Sei antzezlan eskainiz borobilduko du antzerki eskolak ikasturtea

Ane Olaizola 2023ko mai. 24a, 10:00

Hogeita hamargarren aldiz, Antzerki Topaketak egingo ditu Azkoitiko Xabier Munibe ikastolak larunbatean, Baztartxon. 40 aktorek eskainiko diete herritarrei saioa.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako antzerki eskolan dabiltzan ikasleek Antzerki Topaketak egingo dituzte larunbatean, Baztartxo antzokian, eta ohi bezala, aktore txikiek ikasturtean zehar sortu dituzten antzezlanak taularatuko dituzte herritarren aurrean. 11:00etan hasiko da doako emanaldia. 
Antzerki eskolako kideek herenegun eskaini zuten aurreneko emanaldia Baztartxon bertan, baina ordukoa ikastolako ikasleei zuzendutakoa izan zen; larunbatekoa, berriz, irekia izango da. Aurtengoan, honako sei antzezlan hauek ikusteko parada izango dute Baztartxora bertaratzen direnek: Batasunaren boterea, Ekainak 24, Etorkizun zun zun, Bion arteko partida, Ametsez suziria eta Gora ezkonberriak. 

Hogeita hamar urte bete dituzte aurten Azkoitiko Antzerki Topaketek, eta azken urteetan, hango Bigoterik Gabea antzerki taldeak zuzentzen ditu Xabier Munibe ikastolako antzerki eskolak; hango lau irakasleetako bat da Enara Arozena: "Antzerkia ezagutzeko eta hara gerturatzeko jolasekin ekiten diogu ikasturteari, eta Gabonen inguruan hasten gara ikasturte amaieran eskaintzen dugun antzezlana sortzen". Ideia eta gidoia bera ikasleek garatzen dituztela azaldu du hark, irakasleen laguntzarekin, eta aurten,  batez ere gai sozialetara jo dutela gaineratu du irakasleak. 

Arozenaren arabera, egitasmoaren helburua da Azkoitiko umeei antzerkia ezagutzeko lehen pausoak ematen laguntzea, herrian ez dagoelako horretarako "beste aukerarik". Ikasleak, gainera, "gogoz" murgiltzen dira antzerkiaren munduan, eta ikasturte amaieran obra taularatzeak ere "ilusio handia" eragiten die. "Duela hiru urte arte, soilik ikastetxeko kideentzat egiten genituen Antzerki Topaketak, baina ikasleei motz geratzen zitzaien hori, ikasturte osoa igarotzen zutelako Baztartxoko emanaldira begira. Orduan hasi ginen emanaldi irekia antolatzen, eta harrera ona izaten du saioak; pertsona asko, umeak ezagutzen ez dituzten arren, saioa ikustera animatzen dira".

Egun, LH1etik LH6ra arteko umeek jasotzen dituzte antzerki eskolak Azkoitian, baina DBHkoentzat ere bada egitasmoa, aurten adin tarte horretako talderik izan ez badute ere. Hasiera batean, gainera, ikastolako umeei eskainitako eskola da 30 urtez martxan dagoena, baina Arozenak zehaztu du noiz edo noiz izan dituztela beste ikastetxeetako umeak ere. Urtez urte indartzen joan da egitasmoa, eta antzerkira hurbildu nahi dutenen "harrobi" bihurtu da hura. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide