Bigarren eskuko produktuen azoka ari da egiten Bizilore eskola Kontzejupen

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 12:36

Udaletxe azpiko pilotalekua zonaldeka banatu dute, eta besteak beste, helduentzako nahiz haurrentzako arropa eta materiala, jostailuak, liburuak, etxerako tresnak eta dekorazio produktuak aurkituko dituzte herritarrek.

Azkoitiko Bizilore eskola aktiboa bigarren eskuko produktuen azoka ari da egiten gaur, larunbata, Kontzejupen. Aurreneko aldiz ari dira egiten azoka ikastetxe horretako kideak. 10:00etan ireki dute herritarrentzat gunea, eta 19:30era bitartean egongo da zer ikusia eta zer erosia. Goizean goizetik herritar ugari dabil udaletxearen bueltan.

Udaletxe azpiko pilotalekua zonaldeka banatu dute, eta besteak beste, helduentzako nahiz haurrentzako arropa eta materiala, jostailuak, liburuak, etxerako tresnak eta dekorazio produktuak aurkituko dituzte herritarrek. Antolatzaileak, gainera, hainbat kategoriatan banatuta ari dira saltzen azokako produktuak, berrietatik hasi eta zaharragoetaraino.

Ikastetxeak talde barruan inguratu du azokarako materiala, baina hainbat herritarrek ere eman dizkiete gauzak hango kideei. Batutako dirua Biziloreren proiektua sostengatzeko erabiliko dute antolatzaileek. Izan ere, gogoratu dute proiektu autogestionatua dela Bizilorerena, eta halako egitasmoak baliatzen dituztela hura finantzatzeko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide