Euskararen aurkako epaiaren inguruko adierazpena onartu du udalak, PSE-EEren kontrako botoarekin

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 26a, 11:18
Atzoko udalbatzarreko irudia. Adierazpenaren bozketa unea. (Maialen Etxaniz)

EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen harira eman berri duen epaiaren aurkako adierazpena onartu zen atzoko udalbatzarrean, EAJk proposatuta eta EH Bilduren eta Azkoitia Bai Elkarrekin alderdien aldeko bozekin. PSE-EEk adierazpenaren aurkako botoa eman zuen. Hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza ere izan zen eztabaidagai, eta Ana Azkoitia alkateak EH Bilduri "gezurrik ez erabiltzeko" galdegin zion. Azkoitiak nabarmendu zuen joan zen agintaldian gai hori landu zela, eta EAJk aurkeztu zuela ordenantza proposamenaren zirriborro bat. 

Azkoitiko udalbatzak urriko ohiko bilkura egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko areto nagusian. Besteak beste, Azkoitiko Udaleko hautatuen ordainsari eta dedikazioen aldaketaren onespena, udal langileen ordainsarien igoera gehigarriaren onespena, kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskararen harira eman berri duen epaia dela eta EAJren udal taldeak aurkeztutako adierazpena izan zituzten hizpide eta aztergai. 

Azkoitiko Udaleko hautatuen ordainsari eta dedikazioen puntua aho batez onartu zuten arren, Azkoitia Baiko ordezkari Jose Joakin Etxanizek hitza hartu zuen, eta gaiaz egiten duten hausnarketa plazaratu. "Gure taldea izan zen, hauteskunde ondoren, bakoitzak lortu zituen emaitzen araberako ordainsari eta dedikazioak izan behar zituela esan zuena, zinegotziko %25eko liberazioa bermatuz. Gobernuan dagoen taldeak ez ditu zenbaki horiek errespetatu. Ordainsarietan ere, guk eskatutako %20ko jaitsiera ez dute gauzatu, beraz gaur egungo liberatuen baldintzak ez dira gure taldearekin adostutakoak. Dena den, PSE-EEko zinegotziari %15eko liberazio bat eskaini zitzaion, guri, zinegotzi bat izan dugunean baino askoz gehiago, baina uko egitea erabaki duela dirudi. Urteak eraman genituen, udaletxean, oposizioko liberatu bat behar genuela esaten, eta azkenean EH Bilduk onartu zuen gure ustez hain beharrezkoa zen oposizioko kide baten eguneroko presentzia udaletxean. Gu ere, gaur egun, azken hauteskundeetako emaitzei esker, liberazio erdi batekin ari gara lanean. Laburbilduz, beti nahi izan dugu, gure herriko udal gobernua, ordezkaritza dugun talde denok osatzea, hauteskundeetako emaitzen arabera noski,  baina bakoitzak jakingo du bere taldea nola antolatu, eta zinegotzi berak hartutako erabakia onartuko dugu, nahiz eta gure ikuspuntua beste bat izan". PSE-EEko ordezkari Janire Igoak uztailean jakinarazi zuen ez zuela onartuko EAJk alderdi sozialistari egindako %15eko liberazio proposamena.

PSEk, adierazpenaren kontrako boza

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskararen harira eman berri duen epaia ere izan zen eztabaidagai atzokoan. Eztabaida baino, kontsentsua handiagoa izan zen, EAJk proposatuta eta EH Bilduren eta Azkoitia Bai Elkarrekin alderdien aldeko bozekin, epaiaren aurkako adierazpen instituzionala onartu baitzen. PSE-EEk ez zuen adierazpena babestu, eta Janire Igoak eman zituen azalpenak.

Igoa: "Guk adierazpenaren aurka bozkatuko dugu. Lehenik eta behin, beti epai judizialak errespetatzen ditugulako. Bere garaian alderdi sozialistak legedia honen aurkako boza eman zuen, eta konstituzioaren aurkakoa izan zitekeela adierazi zuen. Orain, Konstituzio Auzitegiak arrazoia eman digu, eta konstituzioaren aurkakotzat jo du legearen atal bat. Erakundeen funtzionamenduari buruzko dokumentazioa euskaraz idazteko aukera ematen duen legearen puntua, hain zuzen. Gu, euskararen erabilera babestearen eta sustatzearen alde gaude, hizkuntza eskubideak babestearen alde, eta epai honek ez dio kalterik egiten bi gauza horiei. Sozialistok hizkuntza eskubideen defentsaren alde gaude, hau da, herritarrek administrazioari libreki aukeratzen duten hizkuntzan hitz egiteko duten eskubideen alde gaude. Inolako inposaketarik gabe. Erakunde baten dokumentazio guztia hizkuntza bakar batean egotea gure hizkuntza eskubideen aurkakoa da". Era berean, azpimarratu zuen, PSE "euskararen erabilera babestearen eta sustatzearen alde" dagoela: "Ezkerreko alderdia gara eta badakigu non dauden gure lehentasunak. Agian sakoneko eztabaida egin beharko da herritarren euskalduntze handiagoa lortzeko egin behar den bidearen inguruan. Hala ere, azpimarratzen dugu euskararen erabilera sustatzearen eta babestearen alde gaudela". 

Adierazpenarekin, besteak beste, epaiaren aurka egin, eta Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioari babesa agertu diote EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Bai Elkarrekin alderdiek. Azaroaren 4an izango da mobilizazioa Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin. 

Urriaren 7an jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman duela. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrakoa, hain zuzen. Epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu dituzte.

Adierazpena osorik, behean. 

Hileta eta omenaldi zibilen ordenantza

Gai ordenatik kanpo, galde erreguen txandan, Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak beste gai bat ere atera zuen mahai gainera: Hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza. EH Bilduk joan zen astean plazaratu zuen oharraren harira, "gezurrik ez" erabiltzeko galdegin zion Azkoitiak koalizioari. Eztabaida sortu zuen auziak.

Azkoitiak adierazi zuenez, "ez da egia pausorik eman ez denik". Azkoitiaren hitzetan, aurreragoko agintaldian landu zen gaia: "2021eko batzordean landu zen gaia, eta batzorde baten ostean, oposizioari bidali genion udal honek landutako zirriborro bat, ordenantzaren zirriborroa. Zirriborro hori eta zuek joan zen astean plazaratutakoa alderatuz gero, badaude desberdintasunak, baina berdintasun asko daude. Zirriborro horrekin batera, hainbat herritako ordenantzen informazioa ere bidali genizuen. Beraz, gaia landu zen, baita beste taldeei ekarpenak egiteko eskaera egin ere". Era berean, aitortu zuen "gaia geldirik" egon dela, eta ez dela "aurrerapausorik" egin, baina auzia landu ez dela esatea "gezurra" dela nabarmendu zuen Azkoitiak. "Are gehiago, aurtengo irailean EH Bilduko kide batek berriro atera zuen gaia batzorde batean, eta hitz egin zen ordenantza horretaz. Akta onartuta dago, eta bertan ikus daiteke nola aipatu nuen berrartu beharreko gaia dela", esan zuen alkateak. Halaber, koalizioak aurkeztutako ordenantza proposamenean EAJk egindako proposamenak agertzen direla leporatu zion Azkoitiak EH Bilduri, tanatorioko gelari erreferentzia eginda. "Irailean atera zen gaia batzordean, eta handik hogei egunera zuek atera zarete zirriborro batekin, zirriborro hori gurearen ia berdina denean, dena zuek egin izango bazenute bezala. Hori ez da egiten", gaineratu zuen.

EH Bilduko ordezkari Asier Altunak erantzun zion alkateari, eta adierazi zuen pausorik eman ez izana dela EAJri leporatzen zaiona. Altuna: "Gaia aztertu aztertu da, baina gauzatu ez da egin. Beraz, gure kritika zentzu horretan kokatzen da. Ez da aztertu den edo ez zen aztertu, baizik ez dela burutu. Ados baldin bagaude, pentsatzen dut aurrera aterako dela". 

Azkoitiko Udalaren adierazpena osorik: 

"Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, Azkoitiko Udalak adierazten du:

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Udalak berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

2.- Udalak uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela.
Udalak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.

3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.

4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

5.- Udalak bat egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin eta herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide