Vicente Molina: "Egiaren distira transmititu nahi dugu"

Nerea Uranga 2023ko eka. 6a, 10:06
Vicente Molina margolaria, Azkoitiko Portaleburu aretoan bere artelan batekin. (Nerea Uranga)

Antonio Oteiza eta Vicente Molina margolarien obrekin Serenus illuxit erakusketa zabaldu dute Azkoitiko Portaleburu aretoan. Ekainaren 18ra arte, egunero izango da margolanak ikusteko aukera.

Serenus illuxit erakusketa zabalik dago joan den ostiraletik Azkoitiko Portaleburu aretoan. Antonio Oteiza (Donostia, 1926) eta Vicente Molina (Madril, 1956) artisten margolanak bildu ditu Potaleburuko hormetan Antonio Oteiza fundazioak, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Erakusketa ekainaren 18ra arte egongo da zabalik. Hain justu, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte aretoaren ateak. Larunbatetan eta igandeetan, goizez ere zabalik egongo da gunea, 12:00etatik 14:00etara. Oteizak osasun arazoengatik ezin izan zuen erakusketaren irekieran egon, baina Molina han izan zen, eta «oso eskertuta» azaldu zitzaien erakusketaren antolatzaileei.

Antonio Oteizaren eta zure obrak ikus daitezke Serenus illuxit erakusketan. Noiztik ezagutzen duzu Oteiza?
1994. urtean Salamancako [Espainia] Artea eta Fedea Kongresuan ezagutu nuen Antonio. Astebete iraun zuen kongresuak, eta mahai inguruak, lanerako tailerrak eta abar izan genituen. Han ezagutu nuen, eta ondoren, Madrilen hainbat konbentutan egin genuen topo; Medinacelin, Useran, eta azkenaldian, Pardon. Gaur egun, Pardon dago Antonio, eta noizik eta behin hura bisitatzera joaten naiz hara. Burgo de Osmara [Espainia] ere etorri izan da bera, eta nire etxean hainbat alditan egon izan da denboraldi batzuk pasatzen nahiz lanean. Gertuko harremana daukagu. Horrez gain, esan beharra daukat niretzako erreferentzia ere badela Antonio; hark eraman duen bizitza, hark duen kontzeptu artistikoa, daukan esperientzia guztia... Niretzako aberasgarria izan da hori guztia, eta ni haren lanaren mireslea naiz.

Zer aurkezten duzue Serenus illuxit erakusketan?
Lehenik eta behin, adiskidetasun keinu bat da erakusketa, urteetan elkarrekin izan dugun adiskidetasunarena; artistikoki ere gertuko ibilbidea izan dugu. Erakusketan jarri ditugun obrekin ikusten ez den hori transmititzea da gure nahia; gure barrenean, sakonenean, dugun hori azaltzea, alegia. Bisio transzendente batekin azaltzen dugu hori, obrak ikusten dituenak transzendentzia hori hauteman dezan. Begiek ikus dezaketenaz haratago, egiaren distira hori transmititu nahi dugu erakusgai jarri ditugun artelanekin. Azkenean, egia hizki larritan, ontasuna baita.

Kartoiaren gainean margotutako obrak jarri dituzu erakusketan. Nolatan kartoian?
Margolanen euskarri gisa material desberdinak erabiltzea gustatzen zait; egun, esaterako, propilenoa darabilkit. Erakusketan kartoian egindako batzuk jarri ditut. Izan ere, kartoi bakoitzak bere lengoaia du: kartoia busti eta erreakzionatu egiten du; kartoi batean atzamarkatu eta marka gelditzen da... Kartoiak bere ibilbidean gertatzen zaionaren arrasto guztiak jasotzen ditu; eta behin erabili ondoren, bota egiten da. Erabilitako kartoiek bizitza propioa dute, eta izan duen ibilbidea deskubritzen da bertan. Giza arimaren antz handia du: gizakia oinez doa, eta gauzak gertatzen zaizkio; bizitako gertaera horiek pertsona horren barrenean gelditzen dira, gizakiarengan eragiten dute. Apurtutako kartoi hori hartu eta artelan batean transformatzen dut nik.

Margotzeko zer pintura erabili duzu?
Akrilikoa edota enpaste akrilikoak erabiltzen ditut. Akrilikoa ez delako kaltegarria eta ez daukalako usainik; usainekin oso sentsiblea naiz, eta oso gaizki pasatzen dut. Eta material horiek ez didate minik egiten.

Hainbat obra jarri dituzu erakusgai Azkoitian. Zer-nolako lanak dira?
Zaharrenak 2004. urtean egindakoak dira, ni gaixo nengoen garaikoak; muin inplantea egin berri nengoen orduan. Garai bakoitzean zerbait desberdina egiten da, zerbait desberdina ateratzen da barrenetik.

Material desberdinekin lan egitea gustatzen zaizula esan duzu. Orain, zer ari zara lantzen?
Propilenoarekin ari naiz orain lanean; distira ematen dit material horrek, eta kalitate desberdina. Propilenoak pinturarekin erreakzionatu egiten du, eta kolore desberdinak eskaintzen ditu; alegia, urre koloreko propilenoaren edota zilar kolorekoaren emaitza desberdina da. Opariak biltzeko-eta erabiltzen dena materiala da margotzeko erabiltzen dudana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide