Ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismo plana onartuko dute biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 23a, 09:52
Azkoitiko Udala, herriko plazatik. (Andoni Elduaien)

Hamalau puntuko eguneko zerrenda izango dute hizpide bihar udalean ordezkaritza duten lau udal taldeetako ordezkariek. Horien artean, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismo plana onartuko dute biharko udalbatzarrean.

Azkoitiko Udalak maiatzeko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian (19:00). Guztira, hamalau puntuko eguneko zerrenda izango dute hizketagai udalean ordezkaritza duten lau udal taldeek.

Aurreko bilkurako aktaren onespenaz galdetu ostean, Arau Subsidiarioen, Basarteko lursailaren xehetasun azterlanaren, eguneko zentroaren eta Udaltzaingoaren hautaketa prozeduraz eztabaidatuko dute batzarrean. Era berean, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren, San Jose egoitzaren eta Azkoitia Lantzen kontu orokorrak eta kontu kontsolidatuak izango dituzte hizketagai. Iruzurraren aurkako adierazpena onartuko dute, baita iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoen plana ere. Hona hemen biharko udalbatzarreko gai ordena:

  1. Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
  2. Azkoitiko Hiri Antolaketako Arau Subsidiarioen 5. aldaketaren behin betiko onespena.
  3. Azkoitiko Basarte 25. HE-ko 1 lursailaren Xehetasun Azterlanaren behin betiko onespena.
  4. Gipuzkoako Foru Aldundiari Burdinoleta 1 eta 2 zenbakian dauden bi ondare finken lagapena onartzea, eguneko zentroaren zerbitzuak emateko.
  5. Euskadiko Udaltzain kidegoetako oinarrizko eskalako Agente Lehena kategoriara igotzeko lehenengo hautaketa-prozedura kudeatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari kudeaketa materialaren gomendioa emateko hitzarmenaren onespena.
  6. 2022ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren Kontu Orokorren eta Kontu Kontsolidatuen onespena.
  7. Udal ondasun eta eskubideen Inbentarioaren onespena.
  8. Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  9. Iruzurraren aurkako Azkoitiko Udalaren Adierazpen Instituzionala onartzea.
  10. Azkoitiko Udaleko udal kargu publikoen etika eta gobernu onaren kodea onartzea.
  11. Azkoitiko Udalak berreskuratze, eraldaketa eta erresilientzia planaren kudeaketan iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoen plana onartzea.
  12. Behin betiko onespenen berri ematea.
  13. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  14. Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide