Giro paregabea eta belaunaldi desberdinetako trikitizaleak, II. Trikiti Egunean

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 27a, 14:45

II. Trikiti Eguna ospatzen ari dira goizetik Azkoitian. Adin guztietako trikitizaleek egin dute bat gaurkoan, eta trikiti doinuz bete dituzte herriko kaleak. Bazkaria egingo dute eguerdian, eta arratsaldean erromeria izango da plazan.  

Soinu eta pandero doinuek hartu dituzte gaur Azkoitiko kaleak; izan ere, II. Trikiti Eguna ari dira ospatzen gaur herrian Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatuta. Adin eta belaunaldi desberdinetako trikitizaleek bat egin dute gaurko festarako, eta giro paregabean ari dira ospatzen II. Trikiti Eguna, eguraldiak ere gogotik lagundu baitu. 

Goizetik iluntzera arteko egitaraua dute prestatua gaurko. Iaz bezala, San Martinen elkartu dira trikitilariak, eta hainbat taldetan banatuta, auzoz auzo ibili dira 11:30etik aurrera. Soinua eta panderoa eskuetan hartuta, trikiti hotsak herrian zabaltzen aritu dira, eta, ondoren, 13:30ean, Julio Urkixo kalean elkartu dira kalejira handia egiteko. II. Trikiti Egunean parte hartzera animatu diren lagun guztiak elkartu dira kalejiran, eta Plaza Berrin hainbat pieza eskaindi ostean, plazan amaitu dute ibilbidea. Han ere hainbat pieza eskaini dituzte eguzki galgatan, eta jarraian taldeko argazkia atera dute. Kalejirako bideoa, hemen

15:00etan, herri bazkaria egingo dute plazan bertan. 150 lagunetik gora elkartu da bazkarirako. 18:30etik 22:00etara bitartean, berriz, erromeria egingo dute plazan bertan. Bazkarian parte hartuko duten trikitilariekin egingo dute erromeria, horiek txandaka igoko baitira hainbat pieza eskaintzera plazan jarriko duten oholtzara. Antolatzaileen arabera, "bazkaltzen sortzen den giroaren arabera" egingo dituzte erromeriarako taldeak, baina edonor bertara daiteke festaz gozatzera.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide