Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azkoitia Bai plataforma, datorren agintaldirako giltza

Ane Olaizola 2023ko mai. 29a, 10:46
Azken agintaldiko Azkoitiko Udalbatza.

Jeltzaleak nagusitu dira udal hauteskundeetan Azkoitian, baina gehiengo osorik gabe, airean da datorren agintaldiko alkatetza. Zazpi eserleku izango ditu EAJk, eta EH Bilduk bat gutxiago. Hiru eserlekurekin, berriz, Azkoitia Bai-Elkarrekinek izan dezake datorren agintaldirako giltza. Akordioetara iristeko tartea dute ekainaren 17ra artean, orduan osatuko baita udalbatza berria.

EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Azkoitian, baina airean da alkatetza zeinen esku geratuko den 2023-2027 agintaldian. Izan ere, alderdi jeltzaleak 2.003 boto eskuratu ditu udal hauteskundeetan (botoen %38,20), eta zazpi zinegotzi izango ditu; beraz, ez du gehiengo osorik. Ekainaren 17an, larunbatez, izango da kargu hartze ekitaldia udaletxean, eta alderdiek ordura arte izango dute ados jartzeko zein akordioetara iristeko aukera.

EH Bildu izan da bigarren indarra, 1.848 boto eskuratuta (%35,24); horrenbestez, sei ordezkari izango ditu udalean, egun baino bat gutxiago. Ordea, Azkoitia Bai-Elkarrekin taldea izan da Azkoitiko Udalbatzaren argazkia irauli duena, 810 boto eskuratuta (%15,44) hiru eserleku eskuratu baititu, egun baino bi gehiago. Beraz, plataformak izan dezake datorren agintaldiko Udal Gobernua erabakitzeko giltza. "Gurea asmoa da talde guztiekin batera elkartzea, bakoitzarekin banaka egin beharrean. Denon artean erabaki beharko genuke datozen lau urteetan zer egin nahi dugun, herriak bozkatu duenaren arabera", adierazi du Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bairen zerrendaburuak.

Azken agintaldian EAJren gobernukide izan den PSE-EEk ere izango du hitza; zinegotzi bati eutsi dio alderdi horrek, 438 boto lortuta (botoen %8,35).

Akordioetarako "prest"

Emaitzen aurrean, Ana Azkoitia EAJren hautagaiak azpimarratu du "akordioaren eta elkarrizketaren agintaldia" izango dela datorrena. "Gu izan gara talde bozkatuena, baina ikusi dugu aldaketa bat badatorrela, eta aldaketa horrek erakutsiko digu beste bide bat egiten". Jeltzaleek azaldu dute "prest" daudela beste taldeekin akordioetara iristeko.

Asier Altuna EH Bilduren alkategaiak ere azaldu du "aukera guztiak irekita" daudela, eta gainontzeko udal taldeekin bilera txandak hasiko ditu koalizioak, alkatetza lortzeko bidea zabalik baitu hark ere: "Alkatetza lortzeko aukera guztiak zabalik daude, eta aukera guztiak landuko ditugu. Eskuak zabalik ditugu Azkoitia Bairentzat zein PSE-EErentzat, eta EAJrekin ere hitz egiteko prest gaude".

Udalbatza berria

Aginte makila noren esku geratuko den ikusteko dago Azkoitian, baina jakinekoa da zinegotzietan aldaketak izango direla hurrengo agintaldian. Honako herritar hauek osatuko dute udalbatza berria:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide