Udal eta foru hauteskundeak 2023

Asier Altuna: "Herri eredu agortua daukagu Azkoitian"

Ane Olaizola - Maialen Etxaniz 2023ko mai. 23a, 10:30

Aurreneko aldiz aurkeztu da Asier Altuna (Azkoitia, 1974) alkategai izatera, EH Bilduren eskutik. Koalizioaren ustez, "paralisi egoeran" dago Azkoitia. Arau subsidiarioak berritzea ardatz izango du agintaldi berrian.

Aurrenekoz aurkeztu duzu zure burua alkategai izateko. Zergatik eman duzu pauso hori?

EH Bilduren proiektuaren parte sentitzen naiz. Duela hamabi urte legeztatu zen EH Bildu, oraindik oso gogoan dugu Auzitegi Gorenak legeztatu zuen gau hura. Hauteskunde kanpainara aurkeztu ahal izan genuen, eta handik hamabost egunetara, Azkoitian, 30 urteren ostean, EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen. Garai hartan El Salvarronen nengoen lanagatik, baina gogoratzen dut EAJri hegemonia kentzea itzela izan zela. Azken 12 urteetan, EH Bilduren nazioarteko lantaldean aritu naiz, eta han jasotako esperientziagatik, herrigintzan nire ekarpena egiteko intentzioarekin bueltatu naiz. 

Hautagaitzaren inguruan hainbat aukera genituen, eta taldean aztertu eta gero, erabaki genuen nire hautagaitza aurkeztea. Oso eskertuta nago taldean ikusi dudan ilusioarekin eta gogoarekin, baita aurreko agintalditik datozen Ainararekin [Goenaga] eta Iraitzekin [Otaño] ere, taldean jarraitzen dutelako. Hori guztia ikusita animatu nintzen urratsa egitera.  

Udal Gobernuan sartzen bazarete, zein izango dira Azkoitiko EH Bilduren lehentasunak?

Hausnarketa egin dugu azken hilabeteetan, eta horren ondorio nagusia izan da Azkoitia paralisi egoeran dagoela; herri eredu agortua daukagu, eta horrek eskatzen du Azkoitia berri bat diseinatzea hurrengo hamarkadetarako. 2000ko hamarkadaren erdialdean diseinatu zuten neoliberalismoan oinarritutako eredu hori, egun agortuta dagoena. Azken urteetako gertakariek erakutsi dute neoliberalismoa bera dagoela ezbaian, eta zentzu horretan, herri eredu horrek dituen gabezia guztiak azaleratu dira.

Zaharkituta geratu diren arau subsidiarioak ditugu, eta gure taldeak hori du abiapuntu. Herri planifikazio oso bat egin behar da, eta horretarako, herri antolaketa eredu bat. Horrek guztiak bere osotasunean hartuko ditu gure lau ardatzak: hirigintza, zaintza, ekologia eta kultura. Azken horren barruan sartu ditugu esparru desberdinak: kirola, euskara, gazteria… Horiek dira gure lau lan ildoak, baina beti ere plan orokorraren barruan gauzatuko ditugu. 

Zein dira herriak dituen arazo nagusienak?

Arazo asko nabarmendu ditugu. Azken urteak oso gogorrak izan dira COVID-19aren aferarekin, eta horrek gabezia asko azaleratu ditu; zaintzarena, esaterako: konfinamenduak zein ezarri diren politikek erakutsi dute oso zaurgarriak eta elkarren mendekoak garela. Uste dugu zaintza erdigunean jarri behar dela. Guretzat, egoerak gehien kolpatu dituenak adinekoak izan dira, eta San Jose egoitzako kasua ere esanguratsua izan da; mobilizazioak egin dira, ezagutu dugu hango langileak eta egoiliarrak zer baldintzatan dauden. Haien bizi baldintzak landu beharrekoak dira. 

Bestetik, herri eredu berri horretan, Alde Zaharraren biziberritzea planteatzen dugu, eta eta orain jakin dugun moduan Plaza Berdurarako dirulaguntzak iritsiko direnez, herri hausnarketa bat egin behar dugulakoan gaude, Alde Zaharra, plaza, Berdura Plaza eta bertako bizitza indartzeko, dendari txikiekin batera. Horiek dira lantzen ari garen bi ardatz nagusiak. 

Ekologiari dagokionez, erregai fosilen ordezkatze planifikatu bat dago, eta horri aurre egin behar zaio. Energia berriztagarrien alde egiten dugu; zentzu horretan, energia komunitatearen aldeko apustua egiten dugu, eta horrekin batera saiatuko gara eskualde mailako prozesu deliberatibo bat bultzatzen, hartu beharreko erabakiak herritarren parte hartzearekin hartzeko. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, bestalde, elikadura burujabetzaren gaia. Azpeitian ikusi dugu hango Berdura Plazan, baserritarren eta elikadura burujabetzaren artean egin duten lanketa, eta uste dugu badela jarraitu beharreko adibide bat, eta Azkoitiak ere aukerak badituela. Nekazaritza eta basogintza berri baten politika sustatuko dituen lur banku publiko baten aldeko apustua egiten dugu.

Kulturari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zaigu herri kultu bat izatea, kultura delako gu gizaki egiten gaituena. Herritarrekin hitz egin dugu, eta egiaztatu ahal izan dugu Azkoitian sormenerako izugarrizko gaitasuna dagoela, musikari, literaturari eta bestelako espresio artistikoei dagokienez. Hain zuzen, azpimarratuko nuke gure zerrendan dugun eta nazioartean idazle moduan finkatuta dagoen Koldo Camposi aipu berezi bat egin diola Kubako Casa de las Americasek bere azken sariketan. Izugarrizko sormena dago herrian, eta sormen hori bultzatu, lagundu eta aitortu egin behar da, eta horretarako bitartekoak jarri. Horiek dira gure lan ardatzak. 

San Jose egoitza eta energia trantsizioa aipatu dituzu. Hain zuzen ere, azken agintaldian oihartzun berezia izan dute Azkarateko hondakin guneak, San Jose egoitzaren kudeaketak eta Oletako Buruzai proiektuak. Nola kudeatuko dituzue gai horiek?

Azkarateko gaiak konfinamendu betean harrapatu gintuen, eta hura geratzea herriaren garaipena izan zen. EH Bilduk oso ekarpen garrantzitsua egin zuen, eta herriak lapiko jotzeekin-eta erakutsi zuen halako erabaki bat hartu aurretik informazio eta hausnarketa gehiago behar zela. Gu bat gatoz horrekin. Geuk ere prentsatik izan genuen proiektuaren berri, eta hori ez da modu egokia. Egia da dagoen zaborrari eta dugun sistema honek sortzen duen errefusari erantzun bat eman behar zaiola, baina plan orokor batean aztertuta behar da, eta ez etorri zen bezala, azalpenik eman gabe eta kasik inposizio moduan.

Oletari dagokionez, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu, baina horiek herriak onurak jasoko dituen energia berriztagarriak izan behar dute; herriarentzat zuzendutako politikekin emango da hori. Kasu honetan, Capital Energyk planteatzen duen proiektua transnazional baten interes hutsetan oinarritutakoa da, herritarrak kontutan hartzen ez dituena. Guk hori ez dugu babesten. 

San Jose egoitzaren inguruan, esan bezala, izurrian ikusi dugu adineko jendea izan dela gehien sufritu duena, eta San Jose egoitza horren erakusle izan da. Azken urteetan, mobilizazio ugari egon dira, eta gure nahia da, hasteko, hango langileen eta egoiliarren bizi baldintzak hobetzea. Bestalde, elikadura burujabetza politikak abian jartzen ditugunean, San Jose egoitzan ere jangela publikoa horni daitekeela uste dugu. Gure nahia ere bada egoitza herrira jaisteko irtenbide errealak bilatzea, aldundiarekin batera.

Zeintzuk dira koalizioak Azkoitirako dituen proiektu nagusiak?

Batetik, herria biziberritzea; plan ekonomikoa eta soziala garatzea. Bestetik, ekologiari dagokionez, energia komunitatea sortzea. Zaintza esparruan, berriz, asko kezkatzen gaitu gazteen artean ikusten garen arazo psiko-emozionalak, eta hor Durangoko adibidea dugu: han, halako arazoak dituztenei laguntzak ematen ari da udala; laguntza ekonomikoak, kasu. Aztertzeko moduko kasua da hori. Horrez gain, aipatuta bezala San Jose egoitza ere kontuan izango dugu. 

Kulturari dagokionez, sormena nahi dugu bultzatu. Duela lau urte ere aipatu genuen, eta azpimarratu nahi dugu Elkargunearen kontratua 2024an bukatuko dela, eta hark enpresa pribatuarekin ondo funtzionatu badu ere, publikoa izanda lehen adina ondo edo hobeto funtziona dezakeela uste dugu, jaso ditugun esperientzia ezberdinen arabera. Hori hurrengo urtean denez, hauteskundeen ondoren lehenengo urtea hartuko genuke udalean haren plan orokorra eta bideragarritasun plana egiteko; pribatutik publikora arteko urratsa emateko. 

Aipatutako hori guztia, ordea, ezin da egin herri antolaketa berria ez badago eta hamar urteko ikuspegiarekin landutako arauak ez badaude.

"Udalgintzan eta herrigintzan" lan egiteko prest dagoen taldea osatu duzuela esan zenuen zerrendaren aurkezpen egunean. Nolako taldea da?

EH Bilduk herri proiektu izateko anbizioarekin jaio zen, eta argi genuen horrek izan behar zuela gure lan filosofia; zerrenda osatzerakoan horrek zuzendu behar gintuela. Jende askorekin egon gara, eta guztiei nahi dizkiegu eskerrak eman, arrazoi ezberdinengatik baiezkoa eman dutenei zein ezetz esan digutenei. Ikusten ari gara badagoela halako desafekzio bat politikarekiko eta jende asko ari dela politikatik urruntzen. Horrek asko kezkatzen gaitu, eta zentzu horretan, emaitza ona izan dela esan dezaket, jakin dugulako gazteen eta helduen artean taldea osatzen. Lehen egin dudan bezala, Koldo Campos aipatu nahiko nuke, baita Arantxa Oñederra ere; asko eskertzen diet haiei beren konpromisoa hartu dutelako eta zerrendan joango direlako. Herriko eragile ezberdinetan lanean eta boluntario moduan ari den jendea ere badago zerrendan: kirol elkartetan, talde feministan… Horrek erakusten du EH Bildu herrian errotuta dagoela eta babes sozial handia duela. 

Zer balorazio egiten duzu azken agintaldiaz?

Izurriak asko eragin du, eta hein batean, agintaldi galdua izan da. Baina, era berean, argi dugu neoliberalismoa bizitzen ari den porrotak azaleratu duela krisi eta paralisi egoera, eredu hori inoiz baino gehiago dagoelako zalantzan. Balantzea egiteko orduan, guretzat paralisi hori agerikoa da, eta agintaldi galdua izan da, zentzu horretan. Uste dugu alkateari agintaldia luze egin zaiola. Dena den, gauzak ere egin dira, eta horri lotuta, azpimarratuko nuke Ingurugiro Mahaia sortu dela; tresna egokia izan daiteke aurrera jarraitzeko. 

Nola aurreikusten dituzu datozen udal hauteskundeak Azkoitiari dagokionean?

Aurreikuspen onak ditugu. Uste dugu Azkoitian, eskualdean, Gipuzkoan eta beste lurraldeetan oso emaitza onak lortuko ditugula. Anbizio osoa daukagu, eta irabazteko intentzioarekin aterako gara. Horretarako kanpaina egingo dugu, eta saiatuko gara herritarren konfiantza lortzen, 2011n bezala, EH Bildu udalera itzul dadin. Talde ona eta indartsua dugu, lanerako gogoa duena eta ideia freskoekin. Prest dagoen taldea dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide