Historiarako urteurren festa

Andoni Elduaien 2023ko mai. 19a, 08:57
50. urteurreneko ekintzak antolatzen aritu diren taldeko kideak, Azkoitiko plazan. (Xabier Munibe Ikastola)

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak 50. urteurrena borobiltzeko festa egingo du bihar. Izatez, joan den larunbatean ziren ekitaldia egitekoa, baina eguraldi iragarpenak tarteko, atzeratu egin zuten. Gaueko ekitaldi nagusia herriko plazan egitea aurreikusten bazuten ere, azkenean Gurea pilotalekuan egingo dute. Musika eta dantza oinarri dituen ikuskizuna eskainiko dute han.

Astebete atzeratuta bada ere, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak 50. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko eguna ospatuko du bihar, larunbata. Eguraldi iragarpenak tarteko, festa bertan behera utzi zuen ikastolak joan den astean. Bihar, ordea, ez da aitzakiarik izango, eta arratsaldetik gauerdira bitartean askotariko ekintzak gauzatuko dituzte herrian zehar.

16:00etatik 20:00etara, puzgarriak eta eskulan tailerra egingo dituzte; HHko eta LHko haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte ikastolako atarian, eta herriko plazako arkupetan eskulan tailerrak egiteko mahaiak. 19:00etan, berriz, trikipoteoa egingo dute Elkargunetik abiatuta. Gauean egingo dute eguneko hitzordu nagusia, eta Azkoitiko Ikastolaren historia txikia hara! ikuskizuna eskainiko dute Gurea pilotalekuan, 22:00etan hasita. Jaialdia plazan egin nahi bazuten ere, eguraldiak festa frontoira lekualdatzera behartu ditu antolatzaileak. "Musikaz, dantzaz eta kolorez betetako ikuskizuna" ikusi ahal izango dute gonbidapena eskuratu duten herritarrek.

Talde bat aritu da 50. urteurreneko ekitaldi guztiak antolatzen. Hain justu, 2019. urtean hasi zen ikastolaren mende erdia ospatu ahal izateko talde bat elkartzen. "Hasiera batean, bi ekintza sinple antolatzea zen asmoa, baina tiraka hasi ginen, eta egun bihurtu dena sortu dugu", diote antolatzaileek. Talde horretako ordezkariek azaldu dute "garbi" zutela "zerbait berezia" egin nahi zutela. "Zenbaki biribila eta potoloa da 50. urteurrenarena; egin beharra genuen. Egitasmoak ikastolaren hastapenak izan ditu oinarrian, baita jendearen parte hartzea ere. Horrez gain, ezinbestekoa izan da adin desberdinetako jendearen arteko elkarrekintza; aberasgarria izan da".

Biharko ikuskizunean "500 bat lagunek" parte hartuko dute, eta "gustura" daude lortu duten emaitzarekin; izan ere, hasieran zaila izango zela uste zuten jende kopurua bildu dute. "Pertsona guztiak talde txikietan antolatu ditugu. Talde bakoitzak independenteki egin du lan, eta gero, koordinazio talde bat eratu dugu, taldekako lana bateratzeko. Gaur egun, zaila da horrelako jendetza mugitzea, eta oso pozik gaude lortutakoarekin". Halako ekitaldi bat abiatu eta boluntarioekin aurrera eramateko, "jende onaz inguratzea" izan da gakoa. "Koordinazio taldea eta taldeetako buruak izan dira guztiaren giltza. Horiek guztiek lagundu digute dena prestatzen".

Antolatzaileek diote biharkoa 50. urteurrenaren "proiektuaren amaiera" izango dela. Hori horrela, antolatzaile taldeko kideek nabarmendu dute "eskertze emanaldia" izatea nahi dutela. "Urte hauetan guztietan ikastolan lan egin duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Ikastolaren historia zatiak ezagutzeko aukera ere egongo da, nahiz eta garbi izan askoz ere istorio gehiago daudela, ezagunak eta ezezagunak".

Hilaren 7an egin zuten ikuskizunaren entsegu orokorra herriko plaza nagusian, eta eskainiko duten ikuskizunaren zenbait zertzelada ikusi ahal izan zituzten han bildu ziren herritarrek. Dantza eta musika izango ditu oinarri ekitaldiak. Antolatzaileek diote bidean zenbait "zailtasunekin topo" egin dutela, eta horiei aurre egitea egin zaiela zailena. "Pandemiak eragindako geldialdiari buelta ematea kostatu egin zaigu, baina, era berean, lagungarria izan da zentzu askotan. Buruan genituen ideia asko birplanteatu ditugu, eta bertsio hobea sortu dugu". Egunerako ordu gutxiren faltan, antolatzaileak azken prestaketa lanak gauzatzen ari dira. "Urduritasuna nabaritzen da taldean. Eguraldiari begira gaude; ea aldekoa izaten den".

Bihar gaueko ekitaldian parte hartuko duten zenbait lagun, plazan egindako entseguan. (Xabier Munibe)

Ekitaldi nagusitik harago

50. urteurreneko ekintzak biharko ikuskizunetik harago zabaldu ditu Xabier Munibe Ikastolak. Maxixatzen komunikabidean ikastolaren historiarekin lotura izan duten lagunen elkarrizketak argitaratu dituzte, esaterako. "Garrantzitsua zen guretzat ikastolako pertsona esanguratsuen testigantzak jasotzea; horrela ahalbidetu dugu transmisioa eta dokumentazioa". Horrez gain, urteurreneko abestia eta ikastolaren Habanera grabatu dituzte ikastolaren komunitateko zenbait kideren laguntzarekin; halaber, kontzertu bat ere eskaini zuten Baztartxon. Bestalde, 2.500 argazki baino gehiago digitalizatu dituzte, "dokumentazioan lagunduz". Gero, gainera, erakusketa egin dute Portaleburu aretoan digitalizatutako argazki sorta horretako hainbat irudirekin. Antolatzaileen esanetan, «jende ugari» igaro zen erakusketatik.

50. urteurreneko ospakizun nagusiaren atarian, antolatzaileek "eskerrak" eman dizkiete urte hauetan guztietan ikastolan lan egin duten irakasleei, ikasleei, gurasoei nahiz kolaboratzaileei. "Une gogorrei aurre eginez eta euskaltzaleen erara, imajinatu gabeko lekura heldu gara. Orain arteko bidetik, luzaroan segi dezala guztiok osatzen dugun familia handi honek".

Plazan egindako entseguko irudietako bat. (Xabier Munibe)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide