Ikuskizun ikusgarriarekin borobildu du ikastolak urteurren festa

Andoni Elduaien 2023ko mai. 21a, 10:34

Argi, musika eta dantza ikuskizuna eskaini zuen ikastolak atzo, bere 50. urteurrena ospatzeko. Gurea pilotalekua goraino bete zuten herritarrek. Amaieran, eskertza une hunkigarriak izan ziren frontoian.

Atzo, zapatua, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak 50. urteurreneko festa egin zuen. Arratsaldean zehar, puzgarriak eta eskulan tailerrak egin zituzten haurrentzat, eta iluntzean, trikipoteoa herriko kaleetan. Gauean, 22:00etan hasita, Xabier Munibe Ikastolaren historia txikia hara! ikuskizuna eskaini zuten Gurea pilotalekuan, eta frontoia goraino bete zen jaialdia ikusteko. Ikusleen artean egon ziren ikastolatik igarotako zenbait irakasle, besteak beste, hastapenetako Mari Karmen Zubiaurre eta Izaskun Alberdi.

Argi eta musika festa handia eskaini zuen ikastolak atzo. Ikastolaren sorreraz eta haren historia laburraz aritu ziren hastepenetan, bozgorailuetatik egindako kontakizuna jendaurreko koreografiekin uztartuz. Segidan hasi zen ikuskizuna; irrintzi oihuekin ekin zioten jaialdiari, eta orduan sartu ziren frontoira ikastolako zanpantzarrak, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Haien emanaldiarekin hasi zuten ikuskizuna.

Horien ondoren, aurkezleek saioaren nondik norakoak azaldu zituzten. Hain justu, ikastola barruko zenbait arlo nabarmendu zituzten dantzen, abestien, koreografien, danbor hotsen nahiz bestelako hamaika pasarte ikusgarrirekin. Habanera bertsoa, ikastolaren urteurreneko abestia eta bestelako hamaika kanta ezagunekin aritu ziren dantzan ikastolako lehengo eta egungo ikasleak.

Une hunkigarri asko izan ziren atzo, baina berezienen artean bat. Xabier Barquero aritu da urteurren festa koordinatzen, eta ikastolako komunitateak hark egindako lan guztia eskertu zuen. Halaber, Sorkunde Garatek, Barqueroren amak, bi bertso abestu zizkion semeari aurrez aurre, eta hark ere eskertza bera egin zion semeari. Hunkituta hartu zuen ezustekoa urteurrenaren koordinatzaileak. Ekitaldia atzoko parte hartzaile guztiek elkarrekin itxi zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide