Udal eta foru hauteskundeak 2023

Eskualdeko udaletako hautetsiak, ordezkatuko dituzten alderdien eta generoaren arabera

Julene Frantzesena 2023ko mai. 30a, 12:44
Aginte makila bat.

Urola Kostako herri gehienetan zehaztuta daude Udal Gobernuak, baina badira aginte makilak dantzan dauden herriak ere: Azkoitia eta Zarautz. Gaur-gaurkoz zehaztuta dauden bederatzi herrietatik hirutan izango dira emakumeak alkate karguan, eta eskualdeko 137 hautetsietatik erdiak baino bat gutxiago izango dira emakumeak. Grafikoetan ikus daitezke datuok.

Hauteskundeak igaro berritan, alderdi politikoak hausnarketa egiten eta negoziazioetan murgiltzen hasi dira dagoeneko. Urola Kostako herri gehienetan zehaztuta daude Udal Gobernuak, baina badira aginte makilak dantzan dauden herriak ere.

EH Bilduk eskualdeko 11 herrietatik zazpitan irabazi ditu bozak, aurreko udal bozetan bezalaxe: Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian. Orion eta Zestoan, gainera, gorakada nabarmena izan du koalizioak. EAJ ere alderdi bozkatuena izan da gaur egun alkatetzak dituen herrietan, hau da, Aian, Azkoitian eta Zarautzen. Gehiengo absoluturik ez du lortu, ordea, Azkoitian eta Zarautzen, eta oraingoz alkatetzak ez ditu ziurtatuta.

Orotara, 137 dira eskualdeko udaletako hautetsiak. EH Bildukoak izango dira horietatik 74, 2019an baino sei gehiago –Zestoan bi gehiago, Orion lau gehiago, Zarautzen bat gehiago, Zumaian bat gehiago, Azkoitian bat gutxiago eta Aian bat gutxiago–. EAJk, berriz, 48 hautetsi izango ditu eskualdean, bukatzear den agintaldian baino sei gutxiago –Zestoan bi gutxiago, Orion bi gutxiago, Azkoitian bat gutxiago eta Zumaian bat gutxiago izango ditu–.

Halaber, PSE-EEk ere hautetsi bat galdu du, 2019-2023ko datuekin alderatuta: lau ordezkari izango ditu eskualdean –Zarautzen bi, Azkoitian bat eta Zumaian bat–, Orion bat galduta. Herri plataformek, berriz, hamar hautetsi izango dituzte: Aurrena Beizama Baik bost, Azkoitia Baik hiru, Errezilgintzak bi eta bat Aiako Batzarre Burujabeak. Orain Oriok zuen hautetsi bakarra galdu du, ez baita aurkeztu bozetara, eta Azkoitia Baik bi irabazi ditu.

Alkateak, generoaren arabera

Igandeko bozen emaitzek Urola Kostako alkatetza asko zehaztuta utzi dituzte, hainbat udaletan gehiengo osoa lortu dutelako hautes zerrenda batzuek. Dena den, ikusteko dago Azkoitian eta Zarautzen nork hartuko duen aginte makila ekainaren 17an. Gaur-gaurkoz, Urola Kostako 11 herriak kontuan hartuta, sei alkate izango dira gizonak, hiru emakumeak eta bi zehazteko daude. 2019-2023 agintaldian zazpi gizon eta lau emakume izan dira alkate eskualdean.

Datozen lau urteetan Pedro Otaegi izango da Beizamako alkatea, Koldo Arzallus Errezilgoa, Mikel Arregi Zestoakoa, Haritz Alberdi Getariakoa, Iñaki Ostolaza Zumaiakoa eta Jon Ander Azpiroz Aiakoa; Errezilgo eta Aiako alkateak izango dira berriak udalean. Azpeitian, berriz, Nagore Alkorta izango da alkatea, Aizarnazabalen Mari Karmen Arregi eta Anuska Esnal Orion. Hiru emakume horiek aurreko agintaldian ere izan dira alkate.

Azkoitian EAJk irabazi ditu bozak, Ana Azkoitia zerrendaburu duela, baina Azkoitia Bairen eskuetan dago alkatetza lortzeko giltza. Zarautzen ere EAJ izan da nagusi, Xabier Txurruka buru duen zerrenda izan delako bozkatuena, baina PSE-EEk du erabakimena.

Bestalde, eskualdeko udaletan izango diren 137 hautetsietatik 68 izango dira emakumeak, eta bat gehiago, hau da, 69 gizonak. 2019-2023 agintaldian ere antzekoak izan dira datuak: bukatzear den agintaldian 69 emakume eta 68 gizon izan dira hautetsi eskualdeko herrietan.

Azkoitiko udalbatza hamazazpi hautetsik osatuko dute, eta horietatik zazpi izango dira gizonak eta hamar emakumeak. 2019-2023 agintaldian, berriz,  zortzi izan dira gizonak eta bederatzi emakumeak. Hau da, orain arte baino emakume bat gehiago izango da Azkoitiko Udaleko ordezkari ekainean hasiko den agintaldian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide