Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azkoitiarrak hasi dira botoa ematen

Andoni Elduaien 2023ko mai. 28a, 11:22

Azkoitiar asko ibili da goizean zehar udal, udal eta foru hauteskundeetarako botoa ematen. Hautesleku guztietan dezentea izan da herritarren joan-etorria, baina bereziki nabarmena ari da izaten parte hartzea Gaztanenean eta Portaleburun.

8.679 azkoitiar daude deituta udal hauteskundeetarako. Udal hautetsiak erabakitzeko ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ordezkariak hautatzeko parada ere badute gaur boto emaileek. Mahaiak normaltasunez eratu ondoren, herritarrak hasi dira botoa ematen. Horretarako, lau bozkaleku egokitu dituzte herrian: Xabier Munibe Ikastola, Portaleburu, Elkargunea eta Gaztanenea jauregia Normaltasunez hasi da hauteskunde eguna, eta goizaren lehen orduetan herritarren joan-etorria handia izan da lau bozkalekuetan; mugimendu handiena Gaztanenean sumatu da lehen orduetan.

Herritarrekin batera, alkategaiak ere hasi dira botoa ematen. 10:00etan puntuan, Asier Altuna EH Bilduren zerrendaburua izan da botoa ematen lehen alkategaia; Gaztanenea jauregian eman du hark botoa. Janire Igoa PSE-EEren alkategaia izan da botoa ematen bigarrena, eta sozialistak Portaleburun eman du botoa 10:30ean. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai Elkarrekin herri plataformako zerrendaburuak ere Portaleburun eman du botoa, ordu laurden beranduago. EAJren alkategai Ana Azkoitiak, berriz, 12:30ean eman du bere botoa Gaztanenean.

Gaurko hauteskundeetako parte-hartze datuak 14:00etan eta 18:00etan emango dituzte, eta 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak; ordura arte izango dute azkoitiarrek, hala nahi badute, botoa emateko aukera. Ondoren hasiko dira bozak kontatzen, eta handik gutxira jakingo dira lehen emaitzak.

Hain justu, Maxixatzenek hauteskunde egunaren jarraipen berezia egingo du gaur egun osoan zehar. Zehazki, webgunean argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu herriko hedabideak egun osoan zehar. Gainera, 20:00etatik aurrera, emaitzen berri ere emango du, eta alderdien eta alkategaien erreakzioak ere bilduko ditu. Erlo telebistan ere ikusi ahal izango dira bozen eskualdeko herrietako emaitzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide