Pilotari Egunaren abestia kaleratu du Hauek taldeak

Andoni Elduaien 2023ko eka. 2a, 09:15

Herriko hainbat musikari gazte Hauek musika taldearen bueltan ari dira elkartzen, eta abian dute beraien musika proiektua. Pilotari Egunerako egin duten abestia da argitaratu duten lehen lana, baina nabarmendu dute abestia etorkizunean taldeak izango duen "estilotik pixka bat urrundutakoa" dela.

Pilotari Egunak bere abesti propioa du. Azkoitiko hainbat musikarik osatzen duten Hauek taldeak egin du kantua. Pilota, haren bueltako ohitura zaharrak eta pilotaren zein herriaren arteko sustraitzea ditu hizpide abestiak. Baxuak, gitarrak, bateriak, dultzainak, trikitiak eta ahotsak bat egiten dute kantan.

"Hasi dira gutxika-gutxika gure aleak irteten, eta hauxe da lehena. Lehen abesti hau Pilotari Egunerako egin dugun bertsio bat da, gure estilotik pixka bat urrundutakoa. Ea gustatzen zaizuen", azaldu du taldeak sare sozialetan. Hauek taldea "gogor" ari da lehen kontzertua eman ahal izateko lanean, eta uda ostean "berriren bat" ematea espero dutela azaldu dute.

Pilotari Eguna ekainaren 10ean, hurrengo larunbatean, egingo dute, eta ohi bezala esku pilotaren bueltako festa egingo dute. Oraindik eguneko egitaraua aurkeztu ez badute ere, antolatzaileek dagoeneko eman dituzte zenbait xehetasun. Besteak beste, Oinatz Bengoetxea eta Yves Salaberri Xala pilotari profesional ohiek bikotea osatuko dute eguneko pilota partida batean; ez dute zehaztu zein izango dituzten aurkari.

Hona hemen abestiaren letra:

Kontzejupeko arkupetako
otture zar bati eskerrak
oindik bizi-bizik dauzkeu
herrixen pelotin zuzterrak
animau gizon ta emakume
zahar gazte eta ume
preparau praka txurixek
hemen den Pelotai Eune!

Kamixeta gorri ta urdinez
Kontzejupie gainezka
pelotiez gozau nahixen
hamaika mutil eta neska
lehengo ohitture zaharra bihurtuz
herri oso baten festa
halako giruekin
partidoik galdukounik ez ta

Pelotie eskuten hartu ta
Sakie atea ataxon
berriz kantau daigun danok
aliron aliron aliron
animau gizon ta emakume
zahar gazte eta ume
preparau praka txurixek
hemen dek Pelotai Eune!

Lenguk eandako iturritik 
eandakue ez al haiz hi?
aurreko txapeletatik
bakarrik ezin luze bizi!
segi lanien axkottiarrok
eztaixela harixe eten
gerokuk segi daixeben
pelotie maitte izeten 
animau gizon ta emakume
zahar gazte eta ume
preparau praka txurixek
hemen den Pelotai Eune!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide