Urola ibaiaren tindaketa "ez da kaltegarria" Azkoitiko Udalaren arabera

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 19a, 15:06
Urola ibaia, gaur eguerdian. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Urola ibaiko kolore berdea Altuna y Uria enpresa CIE Automotive konpainiarentzat exekutatzen ari den entseguetan erabilitako fluoreszeinak eragin du. "Substantziak berde kolorea sortzen du, koloratzailea ez-toxikoa izan arren. Ez du inolako ingurumen-inpakturik", adierazi du erakundeak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, gaur eguerdian Urola ibaian izandako tindaketak ez du kalterik eragingo, isuritako substantzia "toxikoa ez delako eta inertea delako". Erakundeak ohar bidez adierazi du Urola ibaiko kolore berdea Altuna y Uria enpresa CIE Automotive konpainiarentzat exekutatzen ari den obretan egiten ari den "entsegu batzuek" eragin dutela. "Enpresak proba batzuk egiteko fluoreszeina sodikoa bota du. Substantziak berde kolorea sortzen du, koloratzailea ez-toxikoa izan arren. Ez du inolako ingurumen-inpakturik. Ihesak detektatzeko eta jariakorren joan-etorriak ikusteko erabiltzen den substantzia da. Kasu honetan, obra barruko euri-uren norabidea ezagutzeko bota dute fluoreszeina", adierazi du udalak. Dena den, erakundeak jakinarazi du Udaltzaingoak martxan jarri duela "dagokion jarduera-protokoloa", eta "kasuan kasuko erakundeen esku" jarri duela informazioa.

Herritarrei ere zuzendu da udala; izan ere, herrian sortu den kezka ikusita, "lasaitasun mezua" eman nahi izan du erakundeak: "Udalak lasaitasun mezu bat helarazi nahi du, normala delako ezustekoa eta asaldura sortzea, baina zorionez efektu bisual batean geratu da dena. Edonola ere, udalak ikerketa amaieraraino eramango du, horrelako gertakariak ezin direlako arinki hartu".

Azkoitiko Udalaren arabera, Udaltzaingoak 12:37an jaso du tindaketaren gaineko abisua, eta 14:25erako ibaia bere onera etorri da.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide