Izaro Zinkunegi errezildarrak irabazi du II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako lehen saria

Andoni Elduaien 2023ko mai. 30a, 08:58

Gazteen mailan, hamabost lan aurkeztu dituzte bertsopaper lehiaketara, eta helduen mailan, 11 lan. 18 urtetik gorakoen saria eskuratu du Zinkunegik, eta 18 urtez azpikoen mailako aurrena hutsik geratu da. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa ekitaldia eta III. Hike Eizan! bertso saioa ekainaren 22an izango dira, Elkargunean.

II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketak baditu saridunak. Azkoitiko Udalak atzo, astelehena, jakinarazi zuen epaimahaiaren azken erabakia. Gazteen mailan, hamabost lan aurkeztu dira bertsopaper lehiaketara, eta helduen mailan, 11 lan.

Helduetan, 18 urtetik gorakoetan, lehenengo saria Izaro Zinkunegi errezildarrak jasoko du, Hire larrei, zure zaharrei izenburupean aurkeztutako bertsoak tarteko. Bigarren saria, berriz, Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat izan da Gure bizitza hunan bertso sortagatik. Helduen kategoriako Azkoitia Saria Naia Arrizabalaga azkoitiarrak irabazi du Lurraren Estalkiak lana idatzita.

18 urtez azpikoetan lehenengo saria hutsik geratu da, eta bigarrena, Aratz Iturbe 11 urteko azkoitiarrak irabazi du, Nire arrebari bertso sortarekin. Azkoitia Saria, berriz, gazteen kategorian, Garazi Larrañagak eta Laia Sudupek jasoko dute elkarrekin idatzitako Gaur goizen jaiki naun izeneko bertsoak direla eta. Gazteetan, sei bertso ziren aurkeztu beharrekoak, eta 18 urtetik gorakoetan, zortzi bertso.

Epaimahaia Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatu dute. Bertsoen kalitateaz gain, hitanoaren erabilera zuzena egiten den ala ez baloratu dute epaimahaikideek, lehiaketaren helburu nagusia hika, eta, bereziki, noka sustatzea baita.

Ekitaldia, ekainaren 22an

II. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa ekitaldia ekainaren 22an, 19:00etan, Elkargunean egingo dute. Egun horretan bertan izango da III. Hike Eizan! bertso saioa ere. Aurten, oholtzan izango dira bertsotan Andoni Egaña, Eli Pagola –iazko bertsopaper lehiaketako sariduna–, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide