"Ume guztiek izaten dute gogoa Ikaskirol Krosean parte hartzeko"

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza - Ane Olaizola 2023ko eka. 2a, 09:58

Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute etziko lasterketa inklusiboan, eta 900 haur eta nerabe espero dituzte aurtengo ediziorako. Maria Angeles Aranbarri eta Sorkunde Garate dira lasterketaren sortzailetako bi, eta haren sorrera izan dute gogoan bi azkoitiarrek.

Azkoitian gutxi izango dira umeei zuzendutako lasterketa hori ezagutzen ez dutenak, ibilbide luzea eta sona handia baitu Xabier Munibe Ikastolako Ikaskirol taldeak antolatzen duen egitasmoak. 1982an sortutako Ikaskirol taldeko sortzailetako bi dira Maria Angeles Aranbarri eta Sorkunde Garate, eta horiek hasi ziren, beste batzuekin batera, Ikaskirol Krosa martxan jartzen.

Etzi jokatuko dute Azkoitian 39. Ikaskirol Krosa. Herrian erabat errotuta dagoen atletismo proba da eskolarteko kros hori; izan ere, ekainaren lehen igandean urtero egiten dute haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako lasterketa. Aurten ere azken urteetako langa berdinduko du parte hartze datuak, 900 haurrek eta nerabek irtengo dute-eta proban.

HH4 eta DBH2 mailen arteko ikasleak arituko dira korrikan Plazaberrin eta haren inguruko kaleetan, eta hain justu, HH4ko haurren lasterketarekin hasiko dira aurtengo probak. 10:30ean abiatuko dira maila horretako umeak, eta DBH1 zein DBH2 mailetako ikasleena izango da azkena, 11:55ean. Aurtengo krosa ere inklusiboa izango da; aniztasun funtzionala duten kideek ere egingo dute antxintxika. 

Mailaz maila itzuli desberdinak egin beharko dituzte parte hartzaileek: itzuli txikia eta itzuli handia. Ibilbide txikia osatzeko, eliz atariko irteera lerroan hasiko dute proba korrikalariek, eta Plazaberri zeharkatuz, Balda plazaraino joango dira, han zubia gurutzatuz Ibaiondo kalera hartzeko. Eliz atarira hartuko dute gero, eta Plazaberrin amaituko dute lasterketa. Itzuli handia osatzeko ere eliz ataritik abiatuko dira korrikalariak, Plazaberri nahiz Klara Donea kaleetatik pasatuko dira gero, eta Trino Uria zein Ibaiondo kaleetatik igarota, Plazaberrin amaituko dute. Dena den, ibilbide laburragoa izango dute HH4 eta HH5 mailetako partaideek. Horiek Beti Poz elkartearen paretik abiatuko dira, proba Plazaberri barrenean amaitzeko. LH1 eta LH2 mailetako haurrek ere itzuli txiki bana emango diote ibilbideari, baina horiek eliz atarian hasiko dute lasterketa; LH3 eta LH4 mailetako ikasleek bi itzuli txiki egingo dituzte; LH5 eta LH6 mailetako haurrek itzuli txiki eta handi bana, eta DBHko ikasleek, azkenik, bi itzuli handi osatu beharko dituzte.

Probak amaitzean, 12:30 inguruan, sari eta opariak banatuko dituzte Plazaberrin; LH5 mailatik DBH2ra bitarteko lehen hiru neska-mutilek jasoko dituzte sariak. Parte hartzaileei dominak emango dizkiete, eta opariak ere zozkatuko dituzte denen artean.

Ordutegia, mailaka

  • 10:30. HH4ko ikasleak
  • 10:45. HH5eko ikasleak
  • 10:55. LH1eko ikasleak
  • 11:05. LH2ko ikasleak
  • 11:15. LH3ko ikasleak
  • 11:25. LH4ko ikasleak
  • 11:35. LH5eko ikasleak
  • 11:45. LH6ko ikasleak
  • 11:55. DBH1-DBH2ko ikasleak
  • 12:30. Sari banaketa

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide