Herriartekoaren final laurdenetan dira Azkoitiko pilotariak eta palistak

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 12:33

Eskuzko pilotariek jokatutako hiru partidak irabazi zituzten atzo, ostirala, Gurea pilotalekuan. Gomazko palistek, berriz, bat eta bi galdu dute gaur goizean herriko frontoian, baina joaneko zein itzulerako partidetan tanto gehiago egin dituztenez, aurrera egin dute.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetara sailkatu da Azkoitia eskuzko eta gomazko paletako modalitateetan. Atzo, ostirala, kadeteetan, gazteetan eta nagusietan gailendu zitzaion eskuzko taldea Adunari. Gaur, zapatua, gomazko palisten txanda izan da, eta buruz buruko partida bakarrik irabazi badute ere, kanporaketa gainditu dute aldeko tanto kopuruagatik.

Eskuzko taldeak Adunan hiru partidak irabazita bideratu zuen final zortzirenetako kanporaketa. Atzo, taldeak nahikoa zuen partida bat irabaztea, baina jokatutako hiruretan nagusitu zen. Kadeteen mailan, Jon Arregik eta Denis Galarzak 22 eta 6 irabazi zuten, kantxan nagusitasun osoa erakutsita. Gazteen mailan, berriz, 22 eta 21 nagusitu ziren Oier Aldazabal eta Alex Juaristi. Amaiera aldera azkoitiarrek tartea zabaldu bazuten ere, 21na berdindu zuten adunarrek, eta azkenean, haiek galdutako pilota batek erabaki zuen lehia herritarren aldera. Nagusietan, Mikel Aranbarrik eta Aitor Azkoitiak 22 eta 9 menderatu zituzten adunarrak. Parekatuta hasi zuten dema, baina Aranbarri eta Azkoitia goitik behera nagusitu ziren gerora, partida aise irabaziz. Guztira, sei eta huts irabazi dute kanporaketa azkoitiarrek.

Final laurdenetan Oiartzun iazko txapeldunarekin neurtu beharko dituzte indarrak herriko pilotariek. Joaneko partida Oiartzunen bertan jokatuko dute azkoitiarrek.

Bestalde, gaur jokatu dute gomazko palistek Gurean. Joan den asteburuan, bat eta bi irabazi zuten azkoitiarrek Debako Aldats frontoian, eta hori horrela, partida bat irabaztea edota kanporaketa osoan debarrek baino tanto gehiago egitea nahikoa zuten gaur. Hain justu, bigarrena jazo da: Iker Epeldek 20 eta 5 irabazi du buruz buruz kantxa osoan jokatu duen partidan, eta Aitor Juaristik eta Oier Epeldek 7 eta 20 galdu dute binakakoan. Final zortzirenetako kanporaketa zazpi koadroren barruko partidak erabaki du. Oier Beitiak 11 eta 20 galdu du, baina beharrezko tanto kopurua eginda –sei tanto egitea nahikoa zuen taldea final laurdenetara sailkatzeko–, hurrengo kanporaketara eraman du taldea.

Final laurdenetan, Zarautz-Donostia kanporaketako irabazlea izango dute arerio, eta joanekoa Azkoitiko Gurean jokatuko dute datorren asteburuan.

Hona hemen bi modalitateko txapelketen taula osoak:

Eskuzko txapelketaren taula:

Gomazko paletako txapelketaren taula:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide