Trinitateak ospatuko dituzte bihar Oletan

Andoni Elduaien 2023ko eka. 3a, 08:47
Oletako gurutzearen ondoan egin ohi dute festa.

Meza, erromeria, toka txapelketa eta bazkaria egingo dituzte igandean, Oleta mendian. Eguraldiak laguntzen ez badu, bazkaria Aginaga auzoan (Zumarraga) ospatuko dute.

Bihar, igandea, trinitateak ospatuko dituzte Azkoitia eta Zumarraga artean dagoen Oleta mendian (756 metro). 10:30ean, Zumarragako Aginaga auzoan elkartuko dira festaren antolatzaileak eta jaian parte hartzeko asmoa duten herritarrak, handik Oleta mendira igoko dira guztiak elkarrekin.

Oletan 12:00etan hasiko dituzte egunari lotutako ekintzak. Ohi bezala, 12:00etan meza egingo dute hango gurutzearen bueltan. Mezaren ondoren, 13:00etan, erromeria egingo dute trikitilariekin, eta toka txapelketa ere jokatu dute.

14:30ean, berriz, auzo bazkaria egiteko elkartuko dira gurutzearen ondoan jarriko duten karpan, eta nahi duen orok izango du han bazkaltzeko aukera. Dena den, antolatzaileek adierazi dut igandean euria eginez gero bazkaria Aginaga auzoan egingo dutela. 20:00etan, Aginaga auzora jaitsiko dira, egunari amaiera emanez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide