Elkarretaratze jendetsuarekin salatu dituzte Sanjuandegiko jaietako eraso matxistak

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 8a, 11:36
Sanjuandegi auzoan elkarretaratzea, atzo arratsaldean. (Mailo Oiarzabal)

Joan den asteburuan, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko jaietan Azkoitiko emakume batek eraso matxista jasan zuen. Atzo elkarretaratzea egin zuten auzo horretan, festetan jazotako erasoak salatzeko, eta herritar ugarik erantzun zioten Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak deitutako mobilizazioari.

Azpeitiko Sanjuandegi auzoko Jose Antonio Agirre plazan herritar ugari elkartu ziren atzo arratsaldean, joan den asteburuko jaietan gertatutako eraso matxistak salatzeko eta erasotuei babesa adierazteko Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak deitutako elkarretaratzeari erantzunez.

Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak atzo adierazi zuten "mota desberdinetako indarkeria matxista kasu ugari" izan zirela joan den asteburuko jai giroaren barruan, gutxienez bi kasuri erantzuteko festetako protokoloa aktibatu zutela gaineratuta. Erasotutako emakume bat azkoitiarra zela jakinarazi zuen atzo udalak, eta erasoa "irmo" salatu zuen.

Ia ordu erdi iraun duen elkarretaratzearen bukaeran, bertaratzeko deiarekin plazaratutako oharra irakurri zuten deitzaileek, eta txalo artean hartu zuten irakurketa plazan elkartutakoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide