'Sorginak eta sorginkeriak' ikuskizuna, 31. Udaberriko Musikaldiko azken kontzertuan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 25a, 08:42
Martinez de Lezea, Hermosa eta Zabalo. (Hermosa)

Musikak lagunduta, "sorginak zer ziren, edo hobeto esanda, zer ez ziren" azalduko dute etziko emanaldian. 18:30ean hasiko da kontzertua, eta ohi bezala, komentura igotzeko doako autobusa egongo da Julio Urkixo etorbidearen 7an dagoen geralekuan.

Etzi, larunbata, 31. Udaberriko Musikaldiko azken kontzertua izango da Santa Kutz komentuan. 18:30ean hasita, Toti Martinez de Lezeak, Gorka Hermosak eta Edurne Zabalok Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna eskainiko dute.

Martinez de Lezeak sorginei buruz duen jakintza kontatuko du ikuskizunean, eta musikak lagunduta "sorginak zer ziren, edo hobeto esanda, zer ez ziren" azalduko du hark. Landareak, akelarrea nahiz kondairak baliatuz, emakumea historian zer izan den kontatuko du, eta zer izango den. Hermosa akordeoi jotzaileak berak konposatutako abestiak eskainiko ditu Zabalo klarinetistarekin batera. Etzikoa "pentsarazi egingo duen ikuskizuna" izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Hona hemen musikaldiaren programa.

Autobus zerbitzua, larunbatero

Ohi bezala, udalak doako autobus zerbitzua jarriko du herrigunetik komentura joan-etorria egiteko. Autobusa larunbatero 18:00etan aterako da Julio Urkixo etorbidearen 7an dagoen geralekutik –Eroski txikiaren ondotik–. Bidaia autobusean egiteko ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide