Sidenorreko langileen behin-behinekotasuna salatzeko, elkarretaratzea egingo dute ostegunean

Ane Olaizola 2023ko eka. 6a, 15:36
Martxoaren 24an egin zuten elkarretaratzeko irudi bat. (Langile Batzordea)

Langile Batzordearen arabera, hamasei langile inguruk lau, bost edo sei urte daramatzate aldi baterako kontratuarekin lanean. Beharginak joan den martxotik kontzentrazioak egiten ari dira Azkoitiko lantegiaren aurrean, eta "zuzendaritzaren erreakzio falta" eta "utzikeria" medio erabaki dute afera publiko egitea eta protestekin jarraitzea.

Sidenorrek Azkoitian duen lantegiko beharginek beste elkarretaratze bat egingo dute ostegunean, hilaren 8an, enpresaren aurrean, zuzendaritzak langileen behin-behinekotasunarekin amai dezan eskatzeko. Hango Langile Batzordeak (ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO) deituta, langileak joan den martxotik ari dira kontzentrazioak egiten lantegiaren atarian, eta "zuzendaritzaren erreakzio falta" eta "utzikeria" medio erabaki dute afera publiko egitea eta protestekin jarraitzea.

Langile Batzordearen esanetan, enpresan "urte asko" daramatzate enplegua "nola suntsitzen den" eta "egiturazkoak" diren zenbait lanpostutan "behin-behinekotasun amaigabea nola mantentzen den" ikusten. Datuak eman dituzte: duela bost urte baino 110 langile gutxiago — 90 finko eta 20 behin-behineko— daude egun, eta horietatik hamasei langile inguruk lau, bost edo sei urte daramatzate aldi baterako kontratuarekin lanean. Batzordearen arabera, enpresak behin-behineko langileekin betetzen ditu "egiturazkoak" diren lanpostuak, eta onartezintzat jo du egoera: "Azkoitiko lan-zentroko egiturazko lanpostu guztiak langile finkoekin betetzeko ordua da".

Sindikatuek azpimarratu dutenez, hilabeteak igaro dira zuzendaritzari eskatu zienetik lau urte baino gehiagoz behin-behinean lanean ari diren langileei kontratu mugagabea egiteko. Enpresaren erantzuna, ordea, "ezezko irmoa" izan dela azaldu dute horiek: "Epe laburrean ez dute langile gehiago finko egiteko aurreikuspenik". Hori horrela, lankideek bizi duten "egoera bidegabea publiko egiteko garaia" dela erabaki dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide