2024ko udal tasak eta zergak erabakiko ditu udalbatzak gaur

Iraia Oteiza 2023ko urr. 5a, 09:00
Azkoitiko udaletxea.

Ezohiko udalbatzarra egingo dute gaur, 17:45ean, udaletxeko areto nagusian. Besteak beste, datorren urteko udal tasak eta zergak erabakiko dituzte.

Azkoitiko udalbatzak ezohiko udal bilkura egingo du gaur, 17,45ean hasita, udaletxeko areto nagusian. Erabaki beharreko bederatzi puntu zerrendatu dituzte, baina ordenantza fiskaletan jarriko dute bereziki arreta. Besteak beste, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga, edota eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zehaztuko dituzte. 2024rako taxi tarifen zenbatekoak ere eztabaidagai izango dituzte.

Hona hemen ezohiko udalbatzarreko gaien zerrenda:

  1. 2024rako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  2. 2024rako ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  3. 2024rako hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  4. 2024rako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  5. 2024rako udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  6. 2024rako zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.
  7. 2024rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi ekipamenduan eta Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez zergaduneko ondare prestazioa arautzen duen udal ordenantzaren I. eranskinaren aldaketaren hasierako onespena.
  8. 2024rako taxi tarifen onespena.
  9. Azkoitiko Hiri Antolaketako Arau Subsidiarioen 5. aldaketa puntualaren behin betiko onespenaren aurka abiatutako auzi prozeduraren baitan emandako dekretua berrestea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide