Maldan gora jarri zaie Azkoitiko pilotariei Herriarteko Txapelketako kanporaketa

Julene Frantzesena 2023ko mai. 27a, 09:16
Herriarteko txapelketako Azkoitiko pilotarien irudi bat.

Atzo jokatu zituzten esku pilotariek nahiz palistek Herriarteko lehiako final laurdenetako joaneko partidak. Esku pilotariak Oiartzunen aritu ziren, eta 2 eta 1 galdu zuten. Palistak, berriz, etxean aritu ziren, baina hori ez zitzaien aski izan garaipena lortzeko: Donostiak 2 eta 1 irabazi zion Azkoitiari. Datorren asteburuan erabakiko da kanporaketa, itzulerako partidekin.

Azkoitiak bizirik jarraitzen du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Final laurdenetan dira eskuzko pilotariak eta gomazko palistak, eta atzo jokatu zituzten horiek kanporaketako joaneko partidak. Txanponaren alderik ilunena ikusi zuten atzokoan Azkoitiko kirolariek; izan ere, gomazko paletan 1 eta 2 galdu zuten; eta eskuzkoan ere bai. Kanporaketa hankaz gora jarri bazaie ere, itzulerako partidetan erabakiko da Azkoitiak Herriartekoaren finalerdietarako pausoa emango al duen; aukerak egon badaude.

Eskuzko pilotariek arerio zaila izan zuten atzo aurrez aurre, txapelketa irabazteko faboritoetako bat: Oiartzun, iazko txapelduna. Hango Madalensoro pilotalekuan jokatu zituzten norgehiagokak, 21:00etan hasita, eta azkoitiarrek ezin izan zituzten oiartzuarrak mendean hartu: Oiartzun 2-Azkoitia 1. Kadeteteen mailan lortu zuen garaipena Azkoitiak, Jon Arregik eta Denis Galarzak 15 eta 22 irabazi baitzuten partida. Jubeniletan, aldiz, 22 eta 6 galdu zuten Jon Etxanizek eta Inhar Egañak, eta nagusietan, berriz, lehia estuagoa izan bazen ere, 22 eta 19 galdu zuten Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik.

Gomazko paletan ere ezin izan zuten garaipena erdietsi Azkoitiko kirolariek. Etxean aritu ziren horiek, 20:00etan hasita, eta Donostia izan zuten parez pare. Dena den, etxean aritzearen abantaila ez zitzaien aski izan; 1 eta 2 galdu zuten, eta itzulerako neurketen zain gelditu beharko dute. Kanporaketa ondo hasi zuten azkoitiarrek; izan ere, buruz buruko partidan 20 eta 12 irabazi zuen Iker Epeldek. Dena den, segidan, binaka 14 eta 20 galdu zuten Oier Beitiak eta Oier Epeldek, eta zazpi koadroren barruan ere 5 eta 20 galdu zuen Markos Azpirozek.

Joanekoetan galdu izanagatik, lehia irekita dago Azkoitiko pilotarientzat. Datorren asteburuan asko izango da jokoan; eskuzko pilotariak etxean saiatuko dira markagailua irauli eta finalerdietarako txartela lortzen; palistek, berriz, Donostian egin beharko dute saiakera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide