Eskertuta agurtu du Juaristi ISBk Urrezko LEB Liga

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 09:49
Alebin mailako jokalariak gizonen taldeko kideei bufanda jartzen. (Argazkiak: Mikel 'Otola')

Juaristi ISBk estu hartu zuen Movistar Estudiantes lehen hiru laurdenetan. Azken laurdenean ihes egin zuten markagailuan madrildarrek. Partida amaitu eta gero, ekitaldi xumea egin zuen klubak. Zaleek taldeari eta taldeak zaleari, elkar txalo egin zioten.

Atzo, ostirala, agurtu zuen Juaristi ISBk Urrezko LEB Liga. Movistar Estudiantes taldearen aurka neurtu zituzten indarrak Mikel Odriozolaren mutilek, eta 63 eta 82 galdu zuten. Azkoiti-Azpeitiko taldeak ezin izan zuen mailaren agurrean garaipena lortu. Esku hutsik, baina zaleen beroa nahiz maitasuna jasota esan zioten agur otsoek Urrezko LEB Ligari.

Odriozolak zuzentzen duen taldeak bi laurden irabazi zizkion Madrilgo saskibaloi talde handiari, baina galdu zituen zatietan nabarmen nagusitu zen Estudiantes. Hiruko lerrotik ehuneko ona lortu zuten madrildarrek, eta hori garaipena eskuratzeko gakoa izan zen haientzat. ISBk arazoak sortu zizkion Estudiantesi defentsan, eta bereziki, defentsako errebotean.

16 eta 10 itxi zuten lehen laurdena otsoek, bederatzina berdinduta joan ostean. Bigarren laurdenari ere gogor ekin zioten Odriozolarenek, baina hiruko lerrotik asmatuta, lehia berdintzeko eta aurre hartzeko gai izan zen Estudiantes. Juaristi ISBk lan ona egiten jarraitzen zuen erasoko errebotean, eta hala sufriarazi zuen kanpoko taldea. Sei puntu atzetik joan zen atsedenaldira ISB (27 eta 33).

Aldageletatik bueltan, madrildarrek markagailuko zuloa ireki zuten, baina hiruko lerrotik asmatu egin zuten etxekoek, eta azken laurdena jokatu aurretik, puntu bakar batera arrimatu zen Odriozolaren taldea (52-53). Guztia airean zela ekin zioten azken laurdenari, eta ISBk aurrea hartzea ere lortu zuen. Dena den, hasierako saskiratze hura izan taldea aurretik jartzeko balio izan zuen bakarra; izan ere, ordutik aurrera goitik behera nagusitu zen Movistar Estudiantes. Madrildarrek azken laurdenean erakutsi zuten mailarik onena, eta azkenean, markagailuan asko urrunduta lortu zuten partida irabaztea.

Agur beroa

Juaristi ISBk Urrezko LEB Ligako azken partida jokatu zuen atzo, bere zaleen aurrean. Txalo artean hartu zituzten jarraitzaileek jokalariak nahiz talde teknikoko kide guztiak, eta haiek, kantxatik, itzuli zieten esker ona. Atzokoa "elkar txalotzeko eguna" izatea nahi zuen ISBk, eta hala izan zen. Behin partida amaituta, aurrena, alebin mailako mutilei aitortza egin zien klubak. Hain zuzen, haiek jarri zizkieten Juaristi ISBko kide guztiei urre koloreko bufandak lepoan, harrobiaren eta lehen taldearen arteko katea irudikatuz.

Ekitaldia amaitzeko, Odriozola entrenatzaileak eta Ibon Guridi taldeko kapitainak hartu zuten hitza kantxatik. Entrenatzaileak zaleei eskerrak eman zizkien, "une guztian haien babesa" jaso dutela adieraziz. Guridik, berriz, haientzat "urrea zaleak" direla adierazi zuen. Era berean, kapitainak nabarmendu zuen "dauden mailan daudela, zaleek gozatzea" nahi dutela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide