Hutsean berdindu du Anaitasunak Santurtzin

Andoni Elduaien 2023ko mai. 21a, 11:14
Txerloian jokatutako partida bateko irudia.(Anaitasuna)

Gorritxoen emakumeen lehen taldeak hasi bezala amaitu zuen partida Santurtzin, atzo. Datorren astean agurtuko dute denboraldia etxean, Lakua taldearen aurka.

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak hutsean berdindu zuen atzo, larunbata, Santurtziko (Bizkaia) Benjamin Martinez futbol zelaian. Mikel Barqueroren taldeak azken aurreko partida jokatu zuen atzo Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka, etxetik kanpoko azkena.

Partida hasi bezala amaitu zuten santurtziarrek eta gorritxoek. Partidaren une gehienetan Barqueroren taldeak izan zituen partidaren kontrola eta jokoaren ekimena, baina oso aukera gutxi sortu zituzten, etxekoen moduan. Anaitasunako emakumeak puntu bat batuta itzuli dira, beraz, Santurtzitik.

Denboraldia datorren asteburuan agurtuko dute Barquerorenek. Lakua taldea jasoko dute larunbatean, hilak 27, Txerloia futbol zelaian. 16:00etan jokatuko dute partida, eta sailkapenaren erditik gora amaitzeko aukera dutenez, horretan ahaleginduko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide