Juaristi ISBk Estudiantesen aurka agurtuko du Urrezko LEB Liga, bihar

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 09:33
Nathan Hoover Juaristi ISBren saskiratzailea. (Mikel 'Otola')

Azpeitiko kiroldegian, 21:00etan, jokatuko du Juaristi ISBk Movistar Estudiantes taldearen aurka. Maila galdu izana "ez da tragedia" Azkoiti-Azpeitiko klubarentzat. Iraurgiren oinarriaz hitz egiteko eta egoeraz hausnartzeko, klubaren bueltako zenbait kidek "bilera sakona" egin dute.

Juaristi ISBk joan den astean Urrezko LEB Liga galdu zuen, Lleidan (Katalunia) 91 eta 78 galdu ostean. Jose Luis Zubizarreta Xubi ISBko koordinatzaile nagusiak azaldu du "kolpea" jaso dutela, baina "klubari baino gehiago pertsonei" eragin diela. "Jakitun gara aurrekontu txikiena duen taldea izan dela Juaristi ISB, eta, era berean, guztientzat gu izan garela maila galtzeko lehen hautagaia".

Xubiren arabera, "bolada batean nahiko garbi" egon zen taldea mailaz jaitsiko zela, baina «"eguna ahalik eta beranduen irits zedin" saiatu dira. "Iaz, azken jardunaldian eutsi genion mailari; aurten, azken-aurreko jardunaldian jaitsi gara. Zapatua gogorra izan zen, baina horrelakoa da kirola. Klubean ez dago inolako traumarik, eta guztia beste ikuspuntu batetik hartuta, azalpenak ulertu egiten dira".

Maila jaitsiera zerk eragin duen galdetuta, Xubik esan du aurrekontua eta bi fitxaketekin ez asmatu izana direla gakoak. "Aurrekontuarekin asmatu egin behar izaten da jokalariak fitxatzen. Aurrekontu handia izanda, ez da beti asmatzen, eta txikiarekin, oso zaila da asmatzea". Boskoteko bi postuetako fitxaketekin "huts" egin duela sentitzen du hark: joko antolatzailearekin eta pibotarekin. "Huts horiek asko eragin zuten taldean. Denboraldiaren amaieran talde lehiakorra eduki dugu; amaierako taldea hasieratik eduki izan bagenu, ez ginatekeen inondik inora jaitsiko".

Geroa aztertzen

Gizonen nahiz emakumeen taldeek galdu dute maila aurten, eta kluba datorren denboraldira begira jarri da dagoeneko. Dena den, Xubirentzat "egoerak berbera" izaten jarraitzen du ISBn, bai mailari, bai proiektuari dagokionez. "Gure asmoa da proiektu mistoa edukitzea; ahalik eta etxeko jende gehien izanda, taldeko hutsuneak betetzea. Proiektuari dagokionean, berriz, ez dugu ezer aldatu. Maila galduta, ordea, etxeko zenbait jokalari galtzeko arriskua egongo da".

Horren aurrean, klubaren oinarriaz hitz egiteko eta egoeraz hausnartzeko, klubaren bueltako zenbait kidek "bilera sakona" egin berri dutela jakinarazi du hark. "60 bat lagun elkartu ginen Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, eta etxeko jokalaririk gabe maila hauetan ibiltzeak merezi al duen hausnartu genuen. Merezi baldin badu, kirol organigrama berri baten beharra dagoela nabarmendu genuen, eta zuzendaritza berri batekin guztia berritu behar dela, lantaldeka antolatuta. Erabaki zen, baldin eta aurrekontuak ematen baldin badu, egungo bidetik segitzea. ISBn ezinezkoa izango da klubetik kanpoko jendez osatutako taldea izatea. Proiektu bezala, ez du zentzurik horrek".

Mailari agurra, bihar

Gizonen taldeak Movistar Estudiantes taldearen aurka agurtuko du Urrezko LEB Liga bihar, Azpeitiko kiroldegian (21:00). "Taldea txalo zaparrada batekin agurtzea nahi dugu. Ordea, guretzat jokalari onena publikoa izan da aurten, eta haiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Elkar eskertzeko eguna izan dadin nahi dugu; izan ere, gertatu dena ez da tragedia bat". Zilarrezko LEB Ligan arituko dira datorren sasoian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide