Gaur jokatuko dituzte herriko pilotariek Herriarteko Txapelketaren final laurdenetako joaneko partidak

Andoni Elduaien 2023ko mai. 26a, 08:56
Oier Beitia gomazko palista, Gurean. (Andoni Elduaien)

Eskuzko pilotariek Oiartzun iazko txapeldunarekin neurtu beharko ditu indarrak gaur, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gomazko palistek, berriz, Donostia izango dute arerio final laurdenetan. Finalerdietan sartzeko lehen kolpea eman nahi dute Oteiza elkarteko pilotariek.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetan dira Azkoitiko eskuzko pilotariak eta gomazko palistak. Joan den astean bermatu zuten beraien parte hartzea hurrengo kanporaketan, eta gaur, ostirala, jokatu beharko dituzte joaneko partidak.

Eskuzko pilotariek arerio zaila izango dute aurrean, txapelketa irabazteko faboritoetako bat. Hain justu, Oiartzun iazko txapeldunaren aurka jokatu beharko dute gaur Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. 21:00etan hasiko dira partidak. Ohi bezala, kadeteen, gazteen eta nagusien mailako partidak jokatuko dituzte han azkoitiarrek.

Hamabost pilotarik osatzen dute eskuzko taldea. Kadete mailan, Jon Arregi, Eñaut Aldazabal, Ioritz Azkoitia, Denis Galarza eta Imanol Bastida arituko dira. Gazte mailan, Inhar Egaña, Jon Etxaniz, Alex Juaristi eta Oier Aldazabal. Senior mailako taldea osatuko dute, azkenik, Mikel Aranbarrik, Aitor Azkoitiak, Jon Juaristik, Aitor Oteizak, Jon Oteizak eta Alex Juaristik.

Bestalde, gomazko palistek etxean ekingo diote kanporaketari. Debaren aurkako lehia estu gainditu ondoren, gaur Gurea pilotalekuan dute hitzordua 20:00etan. Donostiaren aurka jokatuko dute final laurdenetako dema. Honako bederatzi kirolari hauek ari dira herria ordezkatzen: Aitor Juaristi, Jokin Aizpuru, Marcos Azpiroz, Oier Beitia, Iker Epelde, Oier Epelde, Igor Juaristi, Igor Larrañaga eta Amaia Aizpuru. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide