Eguzki erakundeak bere kabuz jarriko ditu ibaiko saretak Altzibar auzotik Juin kaleraino

Andoni Elduaien 2023ko mai. 25a, 09:14
Eguzkik prebentzio-neurriak jarriko dituen guneetako bat, Ugarte kalean. (Eguzki)

"Udalak bere erantzukizunari uko" egiten diola salatu du erakunde ekologistak, eta horregatik erabaki dute saretak bere kabuz jartzea ibaiaren zenbait puntutan. Eguzkiren arabera, datorren hilean "bost urte" beteko dira Eguzkik udalarekin lehen harremana egin zuenetik, eta Urola ibaian nahiz herriko erreketan egiten diren "zuzeneko zein zeharkako zabor-isurien aurkako neurriak hartzeko" eskatzen jarraitzen dute.

Eguzki erakunde ekologistak jakinarazi duenez, bere kabuz jarriko ditu saretak Urola ibaiaren herriko zenbait puntutan. Hain justu, Altzibar auzotik Juin kalera arteko hutsuneak itxiko dituzte saretekin. Erakunde ekologistak adierazi du haien eskaeretako bat izan dela "Urola ertzeko barandak aprobetxatzea eta beheko partean saretak ipintzea".

Eguzkirentzat "barandek pertsonak" babesten dituzten bezala, "saretek ibaia plastikoetatik nahiz zikinkerietatik" babesten dute. "Itsasoa plastikoz eta mikroplastikoz beteta dago, eta behin baino gehiagotan esan dugun bezala, ibaiak zein errekak dira zabor horiek guztiak hara iristeko autobide azkarra. Gure ibaiek eta errekek urteak daramatzate arazoaren parte izaten, eta saretak arazo hori leuntzeko modu xumea, baina, aldi berean, eraginkorra izan daitezke".

Otsailean, Eguzkik udalari eskatu zion aldundiari berariaz lan horietarako ematen dituzten laguntzak eskatzeko eta saretak Altzibar auzoan eta Bizkargi, Ugarte nahiz Juin kaleetan jartzeko. Eskaera horri udalak erantzuna eman diola adierazi du erakundeak. "Hiru argazki bidali dizkigu, eta irudi horietan ikusten dira dagoeneko instalatuta dauden saretak. Udalak ohartarazten duenez, sareta horiek 'euri-ura ibaira joatea eragozten du, lokatza, putzuak edo goroldioa sortuz'".

Horren aurrean, Eguzkik "gauzak garbi" utzi nahi izan ditu. "Zulatutako txapa batek ezin du uraren oztopo izan; zenbait puntutan hala bada, ondo kokatuta gabe daudelako da, ez besterik. Beraz, sareta ez da arazo bat, konponbide bat baizik, nahiz eta udala konponbideei arazoak bilatzen saiatu". Era berean, udalak bidalitako argazkien inguruan ere azalpenak eman ditu Eguzkik, eta azaldu du "egokiagoa" litzatekeela "udalak ibai ertzetako zaborren irudiak aukeratu" izan balitu. "Argazki horiek badaude, eta badakigu, gu geu behin baino gehiagotan ibili baikara inguru horietan ibaitik zaborra ateratzen".

Apirilean, udalak ibaiak garbitzeko enpresa bat kontratatu zuela nabarmendu du erakunde ekologistak, baina hori "ibaiak axola diela sinestarazteko amarrua" izan da Eguzkirentzat. "Zaborrak kendu zituen zenbait ingurutatik, Bizkargi kaletik izan ezik. Era berean, udalak ez digu errekara etengabe botatzen diren zaborren argazkirik bidali, eta ez digu esan askotan salatu dugun nahiz oso atzetik datorren arazo bati irtenbidea emateko zer egingo duen".

Eguzki, "aldaketaren protagonista"

Erakunde ekologistaren arabera, "udalak ez ditu eskatutako sareta guztiak jarriko, uste baitute leku guztiek ez dutela hondakinak pilatzeko arriskurik". Eguzkirentzat "urak gainezka egiteko moduko tanta" izan da hori. "Azken bost urteotan, hamaika aldiz eskatu diogu udalari prebentzio-neurriak hartzeko. Hamaika aldiz ibaira jaitsi, bertatik zaborrak atera, argazkiak egin eta salaketa publikoa egin dugu. Hamaika aldiz eman diogu udalari egoeraren berri, eta aldundiari laguntzak eskatzeko proposatu diogu. Alferrik, aurten ere ez du laguntzarik eskatu. Udalak temati jarraitzen du bere ardurei bizkarra emanez".

Gauzak horrela, "kito" esan du erakunde ekologistak, eta ez dio udalari berriro babes-neurriak jartzeko eskatuko. "Nahikoa da. Horri ezin zaio eskaera deitu, hori belauniko jartzea da, udal bati bere betebeharrak betetzeko erregutzea. Gu ez gara hona etorri inoren aurrean belaunikatzera, eta, are gutxiago, guztiok gure zergekin ordaintzen dugun erakunde publiko baten aurrean".

Hori horrela, Eguzkik saretak bere kabuz jarriko ditu Altzibar auzotik Juin kaleraino. "Inork ez dizkigu saretak oparituko, eta ez dugu inolako laguntzarik jasoko, baina saretak geure kabuz ipinita salatu nahi dugu Urola egoera tamalgarrian dagoela eta horren aurrean udalak ez duela ezer egiten. Goizean jaikitzea eta gure eskuekin aldaketaren protagonista izan garela jakiteak asebetetzen gaitu, eta hori da diruz ordaindu ezin den gauza horietako bat".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide