Xabi Artetxek utzi egingo dio Anaitasuna futbol taldearen gizonen entrenatzaile izateari

Andoni Elduaien 2023ko eka. 7a, 16:52
Xabi Artetxe Anaitasunaren mutilen lehen taldeko entrenatzaile ohia. (Anaitasuna)

Artetxek sei urte egin ditu Anaitasunaren gizonen lehen taldea zuzentzen, eta orain, agur esango dio herriko futbol taldeari. Azkoitiarrak esker hitzak zuzendu dizkie bere bueltan ibili diren guztiei, eta adierazi du "urte batzuetara berriro elkartzea espero" duela.

Xabi Artetxek utzi egingo dio Anaitasunaren gizonen lehen taldeko entrenatzaile izateari. Anaitasuna futbol taldeak duela minutu gutxi eman du erabaki horren berri sare sozialetan jarri duen bideo baten bidez. Aurrez lehen taldeko jokalaria eta prestatzaile fisikoa izan den Artetxek sei urte egin ditu Anaitasunaren gizonen lehen taldea zuzentzen, eta orain, agur esango dio herriko futbol taldeari.

Artetxek bideo horretan azaldu duenez, bere helburu nagusia Anaitasuna Hirugarren Mailara igotzea eta maila horretan finkatzea izan da. "Lortu dugu helburu hori, eta alde horretatik, lasaitasun puntuarekin ematen diot amaiera etapa honi". Gizonen taldeko entrenatzailea izan denak "eskerrak" eman dizkie, besteak beste, zaleei, zuzendaritza batzordeari, klubaren egunerokotasunean lan egiten dutenei, berekin batera talde teknikoa osatu dutenei eta jokalariei. "Eskerrik asko urte hauek guztiengatik. Espero dut hemendik urte batzuetara berriro elkartuko garela, eta gero arte bat bakarrik izango dela".

Xabi Artetxek sei urte horien errepasoa urtez urte egin du bideoan, eta taldeko hainbat jokalari azkoitiarrek ere esker hitzak izan dituzte entrenatzailearentzat. Besteak beste, Ander Arabaolaza, Mikel Aramendi, Xabi Soraluze, Unai Aranbarri, Mikel Pastrian eta Markel Eskurtza jokalariek entrenatzaileari zuzendutako esker hitzak izan dituzte. Honako hau da Anaitasunak sare sozialetan jarri duen bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide