Begirada nazioartean zabalduz

Nerea Uranga 2023ko eka. 8a, 10:15
Gorka LarraƱaga artista azkoitiarra.

Gorka Larrañaga sortzaile azkoitiarrak Bennu Company-ren Between erakusketan erakutsi ditu lanak, Hego Korean. Euskal Herriko eta hango hamabi artistaren obrak bildu dituzte.

Mondragon Unibertsitateko gazte ekintzaile talde batek Bennu Company egitasmoa jarri du martxan nazioarteko kultur egitasmoak uztartzeko. Azkena, Euskal Herriko eta Hego Koreako artearen elkartrukerako Between izenburuko erakusketa osatu dute, eta besteak beste, Gorka Larrañaga sortzaile azkoitiarra gonbidatu dute erakusketa horretan parte hartzera.

Hala, maiatzaren bukaeratik, Hego Koreako Haeri Book Villageko arte galerian herrialde horretako eta Euskal Herriko arte garaikideko hamabi sortzaileren proposamenak jarri dituzte Between erakusketan. Pintura, grafika, eskultura edota instalazioak ipini dituzte erakusgai. Gainera, erakusketa birtual bat ere sortu dute bi herrialderen arteko elkartrukeko lanekin; Spatial webgunearen bidez ikus daiteke Between izeneko erakusketa.

Between erakusketan hamabi artistaren lanak bildu dituzte. Euskal Herritik gonbidatutako artistak sei izan dira; Larrañagaz gainera, Carlos Corres, Uxue Iruretagoiena, Ainhoa Martinez, Marga Villaverde eta Javier Soto. Eta Hego Koreakoak izan dira beste sei artistak: Noh Hyun Jung, Kim Hyung Sook, Ghim Taedeog, Choe Dong One, Kim Gamin eta Kim Hyeonjeong.

"Asiara jotzeko gogoa"

Azkoitiar sortzaileak Donostiako Arteztu arte galeriaren bidetik jaso zuen Hego Koreako erakusketan parte hartzeko gonbidapena. "Bennu Companya egitasmoa abiatu zuten gazteek Arteztu galeriara jo zuten, Hego Korearekin arte elkartrukea prestatzeko. Galeriako arduradunak nire lanaren berri eman zien, eta bide horretatik, gazteek beren egitasmoan parte hartzera gonbidatu ninduten. Urte asko egin ditut Mexikon lanean, eta beti izan dut Asia aldera ere jotzeko gogoa".

Larrañagak fisikoki hiru grabatutan eta bi gutun-azaletan egindako bi obra aurkeztu ditu Hego Koreako erakusketan. Iaz Mexiko Hiriko La Trampa Grafica Contemporanea tailerreko egonaldian ekoiztu zituen grabatuak. "Estetika mutantearen eta naturalistaren arteko nahasketa irudiak agertzen dira grabatuetan", azaldu du. Gutunazaletan landu dituen bi lanak, berriz, gouache teknikarekin egindako marrazkiak dira. Lan horiekin batera, Azkoitia azaltzen den postal batean bere burua aurkezteko testu bat idatzi eta erakusketan erakutsi du.

Lan horiez gain, erakusketa birtualean beste lau artelan eta ikus-entzunezko bat erantsi ditu Larrañagak.

Hego Korean erakutsi duten arte lan multzoa gero Euskal Herrian erakusteko asmoa dute Bennu Companya egitasmoaren antolatzaileek. Ez dute zehaztu, ordea, noiz eta non izango den.

Azkoitia, Mexiko, Espainia, Azkoitia, Hego Korea... nazioartean ibilbide luzea osatu dute Larrañagaren obrek. Sortzaile baten lana bere obrari hedapena eta zabalkundea ematea ere badela dio azkoitiarrak: "Artistaren lanaren zati bat ere bada bere lana ahal den eta begirada gehienetara zabaltzea. Gainera, begirada horien jatorria beste kultura batzuetakoa bada, orduan eta aberatsagoa da".

Mexikon bizi eta lan egindako urteetan "mexikartu" egin zela dio, eta "ukitu" horri heltzen diola bere lan "koloretsuetan eta barrokoetan". Azkoitira itzulitakoan, Asiara joateko gogoa sentitu duela esan du, uste duelako lurralde horretan bere lanek tokia izan dezaketela. "Pentsatzen dut nire lanak badituela osagaiak hangoen begirada erakartzeko, eta benetan horrela den egiaztatzeko gogoa dut".

Bere lanaren zati bat erakutsi du Larrañagak Hego Korean, baina ez du hara bidaiatzeko aukerarik izan. Dena den, datorren urtean hara joateko gauzak lotzen hasita dago: "Between erakusketa jarri den Hego Koreako arte galeriako zuzendariarekin bildu naiz, eta datorren urtean bertan bakarkako erakusketa bat zabaltzeko eta sormen egonaldia egiteko aukeraz hitz egin dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide