Ikasturtean ondutako zientzia eta teknologia proiektuak aurkeztu dituzte ikasleek

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2023ko eka. 9a, 15:22

Ikasleek plazara eraman dituzte ikasturtean zehar sortutako zientzia eta teknologia proiektuak. Aurten, guztira, bederatzi proiektu aurkeztu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleek. Ikasleek horietako zenbait lan aurkeztu dizkiote Erlo Telebistari.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatuta, Urola Erdiko bosgarren Zientzia eta Teknologia Azoka egin dute gaur goizean Azkoitiko Balda plazan. 11:00etatik 13:00etara bitartean, eskualdeko bost ikastetxetako ikasleek –Azkoitiko Floreaga Ikastetxea zein Azkoitia BHI eta Azpeitiko Urola Ikastola, Iraurgi Ikastetxea nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberri– ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte herritarren aurrean. Azokan izan dira, halaber, bi herrietako udal ordezkariak ere, eta horiek gertutik ezagutu dituzte ikasleen azalpenak.

Zaletasunak eta gaitasunak sustatzeko ZIMAT –Zientzia, Ingeniaritza, Matematika, Artea eta Teknologia– proiektua du abian Iraurgi Berritzenek, eta duela urte batzuk identifikatutako beharrei erantzuna ematea da helburu nagusia. Proiektuaren barruan, ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronka ezberdinak landu dituzte, eta hainbat proiektu garatzeko, arlo ezberdinetako ikerlariekin zein profesionalekin egoteko aukera izan dute. Modu horretan, ikasleek proiektuak garatu dituzten eremuetako errealitatea hurbiletik ezagutu dute.

Urola Erdiko garapen agentziak eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen IB Sareko hezkuntza arloan dago kokatuta ZIMAT egitasmoa. Eskualdeko bost ikastetxe horien lankidetza sustatzen duen espazioa da sare hori, eta nagusiki, jarduera DBH eta Batxilergo mailetara dago bideratuta. Hain justu, gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko inguru egokia sortzea da egitasmo horren helburua, ikastetxeen beharrak identifikatuz eta horiek asetzeko lankidetza proiektua sustatuz.

Aurten, guztira, bederatzi proiektu aurkeztu dituzte ikastetxeek. Teknologia eta digitalizazio arloko 'Arduino Proiektuak'; diziplina askotako 'Energia berriztagarriak' eta 'Baratze Munduaren Ardatza'; teknologia arloko '3D Diseinuak', 'Inkubagailu Programagarria', 'Hologramak' eta 'Zero Zabor'; biologia arloko 'Des-Konpost', eta kimika arloko 'Artea Laborategian' proiektua erakutsi dituzte Balda plazan. Ikasleek horietako hainbat azaldu dizkiote Erlo Telebistari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide