Igor Zubeldiak 2029ra arte berritu du kontratua Realarekin

Andoni Elduaien 2023ko mai. 17a, 10:51
Igor Zubeldia Realeko futbol jokalari azkoitiarra. (Reala)

2028-29 denboraldia amaitu arte sinatu du kontratu berria Realeko futbol jokalari azkoitiarrak. "Oso pozik eta eskertuta" agertu da hura klubak beragan jarri duen konfiantzagatik. Realeko jokalarien artean kontratu luzeena duen jokalaria da orain Zubeldia. Taldekide guztiek bezala, Txapeldunen Ligara sailkatzea du helburu txuri-urdinak.

Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrak Realean jarraituko du 2028-29 denboraldia amaitu arte. Realak duela minutu gutxi eman du kontratu berriztearen berri, eta azaldu du azkoitiarrak "familia txuri-urdin osoaren bihotza irabazi" duela. "Konpromisoarekin eta kemenarekin, partidaz partida ikasiz, erreferente izan arte", nabarmendu du Donostiako klubak.

Bestalde, Zubeldiari egindako elkarrizketa argitaratu du Realak sare sozialetan, eta azkoitiarrak han azaldu du "oso pozik eta eskertuta" sentitzen dela klubak beragan jarri duen konfiantzagatik. "Eskerrak eman nahi dizkiot entrenatzaileari, bere lantaldeari, Zubietan egunerokotasunean gurekin lan egiten duten guztiei, eta nola ez, nire taldekideei: azken horiek gabe hau guztia ez zen posible izango". Futbol jokalari azkoitiarrak nabarmendu du denboraldi honetan "mahai gainean kolpe handi bat" eman duela, eta horren ondorioz iritsi zaiola beretzat "saria" dena.

Azkoitiarrak azaldu du lehen taldearekin debuta egin zuenetik hona "izugarrizko jauzia" egin duela klubak. "Prozesu horren partaide sentitzen naiz, eta bide hori bizi ahal izan dudala esan dezaket. Zubietan jokalari izaten erakusteaz gain, pertsona bezala hazten erakusten digute. Nik ditudan balio asko bertan jasotakoak dira eta oso eskertuta nago".

Txapeldunen Liga jomugan

Zubeldiak azpimarratu du kluba egiten ari dena "handia" dela. Txapeldunen Ligara sailkatu nahi dute txuri-urdinek. "Askotan ez gara ohartzen edo ez diogu baliorik ematen lau urtez jarraian Europa League txapelketara sailkatzeak zer zailtasun duen. Aurten, gure eskuetan dugu sari handiagoa, eta beti gehiago nahi izaten denez, geratzen diren lau partidetan sari handi horren bila joango gara; gure indar guztiekin borrokatuko dugu", azaldu du azkoitiarrak.

Zubeldiak adierazi du ametsik handiena "Realarekin titulu bat bereganatzea" izan dela; hark, ordea, gehiago nahi du. "Nahi dut beste titulu bat gure zaletu guztien aurrean lortzea. Aurten egiten ari garen denboraldia eta gero, Txapeldunen Ligara sailkatzea eta Realarekin partida handi horiek jokatzea nahi dut".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide