Bigarren eskuko produktuen azoka prestatu du aurrenekoz Bizilorek

Ane Olaizola 2023ko mai. 17a, 14:33

Azkoitiko ikastetxeak larunbaterako prestatu du azoka, eta herritarrek askotariko produktuz osatutako "aukera zabala" topatuko dute Kontzejupe pilotalekuan.

Azkoitiko Bizilore eskola aktiboak aurreneko aldiz bigarren eskuko azoka prestatu du larunbaterako. Kontzejupe pilotalekuan atonduko du azoka ikastetxeak, eta hara bertaratzen direnek askotariko produktuak aurkituko dituzte 10:00etatik 19:30era bitartean.

Bizilorek ikastetxearentzat dirua lortzeko helburuarekin antolatu du bigarren eskuko azoka estreinakoz, herritarrentzat ere "egitasmo polita" izan daitekeelakoan. Horretarako, Kontzejupe osoa hartu eta zonaldeka banatuko dute udaletxe azpian dagoen pilotalekua: "Eremu batean, helduentzako arropa izango da, eta bestean, umeentzakoa. Horrez gain, jostailuek, liburuek, etxerako tresnek eta dekorazio produktuek zonalde bana izango dute", azaldu du Olatz Zeberio Biziloreko gurasoetako batek, antolatzaile taldearen izenean. Haren esanetan, "eskaintza zabala" topatuko dute herritarrek, eta «bete-betea» izango da zapatuko azoka: "Askotariko gauzak izango dira, egunerokoan erabiltzen ditugunak. Esaterako, umeentzat produktu ugari salduko ditugu, hala nola sehaskak, jostailuak, bizikletak, patinak, ume-kotxeak eta autorako aulkiak". 

Antolatzaileek, gainera, hainbat kategoriatan banatuta salduko dituzte azokako produktuak, berrietatik hasi eta zaharragoetaraino: "Merkatuko produktuez gain, lehenengo eskuko gauzatxo batzuk ere izango ditugu. Horrez gain, beherapen handiarekin salduko ditugu beste hainbat produktu: esaterako, euro batean oinetako pare bat". 

Bizilorek azaldu du "material ugari" bildu dutela, eta horrenbestez, azoka "ederra" izango dela larunbatekoa. Ikastetxeak talde barruan inguratu du azokarako materiala, baina hainbat herritarrek ere eman dizkiete gauzak hango kideei: "Berdura Plazan ari gara bilketa lana egiten, eta jendeak galdetu digu ea beraiek ere utz zezaketen zerbait. Beraz, herritarren gauza batzuk ere jasotzen ari gara", esan du Zeberiok. Haren arabera, espero baino material gehiago bildu dute, eta antolatzaileak pozik dira zentzu horretan. 

Batutako dirua Biziloreren proiektua sostengatzeko erabiliko dute antolatzaileek. Izan ere, gogoratu dute proiektu autogestionatua dela Bizilorerena, eta halako egitasmoak baliatzen dituztela hura finantzatzeko. 

Lehen azokaren atarian, herritar guztiak gonbidatu dituzte hara bertaratzera, eta adierazi dute egitasmoak jarraipena izan dezan nahi dutela. "Urtean bitan egitea da gure asmoa; bata, negu inguruan, eta bestea, udaberrian". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide