Garbiñe Muguruza tenislariak Txerloiko tenis pistak bisitatuko ditu uztailaren 7an

Andoni Elduaien 2023ko eka. 7a, 11:26
Azkoitia, Peña, Zubizarreta eta Zendoia, estalitako tenis pistan. (Andoni Elduaien)

Txerloiko estalitako tenis pistak Garbiñe Muguruza izena hartuko du aurrerantzean. Arrazoi hori medio eta tenislariaren sustraiak Azkoitian daudela baliatuta, Muguruzak Azkoitia bisitatuko du San Fermin egunean.

Garbiñe Muguruza tenislari profesionala Azkoitira etorriko da uztailaren 7an, San Fermin egunez. Javier Zubizarreta alkateak, Ana Azkoitia alkateordeak eta Karmen Zendoia nahiz Ainhoa Peña Txerloia tenis klubeko kideek gaur, asteazkena, goizean eman dute orain arte sekretua izan den berria, Txerloiko estalitako tenis pistan. Gainera, alkateak jakinarazi du pista horrek Muguruzaren izena eramango duela aurrerantzean. "Pista honi Garbiñe Muguruza izena emango diogu, eta egokitzeko lanak egiteko materiala eskatuta dugu".

Uztailaren 7an, "pasadizo xumea" egingo du Muguruzak Azkoitian, kasik "familia girokoa". Besteak beste, Arthur Borges bikotekidea, Jose Antonio Muguruza aita, osaba bat eta lehengusuak etorriko dira herrira, baita Cecilia Casla bere agentea ere. "Muguruza bitartekari izanda, herriko tenis klubari bultzada ematea da asmoa".

Iaz egokitu zuten estalitako tenis pistaren inaugurazioa borobiltzeko asmoz hasi zen udala tenis munduko erreferente bat herrira ekarri nahian. Muguruza tenislariaren aita azkoitiarra izanda, hortik hasi ziren kontuari tiraka. "Muguruza Azkoitira etortzeko aukerarik ba ote zegoen aztertzen hasi ginen iaz. Orain, kontua itxita dago, baieztatu du hark bere etorrera eta bazkari bat egin ondoren, arratsaldean Txerloiko estalitako pistan izango da tenis klubeko neska-mutilekin". 250 ikasle ditu egun Txerloia tenis klubak, eta alkateak aurreratu du Muguruzak "oparitxo batzuk" ekarriko dituela haientzat guztientzat.

Bisita lotzea, "bide luzea"

Hain justu, iaz gaurko egunez inauguratu zuten estalitako tenis pista. Udalak duela urte eta erdi abiatu zituen kontaktuak Muguruza Azkoitira etor zedin. "Kontaktuak oso luzeak izan dira. Jose Mari Floresek Muguruzaren agentearen kontaktua lortzeko lana egin zuen, baina hura lortu eta gero, etenaldi handiak izan ditugu; abenduaren 20tik apirilaren 3ra arte, esaterako, etenda egon ziren harremanak. Lau hilabetez kontaktua galduta eduki genuen".

Muguruzak lehiatzeari utzi dio aurten. Garaipenik lortu gabe bost hilabetez egon eta gero, bere tenis jarduna etengo zuela iragarri zuen. "Gorabehera handiak izan zituen, bere programa zein prestatzaile fisikoa aldatu zituen. Maila baxuagoko txapelketetan ere parte hartu zuen, indarberritu eta gora egingo zuela pentsatuta, baina etena hartzeko erabakia hartu zuen. Gaur-gaurkoz, etenaldi horretan dago, eta barruak hala eskatzen badio, berriro itzuliko da", adierazi du alkateak.

Udal ordezkarien "sorpresarako", apirilean Muguruzaren agentea bera jarri zen udalarekin harremanetan. "Lasaiago zebiltzala eta bisitaren kontua berrartuko al genuen galdetu ziguten. Behin harreman hori lortuta, etenik gabe joan gara guztia lotzen. Agentea apirilaren 14an etorri zen Azkoitira, eta gero, ekitaldia uztailean egiterik izango al genuen galdetu ziguten", esan du Zubizarretak. Apiriletik hona "zuzeneko harremana" izan dute, eta hori horrela, San Fermin egunerako lotu dute hitzordua. "Gaur pozik esan dezakegu uztailaren 7an tenislariaren bisita jasoko dugula". Alkatearen esanetan, tenislaria "duela lau urte" egon zen azkenekoz Euskal Herrian, eta Whatsapp bidez izan duten hartu-emanean "beti" erakutsi du Muguruzak "berriro itzultzeko nahia".

Bestalde, Txerloia tenis klubeko Peña kideak nabarmendu du "sekulakoa" dela mundu mailan horren ezaguna den tenis jokalari bat Azkoitira etortzea. "Umeek badakite Wimbledon, Roland Garros eta Masterra irabazi duen norbait datorrela Azkoitira, baina ez dakite nor den. Tenis eskolari sekulako indarra emango dio, eta espero dugu berari ere laguntzea; hemen hartuko du berriro gora egiteko indarra".

Muguruza, handietako bat

Muguruza Venezuelan jaio zen, eta han bizi izan zen 6 urte bete arte. 4 urte zituela hasi zen tenisean, eta 6 urte bete zituenean Bartzelonan hasi zen entrenatzen. 2014ko urtarrilean Australiako Hobart International txapelketa irabazi zuen, eta ondorioz, WTA sailkapeneko 58. postutik 38. postura igo zen. 2015ean jokatu zuen Grand Slam txapelketako lehen finala; txapeldunorde gelditu zen Wimbledon txapelketan, Serena Williamsen aurka galdu ondoren.

2016an, berriz, bere lehen Grand Slama irabazi zuen, Roland Garros txapelketako koroa lortuta. Bigarren Grand Slama 2017an irabazi zuen, Wimbledon txapelketa bereganatuta. 2020an, Australiako Irekian finala jokatu zuen, baina Sofia Kenin nagusitu zitzaion.

Garbiñe Muguruza tenislaria. (Garbiñe Muguruza/Facebook)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide