Elosuan Otaba jaiak ospatuko dituzte larunbatetik astelehenera bitartean

Andoni Elduaien 2023ko eka. 7a, 08:54
Iazko erromeri bateko argazkia. (Ibon Errazu)

Larunbatetik astelehenera bitartean izango dira auzoko jaiak. Igandean, Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta astelehenean, Otaba Txiki Eguna. Elizkizunak, bazkari-afariak, erromeriak eta bestelako hamaika ekintza antolatu dituzte jaietarako.

Elosuan Otaba jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan. Larunbatetik datorren astelehenera bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte auzoko jaiak ospatzeko. Larunbat arratsaldean hasiko dituzte jaiak Azkoitia eta Bergara arteko auzoan, eta astelehen gauerdian amaituko dituzte.

Jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute zapatuan 15:00etan, auzoko bandera altxatuko dute elizako kanpai hotsek lagunduta. 16:30ean, berriz, mus txapelketa egingo dute, eta 20:30ean, bertso afaria. Maialen Akizu eta Aitor Sarriegi bertsolariak arituko dira bertsotan. Afarirako izena eman beharko da aurrez, eta horretarako 688 92 00 86 telefono zenbakira deitu beharko da.

Igandean, Jubilatuen eguna ospatuko dute auzoan. 12:00etan, meza nagusia egingo dute Elosuko San Andres elizan. 12:30ean, berriz, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko pilotalekuan. 14:00etan, jubilatuen bazkaria egingo dute Elurmendi elkartean. Bazkarirako izena eman beharko da, 688 92 00 86 telefono zenbakira deituta. 18:00etan, bestalde, herriko kirol ikuskizuna izango da auzoko plazan. Paulo Azpiazu eta Ainitze Zumeta arituko dira harri jasotzen, eta aizkoran, Ugaitz Mugertza eta Maika Aristegi. Ikuskizuna amaitu bezain pronto, erromeria hasiko da.

Astelehenean amaituko dira jaiak Elosuan, Otaba Txiki egunarekin. 12:00etan, hildako auzotarren aldeko meza izango da San Andres elizan. 13:00etan, Piskolabitx egingo dute, eta 15:00etan, auzo bazkaria. 19:00etan, ostera, trikipoteoa izango da auzoan, eta 21:00etan, auzo afaria eta erromeria. Auzoko jaiak gauerdian amaituko dira, bandera jaitsierarekin.

Hona hemen Otaba jaien egitaraua:

Larunbata
  • 15:00etan, jaien hasiera. Banderaren jasotzea, txupinazoa eta kanpai hotsak.
  • 16:30ean, mus txapelketa.
  • 20:30ean, bertso afaria Maialen Akizu eta Aitor Sarriegi bertsolariekin.
Igandea, Jubilatuen Eguna
  • 12:00etan, meza nagusia.
  • 12:30ean, pilota partidak.
  • 14:00etan, jubilatuen bazkaria Elurmendi elkartean.
  • 18:00etan, herri kirolak.
  • Ondoren, erromeria.
Astelehena, Otaba Txiki Eguna
  • 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza.
  • 13:00etan, Piskolabitx.
  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • 19:00etan, trikipoteoa.
  • 21:00etan, auzo afaria eta erromeria
  • 00:00etan, bandera jaitsiera eta jaien amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide