Azkoitia GXF-Sustapena xake txapelketa jokatuko dute igandean Elkargunean

Andoni Elduaien 2023ko eka. 5a, 08:46
Iazko xake txapelketaren irudietako bat.

80 xake jokalarik baino gehiagok parte hartuko dute igandean Elkargunean jokatuko den proban. Zuzendaritza batzordeak adierazi nahi du "oso gustura" daudela txapelketa hau antolatzen jarraitzeko aukera dutelako.

Igandean, hilak 11, Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa jokatuko dute Euskal Herriko dozenaka xake jokalari gaztek Elkargunean (10:00). Lehen Gaztedi bezala ezagutzen zen egitasmoa da Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa. Gipuzkoako xakearen belaunaldi berrien sustapenerako eta xake jokalari horien gozamenerako iturria da Azkoitiko proba.

Aurtengoan, arrazoi desberdinak tarteko, gutxi izan dira final honetara sailkatzeko jokatu diren zonaldekako lehiak, eta hori horrela, Anaitasuna Kakute Azkoitiko xake klubak adierazi du parte hartzaile kopurua osatzen ahaleginduko direla.

20 urtez azpikoen maila da aurtengo kategoria nabarmenena. 24 jokalarik parte hartzea aurreikusten da, eta gainera, maila onekoak: Vesgak, Odriozolak eta Gimenezek, esaterako, 2.000 puntu baino gehiago dituzte nazioarteko Fide rankingean. 14 urtez azpiko proban 29 jokalari daude gaur-gaurkoz izena emanda, eta horien artean aipatzekoak dira Tafall, Algans eta Rodriguez. Txapelketa irabazteko faboritoak hiru horiek badira ere, gainerako parte hartzaileek ez dizkiete gauzak errazak jarriko. 12 urtez azpiko lehian, oraingoz, 35 jokalarik eman dute izena.

Partaideen artean izango dira Anaitasuna Kakute klubeko kideak ere. Guztira, bederatzi taldekidek parte hartuko dute txapelketan, eta ziur asko txukun arituko dira horiek. Ikasturtean eta Gipuzkoako teknifikazio saioetan ikasitakoa mahai gainean erakusteko aukera izango dute azkoitiarrek. Zuzendaritza batzordeak adierazi nahi du "oso gustura" daudela txapelketa hau antolatzen jarraitzeko aukera dutelako, eta eguna "Gipuzkoako xakearen trebezia guztiak garatzen jarraitzeko" baliatu nahi dute.

Larunbatean, Billabonan

Joan den larunbatean, X. Behar Zana xake txapelketa jokatu zuten Billabonan (Gipuzkoa), eta han izan ziren Anaitasuna Kakute taldeko kideak ere. Guztira, 51 lagunek parte hartu zuten proban, eta A. Alvarez nagusitu zen, J.C. Lakunzaren eta J. L. Alfaroren aurretik. Azkoitiarrek txapelketa ona osatu zuten; J. J. Larrañagak hamabosgarren postua lortu zuen, hamaseigarrena izan zen M. Paredes, hogeigarren postua erdietsi zuen J. C. Fernandezek, 45. postua U. Juradok, 48. postuan sailkatu zen A. Garcia, eta 49. postuan amaitu zuen txapelketa I. Juradok.

Datorren larunbatean, Anaitasuna Kakuteko hainbat lagun Legazpira (Gipuzkoa) joango dira, han jokatuko baititu Markel Vesga jokalariak aldibereko zenbait partida. Mailaz maila gora egiten ari den jokalaria da Vesga, eta duela gutxi bigarrena izan da 28. Landen Hegoaldeko Txapelketan, nazioarteko xake jokalari askoren aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide