Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azkoitiko EAJ, "herri moderno, aurrerakoi, justu eta berdinzalea eraikitzen jarraitzeko prest"

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 26a, 12:30

Atzo egin zuen Azkoitiko EAJk hauteskundetako azken ekitaldia. Asier Aranbarrik EAJren "ibilbideari, programari eta hautagaitzari" begiratzearen garrantzia nabarmendu zuen. Egungo alkate Jabier Zubizarretak Azkoitiko EAJren "konpromisoan" jarri zuen azpimarra. Ana Azkoitiak datozen lau urteetarako dituzten erronkak izan zituen hizpide, eta aipatu zuen datorren agintaldian "burua eta bihotza" jartzeko prest dagoela. Era berean, herritarrei dei egin zien igandeko bozetan parte hartzeko.

Azken urteetan egindako lanari balioa emanez eta datorren agintaldian "dena emateko prest" itxi du udal eta foru hauteskundeetako kanpaina politikoa Azkoitiko EAJk. Jeltzaleek atzo arratsaldean egin zuten kanpaina amaierako ekitaldia Elkargunean, eta bertan azaldu zituzten EAJren helburuak, erronkak eta nahiak. Hasiera batean ekitaldia Balda plazan egitekoak ziren arren, eguraldia tarteko, Elkargunean egin behar izan zuten agerraldia. Dozenaka herritar eta jeltzale izan ziren Elkargunean Azkoitiko talderari eta Ana Azkoitia alkategaiari babesa agertzen. 

Asier Aranbarri izan zen hitza hartzen aurrena, eta hark eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea. Eskerrak eman zizkion Ana Azkoitiari, gainerako taldekideei eta Elkargunera bertaratutako guztiei. Aranbarrik aipatu zuen "kanpaina borobila" egin duela EAJk, eta hori nabarmendu nahi izan zuen. "Aspaldi hasi ginen lanean. Oroitzen dut nola iazko irailean hasi ginen auzoz auzo bilerak egiten, eta nola ibili ginen kalerik kale. Horrek herritarrekin harreman zuzena izatea ahalbidetu du, eta jasotako ekarpenak kontuan hartuz osatu dugu programa", adierazi zuen Aranbarrik. 

Zalantzan dauden horiei

Kanpaina ia amaituta, oraindik botoa erabakita ez duten herritarrei zuzendu nahi izan zuen Aranbarrik; izan ere, EAJko kidearen hitzetan, "bada oraindik botoa eman edo ez zalantzan dagoen jendea, baita nori botoa eman argi ez daukana ere". Horrenbestez, herritar horiei eman nahi izan zien mezua: "Hemen zaudetenok badakizue nori emango diozuen boza, baina zalantzan dauden horiengana iritsi nahiko nuke. Haiek ez daude hemen, baina datozen egunetan kalean ibiliko gara, eta zuotako bakoitzak mezua ere zabal dezazuen nahi dut, jendeak argi izan dezan zergatik eman behar zaion botoa EAJri". Horretarako ariketa bat proposatu zuen Aranbarrik: "Botoa ematerakoan zertan jarri behar da arreta? Zerri begiratu behar zaio? Begiratu behar zaio alderdiaren ibilbideari, programari eta hautagaitzari. Beraz, hori egitera animatu nahi ditut herritarrak". Horri lotuta, Azkoitiko EAJren hautagaien esperientzia eta jakintza goraipatu zituen. 

EAJren ibilbidea izan zuen hizpide aurrena, eta aipatu zuen jeltzaleek "asmatu" dutela politika egiten. "Euzko Alderdi Jeltzaleak ibilbide ederra dauka Euskadin, Gipuzkoan eta Azkoitian. EAJk programa bat dauka, programa sendoa. Eta izan garenari eta egin dugunari begiratzea garrantzitsua da, izan garenak egiten bai gaitu gaur garena". Alderdi jeltzalearen "lanaren adierazle eta lorpen" diren zenbait datu ere eman zituen Aranbarrik, eta hizketagai izan zituen Osakidetza, zaintza sistema nahiz pobrezia eta langabezia tasak.  

Gainerako alderdiei begira ere jarri zen Aranbarri, eta kritiko agertu zen EH Bildurekin nahiz Azkoitia Bai Elkarrekin taldearekin. "Azkoitia Bai taldeak beti esaten du gainerako alderdiok ez ditugula erabakiak herrian hartzen, eta haiek direla Azkoititik Azkoitirako lana egiten duten bakarrak. Hori ez da horrela. Gainera, ezin dugu ahaztu Podemosen ateak jo behar izan dituztela zerrenda osatzeko; beraz, Azkoitia Bairi boza ematea Podemosi botoa ematea ere bada". 

EH Bilduren inguruan ere luze eta zabal aritu zen Aranbarri, eta aipatu zuen koalizioak egindako mina aitortu beharra duela. "Atzera begiratu eta egindako mina aitortu behar du. Aldiz, EAJk beti izan du ibilbide zuzena eta demokratikoa". Era berean, azpimarratu zuen EAJ herrikoa dela, baina ez dela herrira mugatzen. "Gainerako herriekin ere konpondu behar ditugu arazoak. Ezin dugu ahaztu egiteko esparrua Euskadi dela, eta Euskadiren askatasuna dugula jomuga". Alderdi jeltzalea "preogresista" dela ere azpimarratu nahi izan zuen Aranbarrik: "Norbait progresista baldin bada, hori EAJ da".
 
Alderdiei egindako kritikekin batera, enpleguari egin zion aipamena Aranbarrik, eta aipatu zuen EH Bilduk eta Azkoitia Bai Elkarrekinek ez diotela lekurik egin programan: "Zer behar du herriak? Enplegua. Azkoitia Baik ez du ezer esan enpleguaz, ezta EH Bilduk eze. Enplegurik gabe ezin da politika sozialik egin".
 

"Mimo handiz" egindako programa

Ana Azkoitiak, bere aldetik, "lanerako gogoa eta ilusioa" agertu zituen atzokoan, eta aipatu zuen 
"mino handiz" egindako programa dela Azkoitiko EAJk aurkeztu duena. "Taldean egindako programa da, eta hiru lan ildo nagusi ditu: herria, lanerako, bizitzeko eta gozatzeko; bailara eta udaletxea", adierazi zuen Azkoitiak. "Argi dugu non jarri nahi ditugun indarrak. Ekonomia eta enplegua sustatu nahi ditugu, eta horretarako formakuntza bultzatu behar dugu. Gazteak lanerako prestatu behar ditugu. Azoka Plaza eraberritzea eta baserritarren lana sustatzea da dugun beste erronketako bat. Landa eremua ez ezik, lur industrialak sustatu behar ditugu. Alokairu sozialak sustatu behar ditugu, eta horretarako ari gara lanean. Etxebizitza hutsen azterketa ere egingo dugu, eta Plaza Berri eraberritzeko proiektua osatu. Aparkamentuen arazoari ere erantzun behar diogula jakitun gara", azaldu zuen Azkoitiak.
 
Era berean, "euskara eta ingurumena kontuan hartuta,  inor atzean utziko ez duen herria" osatu nahi dutela adierazi zuen Azkoitiak. Alkategaiaren hitzetan, "herrigintza eta bailaragintza, zintzotasuna eta gardentasuna" dira Azkoitiko EAJren bereizgarri. Jabier Zubizarretarentzat hitzak ere izan zituen Azkoitiak atzokoan, eta aipatu zuen "eduki daitekeen bidelagunik onena" izan dela urteotan. 
 
Zubizarretak ere hartu zuen hitza atzokoan, eta urteotan egindako lanari balioa eman ez ezik, egungo alkategaiek egindako kritikei erantzun zien. Aipatu zuen ez zaiola agintaldia "luze" egin, baizik eta "motza baina oso gogorra". Zentzu horretan, egindako lana izan zuen hizketagai, eta urteotan egindako eta eskuratutako lorpenak zerrendatu zituen. Era berean, aipatu zuen beste alderdiek "zarata asko atera baina gutxi egin" dutela, EAJk "lana soilik egin duenean". Zentzu horretan, Ana Azkoitiaren taldean duen konfidantza erakutsi zuen Zubizarretak: "Ez dute hutsik egingo". 
 

Boza emateko deia

Ana Azkoitiak botoa ematearen garrantzia nabarmendu zuen, eta maiatzaren 28an boza ematera joateko deia egin zien herritarrei: "Hiru egun barru jakingo dugu zein izan den herriaren borondatea eta erabakia. Herritarren borondatea herritarren erabakia izateko, guztion botoa behar da. Zenbat eta herritar gehiagok eman botoa, orduan eta demokratikoagoa izango da emaitza. Ez gelditu etxean. Gure etsai nagusia abstentzioa da. Boza emateak legitimatu egiten du kritika, eta botoa ematen ez duenak norabidea hautatzeko duen eskubideari uko egiten dio".

Era berean, gogoratu zuen zein diren "bi aukera nagusiak" Azkoitian nahiz Gipuzkoan. "Lehia nagusia, Gipuzkoan nahiz Azkoitian, EAJren eta EH Bilduren artean egongo da. Beraz, garrantzitsua da lerratzea".

"Herri modernoa, aurrerakoia, justua eta berdinzalea" eraikitzen jarraitzeko prest agertu zen Azkoitiko EAJ atzokoan, eta bide horretan ekarpena egitearen garrantzia azpimarratu zuen Azkoitiak. Hain zuzen, aitortu zuen datorren agintaldian "burua eta bihotza" jartzeko prest dagoela. "Gutako bakoitzak asko dugu eskaintzeko. Lanari muzinik ez diogulako egiten. Betiko balioei eusten diogulako. Burua eta bihotza jarriko diogu agintaldi berriko erromla guztiei. Burua, erabaki zuzenak hartzeko, kudeaketa zintzoa eta eraginkorra egiteko. Bihotza, herrigintza sentitzen dugulako eta herri hau maite dugulako. Ezagutzen eta maitatzen den hori zaindu egin behar delako. Zaintzeko eta aurrera egiteko, herrigintza ezinbestekoa da. Politika egitera etorri gara; politika hitz handiz , herri hau hobetzen jarraitzeko prest gaudelako, eman boza EAJri". Mezu horrekin itxi zuen ekitaldia Ana Azkoitiak, bertaratutakoen txalo zaparrada artean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide