Udal eta foru hauteskundeak 2023

PSE-EEko hautagaiak arrosak banatzen arituko dira gaur arratsaldean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 19a, 09:11
Janire Igoa zerrendaburua arrosak banatzen arituko da arratsaldean. (Andoni Elduaien)

18:00etan Julio Urkixo kalean alderdiak duen egoitzatik abiatuta, herrian zehar ibiliko dira arrosak banatzen Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEren alkategaia eta alderdi sozialistako beste zenbait hautagai.

Gaur, ostirala, Azkoitiko PSE-EEk hauteskunde kanpainako ekitaldia egingo du herrian. 18:00etan Julio Urkixo etorbidean duten egoitzatik abiatuta, herrian zehar ibiliko dira arrosak banatzen. Banaketa horretan parte hartuko du Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko alkategaiak.

Dena den, alderdi sozialistaren Azkoitiko zerrendaburua ez da bakarrik arituko arrosa banatzen. Herriko zerrendako beste hainbat kide izango ditu bidelagun, baita Gipuzkoako erakundeetarako alderdiko beste zenbait hautagai ere. Hain zuzen, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkate ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Donostialdeko barrutiko hautagaia; Arritxu Marañon batzarkide ohia eta Zumaiako hautagaia; Guillermo Etxenike Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea; Maria Jesus Egido Berrobiko hautagaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia, eta Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua nahiz Batzar Nagusietarako Bidasoa-Oiartzun barrutik zerrendaburua.

EAJ eta EH Bildu ere, kalean

Azkoitiko PSE-EE ez da kalera aterako den alderdi bakarra izango. EAJko hautagaiak ere kalean izango dira gaur arratsaldean; eliz atarian egongo dira 18:00etatik 19:30era bitartean, programari buruzko azalpenak ematen eta zalantzak nahiz proposamenak argitzen. Bihar, larunbata, 12:00etatik 13:30era bitartean egongo dira.

Azkoitiko EH Bildu, bestalde, bihar aterako da kalera. 10:00etatik aurrera, koalizioren zerrendako hautagaiak Kale Nagusian ibiliko dira programa banatzen eta herritarren kezkak nahiz zalantzak argitzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide