Oteiza elkarteko pilotariek Berria Txapelketako kanporaketa jokatuko dute gaur, Gurea pilotalekuan

Andoni Elduaien 2023ko eka. 9a, 08:56
Andoainen jokatutako kanporaketako talde argazkia. (Oteiza)

Txapelketaren final laurdenetako partidak jokatuko dituzte gaur, 19:00etan hasita. Kadete, gazte eta nagusien mailako partidak jokatuko dituzte Iruñeko Oberena pilota elkarteko pilotarien aurka.

Gaur, ostirala, XVII. Berria Txapelketaren final laurdenetako kanporaketa jokatuko dute Oteiza elkarteko kideek, Gurea pilotalekuan. 19:00etan hasiko da kanporaketa, eta pilotari azkoitiarrek Iruñeko Oberena elkarteko kideak izango dituzte aurrean. Andoaingo (Gipuzkoa) Gazteleku elkartearen aurka jokatu zuten azkoitiarrek final zortzirenetako kanporaketa, eta gazteen nahiz nagusien mailako partidak irabazita lortu zuten aurrera egitea.

Iruñarrak izango dituzte orain aurkari azkoitiarrek. Kadeteen, gazteen eta nagusien mailako hiru partida jokatuko dituzte Gurean. Kadeteen mailan, Arregik eta Galarzak osatuko dute azkoitiarren bikotea, eta aurrean izango dituzte La Calle eta Del Rey II.a. Gazteen mailan, Etxaniz eta Egaña arituko dira Oteiza elkartea ordezkatzen, eta horiek Lopez eta Oscar izango dituzte arerio. Nagusien mailan, berriz, Oteizak eta Azkoitiak jokatuko dute, eta Garcia-Garcia bikotea izango dute kontrario.

Pilotalekurako sarrera doakoa izango da, eta beraz, pilotazaleek herriko pilotariak ikusteko aukera izango dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide