Donostiako Musika Hamabostaldia Azkoitira iritsiko da abuztuan

Andoni Elduaien 2023ko eka. 9a, 12:31
Felix Hell organista alemaniarra Azkoitian izango da. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Donostiako Musika Hamabostaldiaren emanaldiak eskualdeko bost herritan izango dira, tartean Azkoitian. Organo zikloaren barruan, Felix Hell organista alemaniarrak eskainiko du kontzertua abuztuaren 13an.

Donostiako 84. Musika Hamabostaldia Azkoitira iritsiko da abuztuan. Donostiako eta Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dituzte Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuak, tartean herrian.

Hain justu, abuztuaren 13an izango da Azkoitian musika kontzertua, eta organo zikloaren barruko kontzertua emango du Felix Hell organista alemaniarrak Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, 20:00etan hasita. Bach, Franck, Barber eta Liszten lanak eskainiko ditu Hellek Azkoitian.

Azkoitiko kontzertuaz gain, Azpeitian, Getarian, Orion eta Zumaian ere izango dira kontzertuak, abuztuaren 6tik 26ra bitartean. Donosti Ensemble taldea, Mami Sakato organista, Intonationes taldea, Duo Cassado eta Iruñeko Ganbera abesbatzaren emanaldiak izango dira eskualdeko beste lau herri horietan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide