Txikito dinastiak jasoko du aurtengo Pilotari Eguneko omenaldia

Ane Olaizola 2023ko eka. 7a, 09:28

Larunbatean Pilotari Eguna ospatuko dute zazpigarrenez Azkoitian, eta herriak kirol horrekin duen lotura bistaratzeko, pilotazaleen epizentro bihurtuko da Kontzejupea.

Larunbatean pilotak hartuko du Kontzejupea eta haren ingurua, herriak historikoki kirol horrekiko duen lotura ikusarazteko asmoz. Txulue elkarteak antolatuta, pilotazaleek zein herritarrek zazpigarren aldiz ospatuko dute Pilotari Eguna, eta egitasmoaren bidez, herriak emandako pilotariak gogoratuko dituzte hara bertaratzen direnek. Hain zuzen, pilotaren historian lekua egina duten txikitotarrak omenduko dituzte herritarrek aurtengoan: Jose Joakin Larrañaga, Luis Larrañaga, Jose Maria Larrañaga, Lope Larrañaga, Angel Larrañaga, Victor Larrañaga, Manolo Larrañaga, Jesus Maria Larrañaga, Jokin Larrañaga... Pilotarien dinastia handia da azkoitiar horiena, eta sendiak jasoko du 13:00etan egingo duten Pilotari Eguneko aitortza. Ohikoa den moduan, gainera, haien ardura izango da egunari hasiera ofiziala emango dion pilotakada jaurtitzea.

Aurreko edizioetako egitarau berdintsua prestatu dute antolatzaileek aurtengorako: txistularien kalejirak iragarriko du Pilotari Egunaren hasiera, eta umeentzako buruhandiak eta erraldoiak ere izango dira goizean zehar. 

Era berean, emakumeen pilota partidak izango dira goizean; Arrieta azkoitiarrak eta Mujikak Iturriaga eta Orbegozo azpeitiarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Eguerdiko omenaldiaren ostean, berriz, eguneko bigarren partida izango da Kontzejupean; gizonena. Iaz bezala, aurten ere Pilotari Egunean parte hartuko du Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.ak, eta harekin batera arituko da pilota munduan zale ugari dituen Yves Salaberri Xala. Esku pilota profesionaleko bi kirolariek elkarrekin osatuko dute bikotea, eta horiek Andreu eta Goenaga azkoitiarren aurka arituko dira. 

Segidan, bazkaritarako elkartuko dira pilotazaleak Berdura Plazan, eta antolatzaileen esanetan, aurten 130 bat lagun bilduko dira herri bazkarian. Dagoeneko  itxita dago harako txartelak erosteko epea.

Finalerdiak, gaurtik

Arratsaldean, bestalde, pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita. Hain zuzen, gaur, bihar eta etzi izango dira finalerdiak Kontzejupean, 19:00etan hasita, eta hango irabazleek finalerako txartelak lortuko dituzte. Gizonen bi eta erdiko finalerdiak Iraitz-Matxin eta Jokin Aranbarri-Zabalek jokatuko dituzte, gaur; bihar, emakumeen binakakoaren finalerdiak izango dira, eta Malen eta Eneritz, Maria eta Oihanaren aurka arituko dira; Maria eta Haizea bikoteak, berriz, Jone eta Ane bikotearen aurka jokatuko du. 

Etzi, gizonen binakako txapelketaren txanda izango da: Oier eta Kuku Ugaitzen eta Torriaren aurka arituko dira; Azpiazuk eta Zapirainek, berriz, Jokin Aranbarrirekin eta Julen Aranbururekin neurtuko dituzte indarrak

PILOTARI EGUNEKO EGITARAUA

  • Ekainak 10, larunbata

- 11:00-13:30. Txistularien kalejira, erraldoi eta buruhandiekin.
- 12:00. Emakumeen pilota partida: Arrieta-Mujika Iturriaga-Orbegozoren aurka. 
- 13:00-13:15. Pilotakada. Txikito dinastiari omenaldia. 
- 13:30. Gizonen partida, Kontzejupean: Andreu-Goenaga-Bengoetxea VI.-Xalaren aurka. 
- 14:30. Bazkaria. 
- 18:30. Txapelketako finalak­: gizonen binakako finala, emakumeen binakako finala eta mutilen bi eta erdiko finala. 
- Arratsaldean zehar. Azkoitiko trikitilari gazteak ibiliko dira kaleak girotzen. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide