daude Norberan: batek nerabearekin egiten du lan, eta besteak, familiarekin. Beti artatzen dira bi aldeak.

"Ez diogu soilik kontsumoari erreparatzen, sentimenduak kudeatzen erakusten dugu"

Gizakia Helburuk bost programa ditu. Gazteak direnak, familia dutenak, ikasketak alde batera utzi dituztenak eta antzerako profila jarraitzen dutenak Intentsiboa deitzen diogun programara bideratzen ditugu. Erabiltzaileak astelehenetik ostiralera egoten dira gurekin, eta asteburuetan etxera itzultzen dira. Lehenengo fasean, bereziki, motibazioa lantzen dugu; drogarik gabe bizi daitekeela erakusten saiatzen gara, eta, nolabait, bizitza berrantolatzen laguntzen diegu. Hiru hilabete inguru irauten ditu egonaldiak. Hortik, komunitate terapeutiko batera igarotzen dira, bizitzaren aurrean ditugun jokaerak, familiarekin eta lagunekin dugun harremana, laneko egoera eta beste alderdi batzuk aztertzeko. Talde eta dinamika ezberdinak ditugu profil bakoitzak behar duena lantzeko. Bederatzi hilabete inguru pasatzen dituzte bertan. Azkenengoa gizarteratze fasea da, eta programan sartu zirenean albo batera utzi zituzten hainbat gauza berreskuratzen hasten dira erabiltzaileak, hala nola ikasketak eta lana.

Beste programari Tradizionala deitzen diogu. Kasu horretan, astelehenetik iganderako egonaldia egiten dute gurekin, hau da, asteburuetan ere bai. Intentsiboa programako prozesu berbera jarraitzen dute, baina pertsona horien motxila ezberdina da. Programa horretan dauden erabiltzaileek, adibidez, ez dute asteburua norbaiten kontrolpean pasatzeko aukerarik, eta horregatik geratzen dira asteko zazpi egunetan gurekin. Irekia deitzen diogu beste programa bati. Bertan parte hartzen duten gehienek familia eta lana dituzte, eta gurekin arratsaldez eta gauez egoten dira. Egokitzat jotzen badugu, lanera joaten dira egunean zehar, eta bestela baja eskatzeko esaten diegu.

Laugarren programa alkoholarena izango litzateke: programa hori substantziengatik desberdintzen den bakarra da. Beste batzuetan drogak kontsumitzen dituzte, eta baita alkohola ere, baina kasu honetan alkohola bakarrik. Adinak gora egiten du programa honetan, pertsona helduagoak dira; 40 urtetik gorakoak. Bosgarren eta azken programa Eraiki da. Programa horretan dauden erabiltzaileek buruko gaixotasunen bat eta mendekotasuna dituzte. Kasu horretan, familiekin ere lan asko egiten da. Esan beharra dago edozein programatan parte hartzen dutenak oso ausartak direla, baita familiak ere.

Zergatik?

"Familiak babesa erakusten badu, askoz ere errazagoa izango da prozesu guztia"

Guk deia jasotzen dugunean, balorazio bat egiten dugu. Berdin zaigu etorriko den pertsonak zer substantzia kontsumitzen duen, eta honako faktoreak aztertzen ditugu: bakarrik al datorren, familia daukan edo ez, lanik egiten al duen... Horren arabera, programa batera edo bestera bideratzen ditugu. Beti diot: bakoitzak dakarren motxilaren arabera, ate ezberdinak ditu fundazioan. Gainera, gauza asko utzi behar dituzte albo batera gurekin lan egiteko: lagunak, eskuko telefonoa, ikasketak, lana... Gertatzen zaigunari hitza jartzen jakitea funtsezkoa dela deritzot, denok baititugu arazoak, eta horiei nola aurre egin jakitea da kontua. Gaur egun gizartea ez dago prestatuta frustrazioetarako, badirudi dena oso ederra dela. Ordea, frustrazioak nola landu jakin behar dugu. Izan fundazioan ez dugu arreta kontsumoan bakarrik jartzen; sentimenduak nola kudeatu eta horiei aurre nola egin erakusten diegu. Aurrera egiteko tresnak ematen dizkiegu, inork ez baitu esan bizitza erraza denik.

Zer da garrantzitsua horrelako prozesu batean dagoenarentzat?

Antolaketa izatea funtsezkoa da: astegunetan zein asteburuetan, eguneko otordu guztiak ondo betetzea, ariketa fisikoa egitea... Egun osoa programatuta izatea eta egin beharrekoak betetzea, alegia.

Beraien borondatez joaten al dira, ala norbaitek aholkatuta jotzen dute zuengana?

Askotan, beste lekuetara mila buelta egin ondoren etortzen dira gugana. Denetarik dagoela esango nuke. Adibidez, Tradizionala programan bazterkeria mugan dauden herritarrak izaten ditugu, eta horiek ohituta daude beren kabuz gizarte langileengana joaten laguntza eskatzera. Beste batzuk baino errazago heltzen dira gugana. Gainerako pertsonetan, asko funtzionatzen du ahoz ahokoak, batari eta besteari entzuteak norbait gugana etorri dela.

Nola jakin daiteke inguruko batek laguntza behar duen ala ez?

Jende askok galdetzen du hori, eta zaila da erantzun egoki bat ematea. Kontsumitzen ari den pertsona, ziurrenik, azkena izango da arazo bat duela ohartzen. Guk beti esaten dugu beraien erreferentea izan daitekeen pertsonak esan beharko liokeela arazo bat duela, eta ondo azaldu behar diola zergatik uste duen hori. Arazoa hasten da, adibidez, bere burua albo batera uzten hasten denean: ez du ondo jaten, ez du ondo lo egiten, ez da lagunekin egoten, lanera berandu joaten da... Hori guztia ahalik eta ondoen azaldu behar zaio. Era berean, programara joatea aholkatzen badiogu, oso garrantzitsua da ingurukook ere hitzordura berarekin joatea, eta beti alboan izango garela ikusaraztea.

Boluntarioen azoka, Zarautzen. (Utzitakoa)

Ingurukoek berebiziko garrantzia dute, beraz.

Noski. Lagundu egin behar dugu, hark babestuta dagoela sentitu behar du. Badakit askotan zaila dela eta kosta egiten dela, baina prozesuan parte hartu behar dute ingurukoek ere. Ezin da pertsona bat programara eraman eta han utzi. Benetan lagundu nahi duenak parte hartu behar du prozesuan, hasieratik amaierara arte, eta denok ez gaude prest lan hori egiteko. Horregatik diot familiak ere ausartak direla. Denborak erakutsi dit familia hor badago eta haiek laguntzen badute, hau da, albokoari bakarrik ez dagoela erakusten badiote, askoz ere errazagoa dela prozesu guztia. Arrakasta handiagoa izango du ziurrenik ingurukoen babesa duen erabiltzailearen ibilbideak.

Baztertu egiten al ditu gizarteak kontsumo arazoak dituzten pertsonak?

Esango nuke gizartean gaur egun kontsumoa oso normalizatuta dagoela. Jendeak, nolabait, ez dio hainbesteko garrantzia ematen gaiari. Arazoa hor dagoela jakinda ere, askotan beste aldera begiratzeko joera dugula esango nuke.

Zuen fundazioan parte hartzen duten gehienak emakumeak ala gizonak dira?

Beti izan da altuagoa gizonezkoen portzentajea. Izanen emakumeekin lan handia egiten ari gara, ikusten dugu beraiek ere kontsumitzen dutela eta generoak, arlo honetan ere, zerikusia duela. Azken batean, emakumea programara beranduago etortzen da, gizartean gaiak duen pisuagatik. Beti esan zaigu gainerakoak zaindu behar ditugula, baina gure buruaz ahazten gara.

Behin erabiltzaileak prozesua amaitzen duenean, jarraipenik egiten al duzue?

Ez dugu jarraipenik egiten, baina asko etortzen zaizkigu agurtzera eta nola dauden kontatzera. Prozesua amaitzen duten guztiei gogoratzen diegu hor gaudela, eta laguntza behar badute, ez izateko zalantzarik eta gugana etortzeko. Azken finean, prozesua beraien bizitzako momentu bat izan da. Bizitza osoan gogorarazi behar al diegu gurekin egon zirela? Ez. Iraganeko kontua da. Boluntarioak ere baditugu fundazioan, eta beraien laguntzarekin gaiaren inguruko informazioa zabaltzera joaten gara azoketara. Boluntarioek askotan esaten digute jendea kasu egitera joan zaiela. Beste batzuk, berriz, atzean utzi dute garai hartakoa, eta nahiago dute ez egin. Hori ere errespetatu egin behar da. Halere, ondo daudela, ikasketak amaitu dituztela edota lana topatu dutela kontatzera etortzen direnean, a zer poza sentitzen dugun! Sekulako ilusioa egiten digu horrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide