Ikasleak eta udal ordezkariak energiaren gaiaz aritu dira solasean udaletxean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 25a, 15:30
Gaurko ekitaldian parte hartu duten ikasleak eta udal ordezkariak. (Azgazkiak: udala)

Herriko ikasleek energiaren gaia landu dute aurtengo ikasturtean Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan. Gaur, osteguna, udalbatzan aurkeztu dituzte energia-kontsumoa murrizteko hartutako konpromisoak eta udalari luzatutako proposamenak. 

Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan, herriko ikasleek energiaren gaia landu dute aurtengo ikasturtean, eta gaur, osteguna, udalbatzan aurkeztu dituzte energia-kontsumoa murrizteko hartutako konpromisoak eta udalari luzatutako proposamenak. Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak parte hartu dute egitasmoan, guztira, 2.200 ikasle inguruk.

Javier Zubizarreta alkateak hartu ditu ikasleak udaletxean, haien galderei eta iradokizunei erantzuteko. "Guztiok sinesten badugu ingurumenaren alde lan egin dezakegula, eta horretarako borondatea jartzen badugu, aurrera egingo dugu". Energia, bizitzaren motorra leloa aukeratu duzue, eta energiarekiko dugun mendekotasuna. Guztiz bat nator. Horren aurrean, guztion esku dago neurriak hartzea eta buelta ematea", esan die alkateak.

Aurtengo eta datorren urteko ikasturterako eskoletan aukeratu duten helburua Garapen Jasangarrirako zazpigarrena izan da, hau da Energia Eskuragarri eta Ez Kutsatzailea. Gai horren lelo gisa, Energia, bizitzaren motorra hartu dute. Hain justu, lanketa ugari egin dituzte gaztetxoek energiaren bueltan, hala nola ikastetxeetako argiak eta berogailuak aztertu, etxeko gailu elektrikoetan zein elektronikoetan erreparatu, herriko argiteria zein egoeratan dagoen jabetu eta energia berriztagarriak duten presentzia nahiz gaiari lotutako hainbat arazo aztertu, horien artean, energia pobrezia.

Ikasleek atera duten oinarrizko ondorioa, energia asko kontsumitzen dugula izan da. Askotan gehiegi, alferrik gastatzen delako. Eta hainbat konpromiso hartu dituzte, energia-kontsumoa murrizte aldera. Hala nola, berogailua jarri aurretik arropa jantzi, argitasun naturala aprobetxatu eta argiak soilik behar direnean piztu, erabili arretaz gailu elektronikoak edota gertu dauden lekuetara oinez edo garraio publikoan joatea.

Herriko diagnostikoa osatzerakoan egindako ikerketen ondorioz, udal ordezkariei zuzendutako proposamenak aurkeztu dituzte ikasleek udalbatzan. Horietako batzuk, herriko argiteriaren ingurukoak izan dira, besteak, energia berriztagarrien presentzia handitzeko eskaerak, baita mugikortasun jasangarriaren aldekoak ere.

Alkateak eskerrak emanez, udalean energiaren gaiak duen garrantzia azpimarratu die. Batetik, herrian LED argiak ipintzeko egindako lanak azaldu ditu Zubizarretak, eta bestetik, udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko saiakera egingo dutela jakinarazi die. Halaber, Urbanue elektrikoa zergatik ez den galdetuta, alkateak erantzun du "bere garaian saiakera" egin zela, baina "kostua oso altua" zela. Dena den, proposamena kontuan izango dutela esan die alkateak. Era berean, alkateak gaineratu du ikasleek hartutako konpromisoekin bat egiten dutela bai udalak eta bai berak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide